Txepe Lara. Zinema ekoizlea

«36ko gerrako irabazleek jarraitzen dute botere militarrean eta juridikoan»

Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen Larak, zineman egindako ibilbidearen aitortza gisa. Haren ustez, «euskal idiosinkrasian» badago zerbait euskal sortzaileak istorioak irudiekin kontatzera eramaten dituena.

urtzi urkizu
Donostia
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal politikagintzarekin eta euskal zinemarekin lotura estua izan du Jose Maria Txepe Larak (Madril, 1948). Alemanian bizi zela, ETAn sartu zen. ETApm-ko kide izan zen, eta Nafarroako EE sortzeko lanean aritu zen. Euskal Herriko film askoren ekoizlea izan da —besteak beste, Urte ilunak, Aupa, Etxebeste!, Zigortzaileak eta Arriya—.

Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zenuenean, esan zenuen ETApm-k dirua jarri zuela Segoviako ihesa filmarentzat. Nola izan zen hori?

Dirua Luis Suñer enpresariaren bahiketatik zetorren. 1981ean bahitu genuen, su-etena zegoen garaian. Erakunde armatuek askotan jarri izan dute dirua kultur proiektuetan. Dokumental txikiago batentzat ETAk dirua eman zen urte batzuk lehenago. ETAko kide batzuen ihesa izaki, erakundeak filmerako dirua jartzea erabaki zuen. Baina pasatu ziguten Suñerren dirua markatua zegoen.

Billeteak markatuta egote horrek ekarri al zuen ezustekorik?

Erakundeko kide bat 10 milioi pezetarekin [60.000 euro] joan zen Tolosako [Okzitania] banku batera, liberatan aldatzera. Berehala atxilotu zuten, bankariak abisua eman baitzion Poliziari.

Segoviako ihesa-k zer garrantzi izan zuen Euskal Herriko zinemaren zabalkundean?

Zinema egin nahi zuen jendeari ahalbidetu zion Eusko Jaurlaritzari eskatzea bide bat egiteko, eta azaltzea bazegoela non inbertitu. Anjel Amigok Ramon Labaien zenarekin [Jaurlaritzako Kultura sailburu zen orduan] hitz egin zuen, eta ideia batzuk sortu ziren. Handik urtebetera edo bi urtera, laguntzak ematen hasi zen Jaurlaritza.

Hamaseigarrenean aidanez eta Zergatik Panpox euskarazko filmetan lan egin zenuen.

Anjel Amigoren ideia izan zen hiru film egitea euskarazko eleberrietan oinarrituta. Madrilgo teknikariak etortzen ziren lanera, baina modu bat izan zen Euskal Herriko teknikariak zineman lanean hasteko.

Sektoreko jendeak dio funtsezkoa izan zinela Euskal Herrian teknikarien talde bat osatzeko.

ETApm-ko kide nintzen 1980ko hamarkadaren hasieran. 1982an desegin zen ETApm, baina niri ez zidaten utzi Espainiara itzultzen 1984ra arte. Oviedoko [Espainia] banku bat lapurtu izana leporatzen zidaten. Epaitegira joan, esan beharrekoa esaten zenuen, eta aurrera. Euskadiko Ezkerrak Iruñera bidali ninduen, Nafarroako EE antolatzeko. Eta, gero, Amigoren ingurukoek zineman lan egiteko aukera eman zidaten kamerari laguntzaile gisa. Ekoizten ere hasi nintzen, Nafarroako Gobernuak laguntzak ematen zizkigun. Eta talde tekniko bat osatu genuen. Era berean, Hego Euskal Herriko teknikarien elkartea sortu genuen 1985 inguruan. Gure lanpostuak defendatu behar genituen.

Zergatik erabaki zenuen hamarkada bat lehenago ETAn sartzea?

17 urte nituela, aitak Alemaniara bidali ninduen lanera. Baina handik bolada batera, egoera nahiko zailean nintzen, lan txarrak egiten. Manifestazioetara joaten eta ezkerreko mugimenduetako jendearekin harremanak izaten hasi nintzen. Carrero Blancoren atentatuaren ostean, Espainiako Gobernuak Salvador Puig Antic mendeku gisa hiltzeak kolpatu egin ninduen. Alberto Mendiguren laguna ETAn zegoen, eta haren bitartez sartu nintzen. Sabin Atxalandabaso erakundeko nazioarteko arduraduna Alemaniara etorri zen batean, toki batera eta bestera ibili ginen, eta bat-batean konturatu nintzen: «Aiba, ni euskalduna naiz! Aita Bilbokoa da eta ama Nafarroakoa!». Gero, Donibane Lohizunera [Lapurdi] joan, eta han harreman sendoagoa izan nuen erakundearekin.

Mikel Lejarza Espainiako zerbitzu sekretuetako agentea ETAn infiltratu zen. Ezagutu zenuen.

1975. urtea zen, eta Madrilen geunden. Pertur etorri zen, eta Montxo Reboiras UPG talde galiziarreko militantearekin harremanetan jarri ginen. Mikel Lejarza El Lobo etorri zen Madrilera, eta esan zigun ez zeukala non lo egin; non geunden jakin nahi zuen, noski. Plastifikatzaile bat erosi ostean, auto batean gindoazen, ikusi genuen poliziak atzetik genituela, korrika hasi eta banandu egin ginen: Josu Mujika Aiestaran kidea hil egin zuten tiroketan, Lejarza ezkutatu egin zen, eta ni atxilotu egin ninduten. Carabanchelgo espetxera eraman ninduten. Hamahiru hilabete egin nituen bertan.

Politikoki aktibo jarraitu duzu. Baina Euskadiko Ezkerra noiz utzi zenuen?

PSOEk bereganatu zuenean. Sentitu nuen EEren barnean gero eta jende gehiago zegoela PSOEren ingurukoa. Jendea infiltratzen joan ziren, eta bozketa irabazi zuten. Erdiak sakabanatuta gelditu ginen. Hasieran, Euskal Ezkerra alderdian gelditu nintzen, baina horrek ez zuen ezer iraun. Zineman jarraitu nuen, horrenbestez.

Julia Juaniz zure bikotekideak ere Zinemira saria jaso zuen, duela bi urte. Nola hasi zen zinema munduan?

Juliaren ahizpa ezagutzen nuen, eta esan zidan Londresen zegoela baina zinema munduan egin nahi zuela lan. La monja Alférez filmean, kamera laguntzaile gisa ari nintzen ni. Grabaketako lehen egunean, Donostiako San Sebastian hotelean, Julia Javier Agirre zuzendariarengana joan zen lan egin nahi zuela eskatuz, eta zuzendariaren laguntzaile jarri zuten.

Ekoitzi zenuen lehen film luzeetako bat Urte ilunak izan zen.

Aurretik, 1990ean El anónimo… ¡vaya papelón! filma ekoitzi nuen eta diru bat jarri nuen. Urte ilunak filmari dagokionez, Arantza Lazkanok proposatu zidan bere gidoia mugitzeko. Gustukoa izan zen, eta aurrera atera zen. Euskaraz eta gaztelaniaz grabatu zen.

Ondoren, urte asko pasatu ziren euskarazko pelikularik egin gabe. Aupa, Etxebeste! arte.

Film labur batzuk egiten ziren euskaraz, baina ez gehiegi. Telmo Esnalen eta Asier Altunaren lehen film laburrak nik ekoitzi nituen. Aupa, Etxebeste! egiteko mugitzen ibili ziren, baina azkenean nik ekoitzi nuen.

Euskaraz film luze bat ikusteko egarria zegoen 2005ean, ezta?

Bai, normalena da herri batek bere hizkuntzan ekoiztea. Parte batean, behintzat. Euskal Herria oso garrantzitsua izan da eskulturaren munduan. Eta irudiarekin bada zerbait: euskal idiosinkrasian badago zerbait eragiten duena sortzaileek irudiekin istorioak kontatzea. Euskal Herrian jaiotako zinemagile asko atera dira. Victor Erize bizkaitarra hor dago, adibidez, erdi ahaztuta.

Telmo Esnal eta Asier Altuna hazten ikusi dituzu. Harro?

Inbidia sentitzen dut, haiek gauzak egiten ari direlako eta neu ez [barreak]. Iaz, Moriartikoen Handia filmak hamar Goya sari irabazi zituen, eta horietatik zortzi nirekin hasi ziren lanean. Horrelako gauzak pozgarriak dira.

Dokumental asko ere ekoitzi dituzu. Zer behar da dokumental on bat ekoizteko?

Denbora, dirua eta istorio on bat izatea. Mercedes Alvarezekin, adibidez, labur bat ekoitzi nuen. Gero, Bartzelonara joan zen: Pompeu Fabra Unibertsitatearen bitartez, eta mugitu nuelako, El cielo gira egiteko aukera egon zen. Julia Juanizek montaketan egin zuen lanari esker gelditu zen hain ondo. Montaketa funtsezkoa da pelikula batean.

Jendaurrean ez duzu euskaraz hitz egiten. Baina ulertzen duzu?

Nahiko ondo ulertzen dut hizkuntza, baina hitz egin, ez; ume batek bezala hitz egin dezaket. Hizkuntza bat menperatzeko hitz egin beharra dago, eta ni Madrilen bizi naiz. Euskara ikasten Carabanchelen hasi nintzen, Josu Zabaletarekin; gero, Josu Muguruza izan nuen euskara irakasle.

Zinemaldiko diskurtsoan preso politikoak aipatu zenituen. Zer diozu Espainiako Gobernuak presoekiko duen jokabideaz?

Kataluniako buruzagi independentistak eta Altsasuko [Nafarroa] gazteak kartzelan sartzeak ez du inolako zentzurik. Espainiak duen arazoa da gerra bat sortzea erabaki zutela: estatu kolpe bat eman zuten 1936an, gerra irabazi zuten, 40 urtez nahi zutena egin zuten, eta Franco hil ostean ere hor jarraitu dute. Horiek jarraitzen dute botere militarrean eta juridikoan. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia aberrazio hutsa da. Espainiako Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionala ere aberrazioa dira. Epaileek iraultza bat egiten ez duten bitartean, izorratu egingo gaituzte.

Frankismoaren aurka borrokatu zinen. Borroka armatuaz zer hausnarketa egiten duzu?

Ni istorio batean sartu nintzen, jende bat zegoelako frankismoaren aurkako borrokan. Erregimen totalitario eta faxista baten aurka, askatasunik gabe. Diktadura horrek lotsa asko ditu motxiletan, isiltzeko. Iraultza ez genuen lortu, baina euskal herriak oso harro egon behar du frankismoan eta trantsizioan egin zuen borrokaz. Geroago miliekin etorri zena beste kontu bat izan zen, eta berenari aurre egin behar diote.

Etxe kaleratze baten inguruko film labur batean ari zara lanean.

Haur baten istorioa kontatzen du. Haren urtebetetzea da. Etxera doala, jende asko ikusiko du, pankartak eta guzti. Amarengana iristen denean, haurrak uste du festa bat dela, eta esaten du: «Hara, zein ongi, kanpin dendarekin goaz!». Urtarrilerako amaituko dugu. Edonola ere: 700 euroko pentsio bat daukat, eta zorrak ordaindu behar ditut. Ezin naiz geldi geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.