Jaione Apalategi. NUPeko irakaslea eta Oteiza fundazioko lehendakaria

«Pedagogiak independentzia lortzen ez badu, ez dugu sekula aurreratuko»

Apalategik uste du eskolaren eraketak pedagogoen eta ikerlarien esku egon beharko lukeela. Jorge Oteiza fundazioan aurrekoen lekukoa hartu duela azaldu du.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ahobizi txapa golkoan ireki du Iruñeko Magnolioen eraikineko bulegoko atea Jaione Apalategi Nafarroako Unibertsitate Publikoko Didaktika eta Eskola Erakuntza irakasleak (Ataun, Gipuzkoa, 1956). Hezkuntzaz eta euskaraz ari dira paretan itsatsiak dituen artikuluak; arteak badu tokirik ere. Gai horiei buruz izan da solasaldia, baita Oteiza fundazioaz ere, urtarrilean izendatu baitzuten bertako lehendakari.

Ataundarra zara, baina Nafarroan denbora asko daramazu. Lan kontuengatik etorri zinen?

Ataundarra alde guztietatik naiz, mendez mende. Unibertsitate aurreko urtea egitera etorri nintzen. Ordura arte Iruñera sekula etorri gabea, bertan gelditu nintzen. Medikuntza ikastea zen nire aukera, Opuseko unibertsitatean sarrerakoa egin nuen, baina ez ninduten hartu. Beraz, Bilbora joan nintzen pedagogia ikastera, Deustuko Unibertsitatera.

Medikuntzak badu oraindik tokirik zure bizitzan?

Gogoko dut, baina ez naiz sekula damutu hartutako erabakiaz. Egia esan, ez nekien zer zen pedagogia. Norbaitek proposatu zidan, eta interesatu nintzen. Oso gustura aritu naiz. Patua izan da.

Iruñeko Irakasle Eskolan hasi zinen lanean. Nolakoa izan zen hasiera hura?

1982an bukatu nituen ikasketak, eta lehenengo lana Sakanako [Nafarroa] zortzi ikastolen zuzendaritza eramatea izan zen. Lantokia Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan nuen. Haurdun nengoela, Iruñeko Irakasle Eskolara joateko aukera izan nuen. Harrigarria izan zen hasiera. Pedagogiaren barruan nire espezializazioa izan dira ikastetxeen eraketa eta zuzendaritza.

Hasieratik euskaraz?

Euskarazko taldean aritu nintzen, nahiz eta gaztelaniaz eman behar izan nituen bi edo hiru urtetan. Baina, euskaraz aritzeko sartu nintzen, eta hori zen nire asmoa eta gogoa. Zortzi ikaslerekin hasi ginen, hurrengo urtean hamar, hamaika, hamabost... Gaur egun 70 ditugu lehenengo mailan. Oparo-oparo hezkuntzarekin zer ikusia duten gradu ikasketetan, hauek bi hizkuntzetan egin daitezkeelako oso-osorik.

NUPeko lehenbiziko plaza elebiduna lortu zenuen.

Doktoretza tesia 1994an irakurri nuen, eta ondoren oposizioa etorri zen lehenengo plaza elebiduna izateko: gaztelaniaz eta euskaraz. Ez zen batere gozoa izan, hiru helegite jarri zizkiotelako. Lankide batek jarri zituen, bazuen posizio bat, ezaguna zen. Geroztik ez da egon modu horretako ofizialtasuneko plazarik. Badaude euskarazko irakasle asko, eta gero badaude, sarbiderako eskatu ez bazaie ere, euskaldunak direnak. Baina euskarazko soslai garbia duen beste plazarik ez da atera. Jurisprudentzia ezarri zen, eta askoz gehiago egin zitekeen.

NUPen beti aritu zara euskara sustatzen eta defendatzen, baita ardura postuetatik ere. Nolakoa izan da lan hori?

Euskalduna naiz, eta euskara ezinbestean bizitzarako hizkuntza izatea nahi dut. Hori izan da nire konpromiso pertsonala eta intelektuala. Gaur egun NUPen hezkuntza alorrean euskarak akademikoki duen tokia ez da izan egun batetik besterako kontua. Tokatu zait zuzendaritzan egotea, dekano izatea... eta ez dugu [euskara] aparteko gauza bat bezala erabili: joaten zen joan behar ziren gaien artean hori ere. Gogo bat izan da itsuari laguntzeko ikus zezaten [euskara] ez zela batzuen gauza bat, baizik eta denona. Ezin da apartheid bat egin, ezin da batzuen gustuko eta besteen gorrotozko zerbait izan.

Lan horrek eman du fruiturik?

Nik uste asko egin dugula askoren artean. Asko lasaitu da egoera edozein bilkura edo foro akademikoetan, bai irakasleen aldetik eta bai administrazio eta zerbitzuetako langileen aldetik.

Hala ere, asko dago egiteko NUPen? Asko du euskarari eta euskaraz emateko?

Dudarik gabe badu egiteko, baina EHUk ere asko dauka egiteko, eta hori aitortzen zaionik euskarari ofizialtasuna autonomia erkidegoaren lurralde osoan. Euskal Herriko lurralde bakoitzak baditu bere aniztasuna eta hezkuntza premia bereziak, eta tratamendu berezi batzuen beharra, baina bata bestea gabe ez gara ezer. Osagarriak gara erabat. Ipar Euskal Herriak alor askotan lezio asko eman diezazkiguke, eta beste batzuetan bat ere ez. Eta alderantziz. Hegoaldeko unibertsitateak espainiar estatuko unibertsitateak dira, legedi horretatik sortuak eta baimenduak daude, eta araudi horren barruan egin behar dute lan. Beraz, hor egiten ditugun lorpen guztiak handiak dira. Ez hor gelditzeko, noski.

Oraingo errektoretza badirudi ez dagoela euskararen kontra, hala azaltzen du bere burua, baina, hala ere, hankamotz geratu ohi da. Zer iritzi duzu?

Euskara alor guzti-guztietan egoteko gogoeta hori egin behar da, eta, behintzat, oraingo errektoretza horren kontra ez dago. Agian, ez dira hurbildu euskarara; beraz, asko dugu egiteko, baina horrelako pertsonen artean gauzak egiten jarraitzen ahal dugu.

Gaur egun NUPek funtziona lezake euskaraz?

Posible da funtzionatzea? Ez dut inongo dudarik. Baina, oraintxe bertan, hori ezinezkoa da. Baina ezta Donostian edo Baionan ere.

Zer urrats egin beharko lirateke euskarari dagokionez?

Bakoitzak gure ahotan, ekintzetan eta pentsamenduan eraman behar dugu tokatzen zaigun tokira. Guk ikusten dugu zer falta zaio euskara falta duenari, baina euskara falta duenak ez du horrela bizi, uste du ez zaiola deus falta. Hor giza eta gizarte alderdietatik egin behar dira gogoetak berritu. Hiru hankako aulkia da: bat errealitatea. Denek ez dute ezagutzen osotasunean, eta zati batetik ez dago osoaz hitz egiterik. Bigarrenik, legedia. Eta errealitatea eta legea orekatzeko beti dago pentsamendua, ikerketa, azterketa...

Hezkuntza beti ezbaian dagoen gaia da. Zergatik gertatzen da?

II. Mundu Gerraren ondoren, gobernuek gaur egun ezagutzen ditugun hezkuntza sistemak bere egin zituzten. Adituak egon behar dira hezkuntzan eta hezkuntzak aurreikusi behar ditu gizarte baten errealitate konplexu horren beharrak. Medikuntzan bezala. Gripearen txertoa edo COVID-19arena egongo balitz bakarrikagintaritza politikoen esku, ez litzateke batere fidagarria izango. Hezkuntza egin behar da despolitizatu. Gaur egun irakaslea ikastetxe batean kokatzen dugu, eta horrek ondorioa du formakuntzan.

Antolakuntzaz ez, eskolaren eraketaz hitz egiten duzu zuk. Zein da aldea?

Eratu behar den zerbait askoz ere libreagoa da, egin gabeko zerbait egiteko kontzeptu gisa dut. Antolatu, badirudi beste batzuek eratutakoa antolatu behar dela.

Horren inguruan aritu zara. Zein izan da lan hori?

Nire ahalegina zen gaia ez tratatzea irakaslearen lanbidetik, ikasleari zuzendutako ikuspegitik, baizik eta eraketatik: zer antolatzen da eta funtzionarazten da? Nork baimendu du ikastetxe hauek sortzea eta modu honetakoak izatea? Zeinek erabaki du curriculuma eta araudia? Hori izan da nire lana, ikustea noiztik hitz egin dezakegun eraketaz eta haren eraginaz ikastetxegintzan. Unibertsitate eta ikerketa zentroetara eramanda, oso gutxik egiten dute, gobernuak arduratzen direlako. Pedagogiak independentzia lortzen ez duen bitartean ez dugu sekula aurreratuko. Eskandinaviako hezkuntza sistemak hain deigarriak dira, eta ondorio onak dituzte, eta konturatzen gara gobernuen esku hartzea oso txikia dela, batik bat diruz hornitzea, baina bertan ari direnek hezkuntzan adituen benetako lan jarraitu bat egiten dute.

Euskal curriculuma aldarrikatzen da, baina Espainiaren eta Frantziaren muga dago, ezta?

Ez daukagu hezkuntza sistema euskaldunik. Irakaslea lanean hasterako prestatu da, jaso du ikasketa plan bat, eta guk ere unibertsitateetan ez dugu irakasten iruditzen zaiguna, baizik eta agintzen digutena. Antzeko gauzak agintzen dira Oregonen edo Lisboan, onartuta dagoelako halako lanbidek behar duela halako formakuntza, baina formakuntza ez da gauza neutro bat, hor kultura bat dago, eta kulturak egiten du modu batera gogoetatzea, ikastea, eta horrekin zuk zure saiakerak egitea edo ez. Orduan, hor hutsuneak dauzkagu.

Hasieratik zara Oteiza patronatuko kide, eta urtarrilean fundazioko lehendakari izendatu zintuzten. Nola hartu duzu kargua? Zer espero duzu?

Lekuko bat hartu dut. Talde lana da hau, baina egia da aldian aldiko kargu batzuek ekartzen dutela zeregin batzuk. Zeregin horiek ilusio handiz hartu ditut, baina jarraitutasunez betetako ilusioa da. Egoerak markatu diguna markatu badigu ere, erronkak hor daude, eta horiek lantzeko eta garatzeko tresna eta gogoeta egiteko bide ezberdinak jarri dira. Ezberdintasunak ekartzen ditu ohitura berriak eta dedikazio handiagoa, baina ez dut ikusten orain arte gauza bat eta hemendik aurrera beste bat denik.

Zein dira patronatuaren erronka nagusiak?

Oraintxe hiru erronka nagusi ditu, ekintzei edo proiektuei begiratuz. Lehenengoa, Oteiza erakustea Hego Amerikan, bera bizitzen egon zen lurraldeetan. Oteiza Ameriketara itzultzen da du izena erakusketak, eta oraingoz badago halako lankidetza bat Txilerekin, Kolonbiarekin eta Argentinarekin. Bigarren erronka da Oteizaren hitzaren katalogoa. Hori lauzpabost urteko lana izango da. Hirugarrena litzateke Oteizaren izena eramango lukeen master bat diseinatzea eta planifikatzea. Master propio bat izango da, haren obra eta pentsamendua jasoko duena.

Museoetan ez ezik, unibertsitatean ere egon behar delako?

Oteizak bere esperimentazioa eta ikerketa egin zuen, baina ikerketa gaiak unibertsalak dira. Uste dugu unibertsitatea dela belaunaldiz belaunaldi horrelako artista baten pentsamendua eta obra eskaintzeko agertokia.

Patronatuan buruhauste handiak izan zenituzten. Dagoeneko urak bare daude, ezta?

Bai, askoz ere bareago. Fundazioa bideratuta dago betidanik izan behar zituen eginkizunetara. Ez dago halako adar politiko-ideologikorik, boterea duelako edo indar faktiko eta formal batzuk dituelako, [Oteizaren lana] gutxiesten edo txikitzen duena. Hau, zorionez, gertatu zen Rafael Moneo lehendakaritzan sartu zenetik, eta hala jarraitzen dugu.

1990eko eta 2000ko hamarkada haietan gatazka handiak izan ziren patronatuan. Perspektibarekin, nola ikusten dituzu orduan bizitakoak?

Gertatutakoek erantzuna izan zutelako, gauza ona izan zen. Jorge Oteizak Nafarroako herriari eman zion bere ondare artistiko guztiaren jabetza, eta jabetza hori kudeatzeko patronatu bat sortu zen. Gehiegi iraun zuten hasierako garai zail haietan urei eusten aritu ginen dikea hautsi ez zedin, jakinda ia beste ezer ezin zela egin. Hori gelditzea zegokion lekuan. Garbi ikusten da bazirudiela beste plan batzuk zeudela hori ezerezean edo garatzen ez uzteko. Gure ahalegina da hori bizi-bizirik edukitzea, eta bere ekarpen hori ere hor presente egon dadila kulturan hortik atera daitezkeelako irtenbideak edo tresnak erronka berrietarako. Sekulako altxorra dugu, eta umezurtz jarraitzen dugu. Nola da posible?

Nola liteke horrelako ondare bat izanda gutxietsi nahi izatea?

Hori garai guztietan... Hartzen duzu Goethe edo Schiller, edo Rousseau eta Voltaire... Sormena eta pentsamendua ez da neutroa, sortzen da elementu batzuetatik, eta horien alde edo kontra egon zaitezke. Batik bat pertsona batek egiten duen hura ez badu egiten munduko hiritar moduan, egiten badu tokian tokiko pertsona moduan, inplikatuz gertatzen ari denarekin, iritzi bat edukiz eta bere egiteko horrekin adieraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.