Koronabirusa

Osakidetzak deituko die gripearen txertoa jarri behar dutenei

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du asteartean hasiko direla gripearen aurkako txertoa jartzen arrisku taldeetako kideei: 65 urtetik gorakoei; diabetesa edo biriketako, bihotzeko edo gibeleko gaitz kronikoren bat daukatenei; eta haurdun daudenei. Sagarduik azaldu duenez, aurreko urteetan ez bezala, Osakidetzak deituko die ordua emateko. Azpimarratu du Osakidetzako langileen eta herritarren segurtasuna bermatu nahi dutelaneurri horren bidez: «Arrisku handiko taldekoak bagara, Osakidetzatik ordua emateko deitu arte itxaron behar dugu; ez dago presarik, ez dugu osasun zentrora joan behar». Talde horretakoa izan baina urriaren 31 baino lehen deirik jaso ezean Osakidetzara deitzeko eskatu du.

Gaixotasun kronikoak dituztenek ez ezik, egoitzetako pertsonek, osasun langileek eta gainerako herritarrek ere izango dute txertatzeko aukera. Sagarduiren hitzetan, osasun langileei eta egoitzetakoei jada txertoa jartzen hasita daude; gainerako herritarrek, berriz, urriaren 31tik aurrera izango dute horretarako aukera. Guztira 558.000 dosi dituztela esan du, iaz baino heren bat gehiago, eta bi milioi euroko inbertsioa egin dute. Txertaketa kanpainak sei aste iraungodu, baina luzatzeko asmoa erakutsi dute, «hala behar izanez gero».

COVID-19ak ere utziko du arrastoa. Txertoa jartzeko, 300 leku ipiniko dituzte, eta horietako ehun Osakidetzak orain arte erabili ohi ez dituenak dira: frontoiak, karpak...

Sagarduik gripearen aurkako txertoa hartzeko eskatu die herritarrei: «Beti izan da garrantzitsua txertoa hartzea, baina, aurtengo leloak dioen bezala, aurten, inoiz ez bezala, gripetik alde egin». Batez ere, arrisku taldeetakoei mintzatu zaie: «Txerto honekin, kutsatzea ekidin dezakegu kasu askotan, eta, beste batzuetan, gaixotasunaren intentsitatea murriztea lortuko dugu, arazo handiagoak izatea saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.