Klase borroka abiapuntu duen 'Parasite' filma nagusi Cannesen

Faboritoetako bat zen Bong Joon-Ho zuzendariaren lan hori. Epaimahaiaren Sari Nagusia 'Atlantique' filmak irabazi du

Joon-Ho, atzo, Urrezko Palma jaso berritan. IAN LANGSDON / EFE.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Arima beltza duen komedia bat. Horrela definitu dute kritikari batzuek Bong Joon-Ho Hego Koreako zuzendariaren Parasite filma. Aitak, amak, semeak eta alabak osatutako bi familia. Aberatsak batzuk, eta pobreak besteak. Ikasketarik ez izan arren, familia pobreko semea aberatseko alabaren ingeleseko irakasle lanetan hasiko da, eta pixkanaka familiako gainerako kideei ere lortuko die lana etxe horretan bertan. Hortik aurrera, familia eta klase borrokak, gizakiaren ankerkeriaren tamaina eta beste hainbat gai landu ditu filmak. Urrezko Palma irabazteko hautagai nagusietako bat zen; beraz, ezin esan epaimahaiak ezusteko erabakia hartu duenik, nahiz eta saria hartzera igo denean zuzendariak berak aitortu duen ez zuela espero halakorik. Euskal Herrian ez da arrotza Joon-Ho; besteak beste, Zuzendari Onenaren Zilarezko maskorra irabazi zuen Zinemaldian, 2003an.

Cannesko zinema jaialdian, Epaimahaiaren Sari Nagusia izaten da garaikurrik garrantzitsuenetan bigarrena, eta Mari Diop senegaldarrak zuzendutako Atlantique filmarentzat izan da. Hain zuzen, sail ofizialean lehiatu den lehen emakume beltza izan da, eta aipagarri da lehen film luzea zuela Atlantique. 1990eko hamarkadan dago girotuta, eta Espainiara joateagatik bizia arriskuan jartzen duten gazte senegaldar batzuei buruzkoa da.

Gizonezko aktorerik onenaren saria Antonio Banderasek lortu du, Dolor y Gloria-n egindako lanagatik. Epaimahaiak haren izena esan duenean, filmaren lantaldeak sentipen gazi-gozoa izan du; izan ere, jaialdiko araudiaren arabera, horrek esan nahi zuen Dolor y Gloria-k ezingo zuela Urrezko Palma irabazi, eta, Parasite filmarekin batera, Pedro Almodovarrek zuzendutako lan hori zen kinieletan gehien aipatzen zenetako bat. Banderasentzat, ordea, orain arte irabazitako saririk garrantzitsuena da Canneskoa. Emakumezko aktore onenaren garaikurra, berriz, Emily Beechamek lortu du (Little Joe). Beste sari garrantzitsuenetako bat, zuzendari onenarena, Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiek jaso dute,Le Jeune Ahmed filmarengatik.

21 filmek parte hartu dute sail ofizialean, eta epaimahaiak Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarra izan du buru. «Bizi ditugun garaiotan, demokrazia galtzen ari den garaiotan, erabaki hau erabat demokratikoa izan da; elkarrekin hartu dugu, eta aho batezkoa izan da erabat», nabarmendu du.

Gainerakoan, antolakuntzaren eta Netflixen arteko akordio falta izan da aurten ere Cannesko zinema jaialdian gehien aipatu diren kontuetako bat, aurten ere kanpoan geratu baitira plataforman estreinatuko filmak. Eta gatazka horrek badu garaile nagusi bat: Veneziako zinemaldia. Iaz han estreinatu zuten Alfonso Cuaronen Roma, eta baliteke hura izatea Martin Scorseseren The Irishman azken lana estreinatzeko aukeratutako plaza ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.