KRITIKA. Donostiako 55. Jazzaldia

Bizirik gaudelako

Chano Dominguez Trio, herenegun, Trinitate plazan. GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Colina, Carmona, Serrano, Barrueta; eta Chano Dominguez Trio

Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 22a.

Kontzertu bat! Zeremonia bat, agian. Musikari batzuk taula gainean doinuak jotzen, euren trebeziak azaltzen; agian, euren arimen sekretuak azalarazten. Hor bertan. Zuzenean. Trinitateko plazan dugun horri, kontzertuaren edo errituaren ideiari berari, plus bat ematen dio pandemia garai honek.

Aurten, 2020an, Veinte veinte proiektua aurkeztu dute Javier Colina kontrabaxu jotzaile nafarrak; Josemi Carmonak, Carmona klaneko gitarra jotzaile flamenko bikainak; Antonio Serranok, ahoko-soinua goratuz, tresna konplexua dela eta baliabide handiak dituela erakusten duen musikari bikainak; eta Borja Barrueta bateria jole bilbotarrak, erritmoaren plazer amaiezina erakusten maisu denak. Carmonak aldarrikatu du kontzertua merezi dugula bizirik gaudelako. Asko gozatu dugu bere doinuekin, eta eskaintzen digun plazera biderkatzen du isolamenduaren aurkako sendabidea den musikak. Erritu lasaia, gozoa eta erritmikoa zabaldu da sortu duten zeru atseginean, Jazzaldiaren zeruan, Trinitateko plazaren zeruan, kaioak hegan egiten duten zeru honetan.

Colinak Iparragirre zale amorratua dela erakutsi, eta 1855ean sortutako Nere amak baleki abestiaren doinuak hartuta, joko ederra baino ederragoa egin du. Keinu bat baino ez da izan, baina maiz, keinuak oso adierazgarriak izaten dira.

Boleroak, flamenkoa, eta Carmonaren Alegría de vivir doinu berria ezagutzeko parada ere izan da, eta Antonio Serranoren ahoko-soinuaren doinu ikaragarriak sartu gaitu erritmo jazz-eroetan; izan da doinu brasildarrik ere, tartean, choro cariocarren bat.

Ederra izan da Barrueta jaunaren laguntza proiektua aurrera eramateko; ondo baino hobeto lagundu du laukotearen lana zeru partikular batera eramaten. Ezin da ahaztu, 2016ko BBK Jazz Sarietan Euskal musikaririk onena izendatu zutela Barru.

Sariduna eta bere pianoa

Chano Dominguezek saioa hasi aurretik jaso du Jazzaldiko saria, eta harrotasunez jaso duela aitortu du. Cadiztarra askotan ikusi dugu jaialdian. Oraingoan, hirukote soil batekin etorri da, eta ez du gehiago behar izan bere abilezia eta jakinduria erakusteko. Asko du esateko, eta estilo ezberdinetan aise mugitzen da. Hasi aurretik, Bill Evansen eragina duela aitortu du. Jazz latinoaren erreferentea da, eta jazz-flamenkoaren piano jotzaile esanguratsuenetakoa. Aise mugitzen da flamenkoaren adarretatik, txikitatik ezagutzen baititu estilo horren zirrikituak. Kaleidoskopio musikal bihurtzen du bere pianoa; bebopetik, Kubako erritmo modernoetan murgiltzen da, eta beti etxean jotzen duen horietakoa da, estilo guztietan etxean bezala dagoen horietakoa. Hatz zehatz eta arinak ditu, digitazio ikusgarria, erritmo ikaragarriaren jabe da, eta akordeak arpegiatzen hasten denean airean eramaten zaitu, jira-bira hori noiz amaituko den ez dakizula: doinu zoragarriak, magikoak sortzen ditu. Erritmo latinoetan murgiltzen denean, akordeak indar handiz astintzen ditu, kolpe erabat zehatzekin.

Horacio Fumero kontrabaxu jotzaileak laguntzen dio, eta hark egin dio sarrera Chanok pandemian sortutako doinu berriari, Limbo izenez bataiatu duenari; itxialdia profitatu du Chanok balada ederra sortzeko. Fumero ere eskarmentu handiko musikaria da; argentinarra jatorriz, Katalunian bizi da orain, eta Gato Barbieri zein Tete Montoliu handiekin jo izan du. Kontrabaxuarekin trebea da, eta maisua estilo latinoan.

Kontzertu zoragarria izan da, musukoa daramagula ahantzarazi diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.