Argazkilaritza

Sormena, gozamenerako baliagarri

Pedro Ajuriagerrari ustekabean piztu zitzaion argazkilaritzaren inguruko interesa. Hamar urte inguru daramatza argazkilari lanetan, nahiz eta harentzat zaletasun bat izan. Sari eta merezimendu asko jaso ditu nazioartean.

Pedro Ajuriagerra argazkilariak kirolarekin eta arkitekturarekin lotutako argazkiak egiten ditu gehienbat. PEDRO AJURIAGUERRA.
Nagore Arin.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Duela hamar urte inguru piztu zitzaion Muskizko (Bizkaia) Pedro Ajuriagerrari argazkilaritzarekiko grina eta interesa, ustekabean. «Ez dut inoiz loturarik izan argazkilaritzarekin, ez da erakarri nauen mundu bat», dio. Orain, ordea, argazkilaria da: hamar urte daramatza hara eta hona, munduan bidaiatzen eta gustuko dituen lekuei, eraikinei eta egoerei argazkiak ateratzen. Ibilbide horretan, sari eta merezimendu asko jaso ditu nazioartean. Hala ere, hobby bat dela nabarmendu du.

Askotariko argazkiak atera ditu urteotan, hala kirol argazkilaritzari lotuak, nola arkitekturari lotuak. Beste hainbeste arlotako irudiak ere egin ditu, baina, dioenez, horiek biak dira gustukoen dituen esparruak. Hain justu, kirol argazkilaritzari lotuta egin zituen lehen pausoak: «Nire zenbait argazki ezagun egin ahala, aukera berriak sortu zitzaizkidan. Esaterako, boxeo ekitaldietara joaten hasi nintzen, eta momentu horiek kamerarekin harrapatzen. Izugarri gustatu zitzaizkien argazkiok, eta, apurka, nire bidea egiten hasi nintzen». Dioenez, kirol jardueretan «momentua harrapatzea» da inportanteena. Hala ere, sortzaile izaten ere ahalegintzen dela nabarmendu du: «Une zehatza islatu behar duzu, baina sortzaile izateari utzi gabe. Erronka moduan ikusten dut: ez da bakarrik mundu guztiak harrapa dezakeen hori atzematea, baizik sortzailea izatea eta beste zerbait eskaintzen saiatzea».

Kirolari lotutako argazkiekin hasi zen, baina arkitekturari lotutako irudiekin egin zuen jauzi nazioartera: «Arkitekturari lotutako argazkien hasi nintzen parte hartzen nazioarteko lehiaketetan; horietako zenbaitetan sariak eta aipamen bereziak jaso nituen. Sinestezina izan zen». 2016. urtea izan zen, nagusiki, sari asko jasotzen hasi zen garaia. Adibidez, Kuwaiten jaso zuen sari bat aipatu du: «Milaka eta milaka argazkiren artean nirea hautatu zuten, eta lehenengo bosten artean geratu nintzen». Argazkilariaren arabera, «ikaragarria» izan zen esperientzia hura: «Mundu osoko argazkilariekin egon nintzen. 'Zer egiten dut nik hemen?', pentsatu nuen. Bilboko itsasadarrean ateratako igerilari batzuen argazki batekin irabazi nuen; airetik aterata zegoela zirudien. Gustatu egin zitzaien, berezia iruditu zitzaien».

Sortzeko beharra

Ajuriagerraren esanetan, «sortzea» da bere irrikarik eta zirrararik handiena. «Argazki bat egin eta amaitzen duzunean, iristen da une bat non argazki horrek balioa galtzen duen; jada ez du hasieran zuen xarma berbera, dagoeneko dastatu duzulako. Horregatik gustatzen zait gehien sortzea». Sortze prozesu horretan «desberdina» izaten ahalegintzen da: «Zerbait desberdina egiten saiatzen zara, eta, dinamika horretan sartzen zarenean, sortu beharra sentitzen duzu. Ni ez nau inoiz artearen munduak erakarri, eta, orain, etengabe sentitzen dut sormen hori elikatzeko beharra».

Adierazi duenez, lehiaketa horietan parte hartzeak gauza askotarako balio izan dio: «Sariketa horiei esker, eboluzionatu egin dut argazkilari gisa; sormena garatzeko balio izan dit, eta pertsona eta argazkilari gisa hazi egin naiz. Ate asko ere ireki dizkit, eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut». Baina, ibilbide horretan asko ikasi duen arren, hasieran kosta egin zitzaion erritmoa hartzea: «Lotsatia naiz; ez nukeen esango joan naizen leku guztietara joateko gai izango nintzenik, baina argazkiak atera ahal izateak bidaiatzea ahalbidetu dit, eta leku berriak ezagutu ditut. Duela hamar urteko Pedro ez zatekeen inoiz leku horietara joango; argazkiak ateratzeak alderdi horiek garatzeko aukera eman dit». Hala, pasioa da, haren iritziz, aurrera eginarazi diona: «Argazkilaritza bizitzeko dudan grina da, agian, nire bertuterik handiena, eta horri esker aurkitu dut nire lekua mundu horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.