Arrauna. Kontxako Bandera

Izerdiz eta sentipenez zipriztindua

Eli Pescadorrek eta Ander Zabalak ibilbide luzea egin dute arraunean. Urte askoren ostean, lehendabiziko Kontxa irabazi dute. Biek esan dute lortutakoarekin «gozatzen» ari direla: «Halakoak ez dira egunero irabazten».

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Arraunaren izate behinena irudikatzen dute Eli Pescador Uraldek (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) eta Ander Zabala Artetxek (Santurtzi, Bizkaia, 1992). Eskarmentu handiko bi arraunlari dira, gaztetatik eskuak lakartuta eta ipurdiak haragi bizitan izan dituztenak, makina bat bandera eskuratutakoak eta, akaso, gehiago galdutakoak. Onak... baina Kontxako Bandera sekula astindu gabeak.

Herenegungo egunkarian idatz zitekeen paragrafo hori. Gaurkorako zaharkitua geratu da. «Onak, baina Kontxakoa astindu gabeak». Makina bat arraunlariren belarrietan daga kolpe batek adina min egiten duen esaldi horrek ez du balio Pescadorrentzat eta Zabalarentzat, beren ibilbideko lehen Kontxako Bandera eskuratu baitzuten igandean.

Esanahi handiko bi lorpen izan dira. Pescadorrek bere izena Donostia Arraun Lagunak taldearenarekin batera idatzi du tostako arraunketaren goia jo dutenen artean. Zabala bere jaioterriari, Santurtziri, loria itzuli dietenen artean dago. 36 urtez itxaron dute.

Kontxako Bandera. Sentipen zurrunbilo handia sortzen duten bi hitz dira. Pescador hamabi aldiz aritu da 2009az geroztik. Aldi guztietan sailkatze estropadan, eta, batzuetan, baita jardunaldi erabakigarrietan ere. Horrek ulertarazten du igandeaz geroztik sentitzen duen poza: «Estropada bukatzean, pasatutako urte guztiak etorri zitzaizkidan gogora. Maite ditudanekin oroitu nintzen, beti hor egon direnekin, eta izugarria izan zen».

Arraun Lagunak izan da iraileko lehen bi igandeetako trainerurik onena, bi estropadak irabazita. Nagusi izan dira, eta lorpen hori nabarmendu du Pescadorrek: «Asko kostatzen da Kontxa irabaztea, eta jende askok ez du lortzen. Horrekin ere gogoratzen naiz. Bandera bakoitza asko baloratu behar da; horrelako bandera seinalatua bada, are gehiago».

Irabazi baino gehiago galtzen baita arraunean, eta horren inguruan zerbait badaki Pescadorrek: 2013, 2015, 2016 eta 2017. urteetan, bigarren postua eskuratu zuen Hibaikarekin —2016an segundo bat eta 44 ehunenera izan zuen bandera; San Juan nagusitu zen—. Hiru segundoko tartearengatik, hirugarren izan zen 2014an, San Juanen eta Zumaiaren atzetik: «Nire bizitzan behin baino gehiagotan galdetu izan didate, eta nik ez nuen Kontxa irabazteko behar hori, baina egia esango dizut: irabaztea pisu bat gainetik kentzea izan zen, motxila bat askatzea».

Eskarmentuaren hitzak dira. Ibilbide luzeko arraunlaria da Pescador, eta jende asko poztu da hark lortutakoarekin. Hala idatzi zuen Ane ahizpak, atzo, sare sozialetan: «Ez etsitzetik, egunero ekitetik, lortu duzu merezi zenuen bezala goraino iristea. Arraun mundua pozez zegoen atzo zuregatik, Eli. Zure ahizpa, ordea, pozez zoratzen». Uretan aurkariak izanagatik ere —Kaiarriban ari da Ane—, bestearen loriaz poztu ohi dira biak: «2009an Hondarribian eta 2019an Hibaikan izan ezik, beti elkarren aurka aritu gara, aurkari zuzenak izanda, gainera. Beti asko poztu gara elkarren garaipenengatik, baina, orain arte, beti suertatu da Kontxa berak irabaztea. Esanahi handia dute haren hitzek, badakielako zer bizitzen den».

Zabalaren poz erabatekoa

Zabalak ere asko daki arraunean bizitzen denaz. Santurtziarrak orain bost urte egin zuen Sotera trainerurako jauzia, baina aurrez olinpiar erako arraunketan ibilbide luzea osatu du, haur mailetatik maila nagusietaraino. Besteak beste, Munduko Txapelketetan aritutakoa eta Olinpiar Jokoetarako sailkatze faseak jokatutakoa da.

Ondotxo daki izerdiak zer balio duen Kontxako Bandera irabazteko. Baita sentipenek ere: ez alferrik, arraunlari familia bateko kidea baita. Aitaren bidez sartutako grina gorenera heldu zitzaion herenegun: «Ederra da 36 urteren ostean zure herriko traineruarekin Kontxako Bandera irabaztea. Gainera, Jose Antonio Exposito nire bikotekidearen aita da, eta hark irabazi zuen 1985ean. Esanahi berezia dauka; argi dago». Exposito, arraunlaria ez ezik, Itsasoko Ama klubeko presidentea ere izan zen.

Zabalak lotura hertsia du Santurtzirekin, eta, trainerurako jauzia egitea erabaki zuenean, halako «ametsak» betetzea zuen helburu. Azaldu duenez, «Kontxa beti da helburua, baina gauza asko sartzen dira jokoan. Zaila da irabaztea».

Garaitzeko lan handiak egin behar izan zituztela aitortu du Zabalak, eta esan du «helmugako marra gaindituta» ere ez zekitela zeinek irabazi zuen: «Sekulakoak jo behar izan genituen Hondarribiaren moduko talde on bati irabazteko». Ahala erakutsi zuen Santurtzik, eta horrek poz are handiagoa ematen dio Zabalari, arraunlari izateaz gain taldeko prestatzaile fisikoa ere badelako: «Orain, asteburua prestatzen hasi behar dugu». Atsedenerako tarterik gabe, Santurtzik uretan entrenatu zuen atzo. Arraun Lagunak taldeak lortu zuen gisan, moreek ere eskura dute Eusko Label ligako garaikurra. Batzuk ala besteek, izerdiz eta sentipenez zipriztindutako garaipenak eskuratu berri dituzte. Xanpain tantaz ere bustiko zituzten, ziur asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.