Arrauna. Kontxako Bandera

Kronometroaren tirania

Gizonezkoen sailkatze estropadan 24 ontzi ariko dira. TKE mailakoak dira sailkatzeko hautagai nagusiak. Galiziako ligakorik ez da arituko

Hondarribia taldeko ontzia, iazko sailkapen estropadan. Azken hiru urteetan hark irabazi du Kontxa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Erlojua izango da gaur arratsaldean Donostiako kaian eta Paseo Berrian daudenen trepetarik desiratuena. Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatzen den aldiro, hark ezartzen du onaren eta txarraren arteko muga. Atzo emakumezkoenean nola, berebiziko garrantzia izango du gaur gizonezkoen jardunaldian (17:30, ETB 1) ere. Egunaren amaieran, kronometroaren araberakoa izango da arraunlarien eta klubetako ordezkarien aldartea.

Segundo baten ehuneneko bat nahikoa izan daiteke zerua infernu bilakatzeko, eta alderantziz. Horrek egiten du berezi Kontxako osteguna. Udan zehar aise ari denarentzat, estropada arriskutsua da, nahiz goren-gorengoek aspaldi akatsik ez duten egin. Tentu handiagoz aritu beharko dute urtean zehar duda-mudatan dabiltzan ontzi indartsuek.

Kontrara, sasoia borobiltzeko aukera bikaina da parte hartuko duten ontzi gehienentzat. Guztira 24 patroik helduko dute estatxa, baina egiari zor, Eusko Label ligako ontziek dituzte sailkatzeko aukera gehien. Zazpi trainerurentzako tokia dago.

Seguru antzean dira TKE mailako ontzi bizkorrenak. Hondarribia, Santurtzi, Orio eta Zierbenaren gisakoak ez sailkatzea hondamendia litzateke. Baita Urdaibai kanpoan geratzea ere; lehengo distirarik gabe aritu dira, baina soberan dituzte txalupa azkar jartzeko aldagai nagusiak: indarra eta teknika.

Erlojuak ez ezik, estropadaren egiturak ere berezi egiten du Donostiako jarduna. Joan-etorriko saioa da, bi luze besterik ez baititu. Astuna egin daiteke joanekoa, eta, ezustekoak saihesteko, marka ona ezartzea izango da ontzi indartsuenen xedea. Helburua argia da: itzulerakoan atzetik aurrerakoa egiten ibili beharrik ez izatea. Presa lagun txarra da arraunerako.

Aldiz, kanporantz onenen txikotari eutsi nahiko diote sailkatzeko justu antzean aritzera deitutakoek. Bereziki, poparean ondo moldatzen direnek. Ziabogan lehen hamarretan baldin badira, amesteko moduan dira.

Ondarroa, Cabo eta Lekittarra daude multzo horretan. Antiguako Ama-k ondo gogoan du orain bi urte egindakoa: lehertzera abiatu, eta denborarik onena egin zuten sailkatze estropadan. Ziabogako emaitza onak hauspotuta itzuli ziren. Horixe errepikatu nahi dute.

Isuntzak urrunago du bere azken parte hartzea. Lekeitiarrak 1999an lehiatu ziren azken aldiz, Iñaki Goikoetxea Sagua patroi zutela. Ordutik 22 urte igaro badira ere, gaurkoan ere hura ariko da txopan. Lekeitiarrena olatuaren alde egoki moldatzen den ontzia da, itsas zabaleko estropadetan erakutsi duten moduan. Kanpoan ondo kokatuta badira, aukerak izan ditzakete. Antolin Deunaren egunean jai egin nahi dute.

Tiran eta Zarautzek ere izan ditzakete aukera apurrak, baldin eta beren mailarik onena eskaintzen baldin badute. Azken horien multzoan egon nahiko lukete Getaria KAE 1 ligako txapeldunak, Kaikuk eta Pedreñak, San Pedrorekin batera. Sailkatzeko, bikaintasunaren langa gainditu eta ontzi askok huts egin beharko lukete. Galiziako ligako ontzirik ez dute gonbidatu, eta alerik ez da ariko. Gainontzekoek mirari bat beharko lukete, eguraldi aldaketa izugarriren bat edo.

Haizea, aldagairik behinena

Olatuek baino gehiago, haize ufadek zaildu dezakete gaur arratsaldeko jarduna. Iragarpen batzuen arabera, haizeak zazpi korapiloko indarra izango du batez beste —ia 13 kilometro orduko da hori—, eta, iragarpen txarrenen ustez, oldarraldietan 15 eta 18 korapilo artean izango lituzke. 33 km/o da hori.

Aldiz, marea erdian jokatuko den estropadarako metro erdiko olatuak iragarri dituzte, batetik bestera lauzpabost segundoko. Hartara, olatu txiki bezain bizkorrak hartzeak segundoak irabazteko modua emango du. Erlojuari gehien lapurtzen dizkiotenek dastatuko dute loria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.