Arrauna

Zirrara, ikara eta guzti

Hondarribiak irabazi du Bermeon Eusko Label ligako azken-aurreko estropada. Bi puntura jarri zaio Urdaibairi. Gaur azkena, Portugaleten, erlojupekoan

Hondarribia Urdaibairen aurretik atzo Bermeon, azkeneko luzean, eta epailea bandera urdina ateratzen gipuzkoarrei. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Elkarrengandik gertu iritsi azken-aurreko estropadara, eta ia elkarren gainean atera. Hiru puntu atzo arratsaldean; iluntzean, bi. Postuetan aldaketarik ez: Urdaibaik segitzen du Hondarribiaren aurretik Eusko Label ligan.

Baina atzo, Bermeon, lehenbizikoaren etxean, bigarrena garaile. Eta azken unean, mundu guztiak kontrakoa pentsatzen zuenean, ikusten ari zena ikusita. Ikusgarria. Une batean, begiak itxi eta beste aldera begiratzeko tentazioa handiarekin. Zirrararen ikara. Epailearen lana bakea izan, baina, atzo, ia gerra piztu. Gutxi behar izan zuen haren motordun ontziak Urdaibaiko istriborreko arraunlarien palak aurretik eramateko. Geratu beharraren geratu beharraz, zipriztina eta aparra etxeko arraunlarien aho bitsez beteetara. Azkeneko luzean gertatu zen, 17-18. minutuen bueltan.

Epaileak han egoteko behar zuen izan zerbait. Txanda eroa zeramaten bi oilarrek ordura arte: brankaz Hondarribia hobeto, poparean Urdaibai egokiago. Oraintxe bat aurretik, hurrena bestea. Liga jokoan. Gipuzkoarrek aldea jan nahi, eta bizkaitarrek, berriz, handitu.

Azkeneko bost minutuetan erabaki behar zuten dena, aurreko hamabostetan egindako ahaleginak aurkariak uxatzen zizkielako. Bi une gogoangarri ordu laurden horretan: Hondarribiaren branka bidea, aurreneko kaletik, eta Urdaibairen ziztua bigarren luzeko azkeneko minutuan, olatu baten gainean. Bi segundo atzetik ibili, eta, minutu horretan, lau atera.

Heldu ziren, bada, azkeneko luzera. Hirugarren ziabogan, pare-parean. Hortik ateratzen, Urdaibai azkarrago. Bigarren luzeko lana gogoan, hori kalkatu baino ez zuen egin behar. Teoria da bat, eta praktika bestea. Eta atzoko itsaso nahasiarekin, metroko olatu desatseginekin, unean-unean erabaki behar zuten patroiek nondik jo. Eta nola jo aurkari zuzenari.

Hondarribiak zero kalera zihoala iragarri zuen ziaboga hartu aurretik. Joan zen edo ez, haiek jakingo dute. Joan bazen, oker, Urdaibaik buelta eman eta ondorengo minutu eta erdian sei segundo ere sartu baitzizkion. Txandak, banderak, eta ia ligak ere, jabea zutela ematen zuen. Baina itsasoa zabala izan, estropada eremuak mugak ezarri arren traineruei, eta araudiak, beharrezko neurriak.

Legeen letrak atzo itsasoan azalduko ziren astarrenik ere ez, ordea, gertatu zen arte. Bat-batean, Hondarribia bigarren kalean azaldu zen. Urdaibai ere han, bere hirugarrenetik. 17. minutua zuen estropadak. Ez hain gertu hasieran, baina gero eta gertuago. Epailea ere estropadaz gozatzen ibiliko zen, Hondarribiaren ezusteko maniobrak ezustean harrapatu zuelako. Agindu zion motordun ontziko patroiari joateko bizi bi taldeen artera. Imintzioka epailea, ia bere onetik aterata.Erabaki bat hartu behar, eta bandera zuria. Amore ematea, koloreen sinbologian. Baina amore gutxi diote elkarri Urdaibaik eta Hondarribiak.

Sikiera, epaileak lortu zuen Gorka Aranberrik eta Ioseba Amunarrizek bakoitzaren traineruak handik aldentzeko maniobrak egitea. Bakea, adiera guztietan. Baina, halako batean, gerra. Zirrara betean ikara eragin zuen maniobra hura. 18. minutuaren bueltan ziren, eta segundo berean zihoazen Hondarribia eta Urdaibai. Bermeoko taldeak ospa egin zuen handik, eta segundo bat galdu. Lehia estua zetorren berez, baina ez azkenean. 5,88 segundoraino eraman zuen bien arteko aldea Hondarribiak, epaileak bandera urdina atera eta gero. Minutuaren azpiko joan, ia dozena sartu zizkion aurkari zuzenari. Aranberri herio betean zetorren, arraunlariak estutu eta estutu,baina alferrik. Etxekoek ezin goza aurreikusita zeukaten poza.

Berdinduta, Hondarribiara

Mundu guztia zegoen berdeei eta urdinei begira, baina baziren Donostiarra eta Orio ere txanda berean. Donostiakoek 22, 02 segundo atzetik bukatu zuten Hondarribiarekiko (hirugarren, estropadan), eta Oriok 46,70era. Azken-hirugarren egin zuten oriotarrek, lehen txandan azkena izan zen Kaikuren aurretik; Cabo izan zen azken-aurreko. Lehia horretan, Zierbenak aurrea hartu zien Getariari eta Cabori.

Atzokoak, baina, segituan ahaztu ziren. Portugaleten erabakiko da gaur liga zeinek irabaziko duen (12:40, ETB 1). Erlojupekoan, araudiak esaten baitu lehen bien artean hiru puntu edo gutxiagoko aldea bada, horrela jokatu behar dela Portugaletekoa.

Araudiak esaten du ere nola hautsi puntutako berdinketa: garaipen gehien dituena, txapeldun. Hondarribia litzateke. Atzokoa zortzigarren garaipena duelako (sei bandera), eta Urdaibaik sei dituelako (sei bandera).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.