'Asko maite zaitut' saioa ETB1eko programaziora itzuliko da gaur

Iazko formula erabiliko dute. Zortzi atal berri izango ditu saioaren bigarren denboraldiak

Zuhaitz Gurrutxagak jarraituko du Asko maite zaitut saioko aurkezlea izaten. EITB.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Atal bakoitzean bi istorio, bi maitasun aitortza. Pertsona maitatu bati omenaldi txiki bat, aitortza bakoitzean. Formula horrekin estreinatu zuen ETB1ek iazko apirilean Asko maite zaitut programa. Zazpi atal eman zituzten, eta %2,4ko ikusle kuota bereganatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bigarren denboraldia emango du euskarazko kateak datorren igandetik aurrera, eta aurretik, lehen denboraldiko lau atal onenekin laburbilduma bat ikusi ahal izango da gaur (22:00). Herri txiki, infernu handi saioak atsedena hartuko du, eta tarte hori beteko du programaren denboraldi berriak datozen zortzi asteetan.

Berde Produkzioak ekoizpen etxeak sortutako ideia izan zen saioarena, baina Orio etxeak garatu zuen. Luis Oiartzabal saioko zuzendariak adierazi du iazko formula berbera erabiliko dutela: «Omenaldiak egingo ditugu, norbaitek maitasun mezu bat eman nahi diolako gertuko pertsona bati. Ildo beretik joango da programa». Omenaldiaren bultzatzaile nagusi bat egongo da, eta omenduarekin zerikusia duten hainbat pertsona elkarrizketatuko dituzte. Iaz bezala, kamera ezkutua erabiliko dute une batzuetan omendua grabatzeko.

Aurreneko denboraldia ondo joan zela uste du Oiartzabalek: «Lortu nahi genuena lortu genuen. Omenaldi politak egin genituen, pertsona horien istorioak ezagutarazi eta sentimenduak azaleratu ziren».

Zenbait eremutan eta komunikabideetan maiz entzuten da euskaldunek izaera hotza dutela. Neurri batean, estereotipoa hautsi egin zen Asko maite zaitut saioko atal batzuekin. «Denetarik izandugu. Kasu batzuetan, estereotipo hori bete zen. Baina beste batzuetan ez, eta protagonistek barneko sentimenduak hitzekin azaleratu zituzten. Euskaldunen artean dezente dira 'asko maite zaitut' esateko arazorik ez dutenak, pauso hori ematea hainbeste kostatzen ez zaienak».

Denboraldi berrirako sei atal grabatuko dituzte, eta horretan ari da egunotan Oiartzabalek gidatutako lantaldea. Era berean, iaz grabatu zituzten beste bi emango dituzte. Orotara, zortzi atal izango ditu, beraz, bigarren denboraldiak.

Zuhaitz Gurrutxagak jarraituko du aurkezlea izaten. «ETBko ikusleek Gurrutxaga ezagutzea mesedegarria izan daiteke», dio programako zuzendariak. Mikel Pagadizabal gidoilari lanetan ariko da. Herri txikietatik maitasun aitortzetara pasatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.