«Zorigaitza» ekar diezaiekete emakumeei

Gaurko soldatak baldintzatzen du biharko pentsioa. Kotizatutako denboraren arabera finkatzen da erretiro pentsioa. Emakumeentzat panorama beltza ekarriko dute, beraz, lanaldi partzialek.

Miren Garate.
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sara de la Rica ekonomistak «genero arrakala» handitzeko arriskuaz ohartarazi berri du lanaldi partzialen gorakadaren harira. Euskal Herrian, halako kontratuak dituztenen hamarretik zortzi emakumeak dira.Lanaldi osoko enplegurik topatu ez izana, hori da orduka aritzearen arrazoi nagusia —gizonena bezala—. Esan nahi du horrek gainerakoak hautu pertsonal bat egin dutelako ari direla hala? Ez ezinbestean.

Borondatezko lanaldi partzialtzat hartzen den multzo horren baitan, haur, heldu edo urritasunen bat duen norbaiten zaintza lanak egitea da emakumeek gehien aipatutako arrazoia. Eurostatek emandako datuen arabera, Europako Batasunean, %27,6k dute ordu batzutako lana zaintza lanak egite aldera; soilik gizonen %3,9k. Hain zuzen, gizonek azkena aipatzen duten arrazoia da. Ikasten jarraitu nahi dutelako, norbere ezintasun batengatik edo bestelako arrazoiren batengatik aritzen dira borondatez lanaldi partzialean.

«Saltzen dute emakumeentzat egokiak direla, baina zergatik egin behar dituzte zaintza lanak emakumeek? Egokiak balira ere, interesgarria litzateke borondatezkoak izatea, gizonen eta emakumeen tasetan halako alderik ez egotea, eta enplegu partzial horiek baldintza duinak izatea, gaur egun ez baita hala», azaldu du Mertxe Larrañaga EHUko irakasleak.

Kontziliaziorako tresna?

Borondatezkoak izanda ere,lanaldi partzialak dira lana eta bizitza pertsonala uztartzeko konponbiderik egokiena? Seguru asko estatistiketako emaitzak ezberdinak lirateke, besteak beste, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko malgutasun gehiago balu langileak. «Lan merkatuaren berrantolaketak ez dauka inolako zerikusirik kontziliazioaren benetako beharrekin», azaldu duNekane Jurado ekonomialariak.

Haren esanetan, benetan egongo balitz kontziliazioa sustatzeko interesa, honakoa egin behar litzateke: bultzatu neurriak bateragarri izateko lan ordutegiak eta sektore publikoak eskaintzen dituen ordutegiak —ikastoletakoak, haurtzaindegietakoak, eguneko zentroetakoak...—. Hala, egun osoko lanaldiak eduki ahal izatea errazagoa litzatekeela dio.Juradok zehaztu du ordutegi horiek «modu ez inposatuan» hitzartu behar direla.

Izan ere, bat datoz Jurado eta Larrañaga: errealitateak berak gezurtatzen du lanaldi partzialak oinarrizko giltza direla kontziliaziorako, sarri kontratu horietan eskatzen diren ordutegietan etxean daudelako haurrak edota adinekoak.

Lan merkatuaren baitan, ezberdintasun handia suposatzen du lanaldi osoko kontratua izateak edo ordu batzutakoa izateak, ez bakarrik soldatari dagokionean. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako txosten baten arabera, egonkortasun handiagoa izaten dute lanaldi osoan aritzen direnek, prestakuntza eskaintza gehiago, lan sindikala egiteko modua, ardura gehiagoko lanpostuetan aritzeko aukera... «Lan karreren genero dualtasunean agerian geratzen da lanaldi partzialak oztopo direla emakumeek euren lanpostuak hobetzeko; baina kontratu partzialen ondorio tragikoena da langile txiroen multzoan ari direla pilatzen adin guztietako emakumeak eta gizonezko gazteak; alegia, enplegua izateak ez zaituela babesten pobreziatik». OCDEren esanetan, osasunean irabazten dute lanaldi partzialean ari direnek, hortik aurrera, ezertan gutxitan.

Kalte gehien, luzera

Baina lan merkatuan aldea badago kontratu mota bat edo bestea izatearen artean, zer esanik ez handik kanpo. Hain zuzen, gizarte babesa da lanaldi partzialen desabantaila handienetako bat. «Dena lan merkatuko parte-hartzeari lotuta dagoenez, lan partziala izateak ekartzen du langabezian geratuz gero babes txikiagoa izatea eta denbora gutxian kotizatuz gero, erretiro pentsio txikiagoa. Gaurko ongizate egoerak baldintzatzen du etorkizunekoa», azaldu du Larrañagak.

«Gainera soilik kotizatu daiteke kontraturen bat baduzu edo jarduera baten titular bazara. Gutxieneko kotizaziorik egin ez baduzu, ez duzu inolako eskubide ekonomikorik gaixotasun edo amatasun kasuetarako, edo erretirorako. Horregatikprestaziorik baxuenek emakume aurpegia dute», zehaztu du Juradok.Haren esanetan, babes sozialak ez luke penalizatu behar haur edo adinekoak zaintzeko lanaldia murrizten duen jendea.

OCDEk ohartarazi du «zorigaiztoko ondorioak» ekar ditzakeela epe luzean lanaldi partzialean aritzeak, prestazioen eskubide galera horren eraginez gehienbat. 35-39 urte arteko emakumeen artean da ohikoena lanaldi partziala. Eta datuek diote behin halako kontratuarekin hasten den emakumea nekez itzultzen dela lanaldi osora, baita seme-alabak hazi eta familiako lan kargak gutxitu zaizkionean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.