«Patxadatsua, zentzu onenean»

Mikel Merinok ondo hasi du sasoia. Erdilaria garrantzitsua bilakatu da Realaren eskeman, eta haren jokoa taldearen garai onaren adibide da. Jan Urbanen eskutik iritsi zen futbol profesionalera, Osasunan: «Hasieratik gustatu zitzaidan».

Mikel Merino, Getaferi sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Egoerarik bareenetan eta zakarrenetan ondo etortzen da itsasargi bat. Garai ederrak bizitzen ari da Reala, eta, Asier Illarramendiren faltan, Mikel Merinori (Iruñea, 1996) egokitu zaio bermatzea taldeak bere horretan segi dezala. Iruindarrak bere bigarren sasoia du Donostian, baina dagoeneko jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacilen eskeman,

Realak sasoi honetan jokatu dituen partida guztietan aritu da Merino. Hala, hamabi aldiz izan da zelaian, eta hasieratik aritu da 11 bider. Ez da erraz nekatzen den horietakoa, gainera; txuri-urdinek jokatu dituzten minutu guztien %93n zelaian izan da erdilaria. Hori horrela, bistakoa da parte hartze garrantzitsua izan duela Realaren bolada onean,eta erasoko jokoan ere ez da kamuts aritu: gol bat sartu, eta goleko pase bat eman du. Sarri isilpean aritu arren, bere lana funtsezkoa da Reala onenekin lehian izateko.

Haren gaitasunak ederki ezagutzen ditu Jan Urban (Jaworzno, Polonia, 1962) Osasunako jokalari eta entrenatzaile ohiak. Harkeman zion profesional mailan debuta egiteko aukera, talde gorritxoan, baina bazuen Merinoren berri lehendik ere: «Polonian denbora asko eman ostean Iruñera itzuli nintzen batean ezagutu nuen». Egun batean, Osasunako gazteen partida bat ikustera joan zen poloniarra, eta berehalakoan ohartu zen jokalari hark bazuela zerbait berezia: «Segituan eman zidaten atentzioa haren ezker zango onak eta jokoa ulertzeko zuen gaitasunak. Gainera, patxadaz aritzen zen zelaian, eta hori funtsezkoa da. Hasieratik gustatu zitzaidan, eta gero jakin nuen jokalari hura nire adiskide Miguelen semea zela». Merinoren aita da Miguel; Urbanen taldekide izan zen Osasunan.

Denborak berriz gurutzatu zituen bidean egun Realeko erdilaria dena eta Jaworzsnon jaiotako teknikaria. Izan ere, Urban Osasunak fitxatu zuen entrenatzaile gisa, eta ordurako gorritxoen bigarren taldean zen nafarra: «Beste urrats bat egiteko garaia izan zitekeela pentsatu genuen, eta lehen taldera igotzeko erabakia hartu genuen». Bartzelona B-ren aurka eginarazi zion debuta, Bigarren Mailako partida batean; hura izan zen Mikel Merinok gorengoen mailan jokatu zuen lehen partida ofiziala.

Orain Donostian bezala, pixkanaka bere tokia aurkitu zuen Iruñeko taldean: «Jokalari gazte batean garrantzitsuena arlo psikologikoa da niretzat; nolako jarrera duen zelaian, presioak erasaten duen, entrenamenduetako lana partidetan erakusteko gai den... Mikel oso lasai aritzen zen zelaian, bai harrobiarekin ari zenean, bai gurekin zebilenean».

Hori Merinoren gaitasun bat dela uste du Urbanek, eta gaineratu du erdilariak hori aprobetxatzen jakin zuela: «Oso garai zailak ziren Osasunan. Bigarren Mailan zegoen, klubak epaiketak eta zorrak zituen, ezin genuen fitxatu... Egoera horretan bigarren taldeko bederatzi gazterekin aritu ginen, eta haien artean zen Merino».

Urbanek adierazi du egoera horretan bere izaera «patxadatsua, zentzurik onenean», erakutsi zuela. Prestatzaile poloniarraren arabera, «gauza asko entzuten ziren klubaren inguruan, baina kanpoan gertatzen zenak ez zion eragiten, eta, egoera horretan berehalakoan egin zen postu baten jabe».

Osasunan bi urte osatu zituen erdilariak. Etxea utzi eta beste bide batzuk hartu zituen gero, nahiz eta haiek uste baino lehenago malkartu zitzaizkion.Borussia Dortmunderako (Alemania) jauzia egin zuen lehendabizi Merinok, baina, Urbanen arabera, ez zuen behar besteko aukerarik eduki han. Zortzi partida jokatu zituen Bundesligan: «Ezin izan genuen nahi beste aldiz ikusi, ez baitzuen askorik jokatu».

Newcastlera joan zen gero. Ingalaterrako taldean aritu zen urtebetez, utzita. Bazirudien han aurkituko zuela bere lekua; hamaikakoan hasi zuen partida, eta hiru hilabete geroago, urriaren 13an, Borussiari jokalaria erosi zion Newcastlek, zazpi milioi ordainduta. Astebete geroago sartu zuen Premier Leaguen egin duen gol bakarra, eta pixkanaka protagonismoa galtzen joan zen partidek aurrera egin ahala.

Gauzak nahi bezala atera ez arren, Urbanek ohartarazi du bi talde horietan aritzea dagoela edonoren esku, eta horrek poztu egin zuela: «Niri egokitu zitzaidan profesionaletarako aukera ematea, eta Borussiaren gisako talde batean ikusi nuenean banekien balio zuelako zela».

«Mikel da; lehiakorra oso»

Gaur egun ere segitzen ditu iruindarraren pausoak: «Pozten naiz Realean nola ari den ikusita. Polonian ere botatzen dituzte Espainiako Ligako partidak, eta ahal izan dudanetan ikusi dut». Oraindik ere lehengo lepotik du burua Merinok, Urbanek aditzera eman duenez: «Mikel da; lehiakorra oso. Ez du baloirik galdutzat ematen, eta izaera handia du zelaian. Erdilari batek duen guztia du; jokoa segitzen du, azken pasea ematen daki, eta buruz ere ondo jotzen du». Zerbaiten falta izatekotan «abiadura pittin bat» ez litzaiokeela gaizki etorriko adierazi du poloniarrak: «Halere, ondo moldatzen da, oso azkar pentsatu eta aurrea hartzen duelako».

Hiru liga garrantzitsutan aritutakoa da Mikel, eta Donostian aurkitu du egonkortasuna. Haren entrenatzaile ohiak adierazi du horrek ezin duela kasualitate hutsa izan: «Espainiako Ligan aritzeko, ezaugarri on asko behar dira; lehiakortasun handia dago. Hor mantentzea zaila da».

Gauzak okerrenen joan zitzaizkionean patxadarik ez galtzearen ordaina da hori, eta Urbanek gakotzat du hori: «Zale askoren aurrean jokatzen ikasten duenak asko du irabazia; batzuek denbora behar izaten dute, baina ez zen Mikelen kasua izan». Heldutasun puntu horrek Merinori bidean lagun diezaiokeela dio poloniarrak, eta horrek onurak ekar diezazkiokeela bere taldeari. Hala bada, eskertuko dio Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.