jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Pazientzia, motel

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Tokiora etorri aurreko prestakuntza lanetan, antolatzaileek eskatutako prozedura mordoiloan ez galtzeko saiakera antzuan, argitasun eta komunikazio falta zen gabezia nagusia. Zalantzaren bat izanez gero, zerbait galdetu behar izanez gero, ez zegoen inor beste aldean. Nola edo hala egin genituen eskatutako urratsak, iritsi ginen Tokiora, utzi ziguten sartzen eta hasi ginen lanean. Pentsatzen genuen Tokion gauzak bestelakoak izango zirela, zalantzaren bat izanez gero, beti edukiko genuelako norbaitekin aurrez aurre hitz egiteko aukera. Pertsona bat, posta elektroniko baten ordez.

Bai, Tokion japoniarrak ditugu aurrez aurre: boluntarioak, antolakuntza taldekoak, poliziak, militarrak, autobus eta taxi gidariak, dendariak, hoteleko langileak... Baina komunikazio arazoek hor jarraitzen dute. Nekez lortzen dugu haietako bati zerbait galdetu eta erantzuna lehenengoan jasotzea, galdera beste behin edo gehiagotan egin behar ez izatea edo beste boluntarioren batek gerturatu behar ez izatea. Leku eta zerbitzu guztietan gertatzen da, baita Olinpiar Jokoetako parte hartzaileekin harreman zuzena izateko prestatutakoetan ere, garraio sistemaren antolaketan eta olinpiar guneetan batez ere.

Ez da gure arazoa soilik. Beste kazetari batzuekin hitz eginez gero, gehienek aipatzen dute komunikatzeko zailtasuna. Ohikoak direla gaizki-ulertuak.

Boluntarioak adeitsuak dira. Eraginkorrak, ez hainbeste. Tokiora etorri aurretik komunikatzeko arazoak geuk izango genituela uste genuen, gure ingeles herdoilduak kirrinka egingo zuelako. Ingelesa, turrustan baino gehiago, totelka egiten dugulako.

Azkenean, jakina, lehenago edo beranduago, beti elkar ulertzen gara. Hitz berri bat ere ikasi dugu: nintai. Pazientzia, motel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.