Azken gonbidatua falta da

Jaka-Zabaletak Binakako Txapelketako ligaxka irabazi dute. Irribarria-Rezustak gaur Olaizola-Urrutikoetxeari irabaziz gero, erabakita geldituko dira hurrengo faseko bikoteak

Erik Jaka aurrelaria, pilota astintzen, atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Partida bat falta da Binakako Txapelketaren hamahirugarren jardunaldia bukatzeko, eta jardunaldi bat, berriz, ligaxka amaitzeko. Misterio nagusi bakarra gelditzen da argitzeko: zein izanen den kanporaketetara sailkatuko den azken bikotea. Gaur erabaki liteke hori, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa), Olaizola-Urrutikoetxearen eta Irribarria-Rezustaren arteko partidan. Baiko Pilotakoek derrigor irabazi behar dute, sailkatzeko aukerari eusteko azken jardunaldian. Galduz gero, haien arerioak sailkatuko dira. Hamahirugarren jardunaldiak erabakita utzi duena da zein izanen diren finalerdietan arituko diren lehenbiziko bi bikoteak: Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija.

Jaka-Zabaletak bermatuta zuten finalerdietarako sailkapena, eta, atzo, ligaxkako lehenbiziko postua irabazi zuten matematikoki. Historia handirik gabeko partida bat jokatu zuten Victor-Mariezkurrenaren aurka, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Sailkapeneko azkenak dira Victor-Mariezkurrena, eta atzoko partida irabazita ere ez zuten aukerarik taulan aitzinera egiteko. Argi gelditu zen bi bikoteen artean dagoen aldea: 6-22 irabazi zuten Jaka-Zabaletak, 38 minutu eta 282 pilotakada eskas izan zituen partida batean. Gorriak hasi ziren irabazten, baina 2-2koa izan zen partidak eduki zuen azken berdinketa. 2-7koaren ondoren Victor Estebanek bi tanto on egin zituen aldea murrizteko, baina hor bukatu zen gorrien susperraldia: 0-11ko partzial bat —4-18raino—, eta norgehiagoka erabakita utzi zuten liderrek. Etsiak hartuta aritu ziren gorriak, eta bata bertzearen gibeletik egin zituzten hutsak —zehazki, urdinen 22 tantoen erdiak izan ziren hala—.

Dezentez emozio handiagokoa izan zen finalerdietara sailkatu den bertze bikoteak herenegun jokatu zuen partida. Ezkurdia-Martijak 22-21 irabazi zieten Laso-Albisuri, eta, hain zuzen, 22. tanto horrekin aitzinatu ziren lehenbiziko aldiz norgehiagoka osoan. Unai Lasok hagitz sendo hasi zuen partida, eta lehenbiziko erdian guztiz nagusitu zitzaion Joseba Ezkurdiari aitzineko koadroetan. 15-20koarekin bazirudien urdinek bideratuta zutela garaipena, baina gorriak fisikoki hobeki ailegatu ziren bukaerara. Azken unean irabazita, finalerdietarako sailkapena lortu dute Ezkurdia-Martijak. Soilik Artola-Imazek dute taulan haiekin berdintzeko aukera, baina elkarren arteko partidetan duten tantoen diferentzia Ezkurdia-Martijaren aldekoa da. Artola-Imazek 8-22 irabazi zieten Altuna-Galarzari, herenegun —Aitor Aranguren aritu zen Ander Imazen ordez, min hartuta baitago—.

Bi posturen dantza

Artola-Imazek segurtatuta dute hirugarren postua, baita Altuna-Galarzak laugarrena ere. Hortaz, argitzeko falta dena da finalerdietarako kanporaketetara sailkatzeko azken bi postuak nortzuek, eta zein ordenetan beteko dituzten. Irribarria-Rezustak gaur irabaziz gero, erabakita geldituko da hurrengo faseko lau bikoteak zein izanen diren. Olaizola-Urrutikoetxeak irabaziko balute, berriz, lehia azken jardunaldira arte estutuko litzateke bi bikote horien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.