Frantziako Tourra

Azti ibili, eta garaipena ehizatu

Simon Yatesek esprintean irabazi du Frantziako Tourreko 12. etapa. Pello Bilbaok oso gertu izan du garaipena; bigarrena izan da helmugan. Tropelak ez du estutu berrogei laguneko ihesaldia

Simon Yates atzo lortutako garaipena ospatzen, ezker eskuin Gregor Muhlberger eta Pello Bilbao dituela. GILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Simon Yatesek (Mitchelton Scott) bere ibilbideko lehen garaipena eskuratu zuen atzo Frantziako Tourrean. Azti ibili zen, eta ondo hartu zien aurrea ihesaldiko kide Pello Bilbaori (Astana) eta Gregor Muhlbergerri (Bora). Garaipenarekin, hiru itzuli handietan inoiz etapa bat irabazi dutenen taldean sartu da Yates; hori lortu duen 98. txirrindularia da.

Hiru ehiztari aritu ziren Pirinioetako lehen etapa eskuratzeko lehian. Yatesek, Bilbaok eta Muhlbergerrek helmugako marra beste xederik ez zuten, eta alboetara begira aritu ziren azken 500 metroetan, elkar zelatan. Amaieran, Yates izan zen bizkorrena; begi bat aurkariengan zuela, betaurrekotik helmuga ikusi, eta ohartu zen garaipena zakuratzeko komeni zitzaiola azken bihurgunetik lehen postuan irtetea. Hara iritsi aurretik egin zuen jokaldia, eta lortu zuen xedea. Azken metroetan estututa altxatu zituen besoak helmugan. Indartsu aritu zen etapa guztian, eta lege onez irabazi zuen. Orain artean isilpean aritu da Tourrean, lehen postuetatik urrun, baina une egokian jo du kolpea.

Bilbaok bereganatu zuen bigarren postua. Gernikarrak ere gertu izan zuen Tourreko lehen garaipena. Estreinako aldia du itzuli horretan, eta lan handia egin zuen etapa guztian zehar, amaierara aukerekin iristeko; ez zen posible izan. Indarrez estu samar heldu zen azken kilometroetara, eta bidesari garestia ordaindu zuen. Astanakoa ondo aritu zen Hourquette d'Ancizan mendatean gora, eta segundo gutxi batzuk baino ez zituen galdu Yates eta Muhlbergerrekiko, zeinak indartsu ari ziren. Maldan behera hasi eta gutxira lortu zuen aurreko bikotea harrapatzea; ordutik aurrera, hirukotea erreleboka aritu zen azken esprintera iritsi aurretik.

Azken 30 kilometroetan ados jarri ziren hiru ziklistak. Ez zegoen argi Yatesek zer jarrera hartuko zuen. Azken metroetan maila onean aritu da aurten Bilbao -bi etapa irabazi zituen Italiako Giroan-, eta minutu eskasera zegoen Yatesen taldekide Matteo Trentinen tropeltxoa. Alabaina, Micheltoneko txirrindulariak erreleboka segitu eta hiruren arteko lehia muturreraino eramateko hautua egin zuen.

Joko handirik ez

Lehen postuan zeudenak —eta haien jarraitzaileak, guztiak— berrogei laguneko ihesaldi batean alde egindako ziklistak ziren. Taldetxo hura izan zen etapako pizgarri bakarra. Tropelak ez zuen zirkinik ere egin lasterketa bizitzeko, eta bai Peyresourden, baita Hourquette d'Ancizanen ere, ihesaldiko kideen artean osatutako tropeltxoak jarri zion musika lasterketako dantza apurrari.

Lilian Calmejane (Direct Energi) izan zen lehena erritmoa bizitzen. Aurrea hartu zuen Peyresourdeko lehen aldapetan, baina Tim Wellensek (Lotto Soudal) harrapatu egin zuen gora heltzerako. Maldan behera, berriz, Simon Clarkek (Education First) abilezia erakutsi eta atzean utzi zituen aurkariak. Bigarren portura bakarrik heldu nahi zuen.

Hourquetten irauli egin zen egoera. Azken mendatean bestelako izenak hasi ziren agertzen, eta hortik atera ziren lasterketa amaierara buruan iritsiko ziren hirurak ere. Trentin izan zen Clark estutzen lehendabizikoa, eta haien bila ekin zioten gero Muhlbergerrek eta Mathias Frankek (AG2R). Haiei erantzun zieten Yatesek eta Dylan Teunsek (Bahrain). Clark irentsita, Trentinen bila joan zen taldetxoa,harik eta gaina erdiesterako helmugako hirukotea nagusitu zen arte.

Lasterketa osoan haiei jaramonik ere egin gabe ibili zen tropela. Ineosek gidatuta, pasioan aritu ziren, eta deusik ez zuten egin ez hautagai nagusiek, ezta haien taldeek ere. Tropelak lasterketa buruak baino bederatzi minutu gehiago behar izan zituen helmugara iristeko.

Jokabide horrek kolorea kendu zion etapari, eta esperotako ikuskizunik ez zen izan Pirinioetako lehendabiziko egunean. Hurrengoetan beharko du, baina, horretarako, zer jokatua izan behar dute sailkapen nagusirako lehian aritzera deiturikoek. Atzoko etapak hiru ehiztari eta bi garaile izan zituen: Yates, eta Geraint Thomas.

Ibilbidea, klik batera

BERRIAk 2019ko Frantziako Tourreko ibilbidearen mapa interaktiboa egin du. Etapa bakoitzeko xehetasun guztiak ageri dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.