mikel elorza
ARKUPEAN

Librea hutsa baino

2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Araugintza da egungo gaitzik arriskutsu eta zabalduenetako bat. Eta arautzea berez izan daitekeen estutzeari arauaren beraren estuasuna gehitzen bazaio, orduan minbizia da.

Kultur emanaldiak taberna eta areto txikietan arautzen dituen dekretuaz ari naiz. Ezin litekeen gauza da, eta hona beraz gure anormalidadearen erakusgarri bat, horren berri Segurtasun kontseilariak ematea. Herrizaingo Sailak ezartzea taberna batean hilean gehienez ikuskizun bat antola litekeela. Areto txikietan kantari hasi ziren haiek esango luketenez, «hay algo aquí que...».

Kultura sailburuak Eusko Legebiltzarrean horretaz jardun zuen handik gutxira, galdera bati erantzunez, eta esanguratsuak izan ziren haren adierazpenak: «Zenbat emanaldi baimendu behar dira, hamabi, berrogeita zortzi edo barra libre? Muga bat ipini behar zaio edo ez?». Galdera egokia eta zentzuzkoa da, dudarik gabe.Gai bat dago —ez arazo bat, ez gaitezela konfunditu, ez gaitzatela konfundiarazi—, eta horren aurrean sailburuak itauna planteatzen du, duda: kopurua ezarri behar da? Ze kopuru? Edo bat ere ez? Nik neure erantzuna badaukat: ez da inolako kopururik ezarri behar.Zenbat eta gehiago, hobe. Hobe denentzat: tabernarientzat, sortzaileentzat, herritar ikusleentzat. Eta baita «horretarako baimendun» aretoentzat ere. Zenbat eta kultur jarduera eta emanaldi gehiago izan, kultur bizitza zenbat eta handiagoa izan, hobe, biderkatu egingo da jarduera berori alor guztietan, hala baimendun nola baimengabeetan. Gauza bat behintzat segurua da: emanaldi gutxiago izanda ez du inork irabazten.

Baina «emanaldi kopuru mugatua edo barra libre» galdera eta eztabaida zentzuzkoa da... araua egin baino lehen egitekotan. Muga ezarri eta gero mugarik behar den edo ez galdera egiteak ederki ematen du, baina ez du ezertarako balio. Arauaren ezarpena malgua izan daiteke, konforme... baina malgua ere ez izatea gerta liteke. Horrelakoak baitira arauak, eta horregatik, ene ustez, premiarik ez dagoenean ez dira ezarri behar.

Eta berriro diot, alor honetan ez dago premiarik. Segurtasunaz, istripuez edo auzoen kexez hitz egin liteke, horren erregulazioaz, baina horrek ez du zerikusi zuzenik emanaldi kopuruarekin.Bestelako arrazoirik tarteko ez dela, besterik gabe emanaldi kopurua mugatzea irentze hutsa da, inorentzat onik ez dakarrena.

Loraldiak izan daitezen lurra behar da, ongarritua eta bustia, eta humusa, eta zenbat eta larre handi eta askeagoan orduan eta jori eta askotarikoagoa. Sail txiki eta mugatuetan, porlan eta hesolekin zedarrituetan saia gaitezke, bainahor ez da loraldirik izango; hor gehienera ere gaur egun gure bideak paisaiatzen dituzten rotonda koloretsu horietako bat izango da.

Alor honen beste hari-mutur bat da, zeharka akaso, baina ukitzen duena gai honek, kultur ereduen ingurukoa. Espazio txiki eta askeak itotzen dira, festibal eta era guztietako —handi eta salgarri baldin badira— ebento batez ere komertzialak sustatuz.

Arauak guztion askatasuna eta segurtasuna bermatzearren ematen dizkiogu gure buruei, baina askotan alderantziz da: zenbat eta arau gutxiago, orduan eta askatasun handiagoa. Ez naiz inozoa eta bizikidetzaren gutxieneko baldintzak ezarri eta errespetatzearen premia badela badakit. Jendarte gero eta jendetsu eta konplikatuagoetan bizi gara—gero eta jendetsuago gara, baina gero eta komunitateago ez—,eta horrek adostasunak eskatzen ditu. Eta arauak. Dena ez da libre. Ados. Baina ez dadila dena lotua izan. Aukeran, nik nahiago barra librea barra hutsa baino. Beude.

Plazak susta ditzagun, irekiak, ahalik eta muga gutxienekin. Eta plazan dantza eta musika eta kantua baldin badago, bada hainbat hobe! Jakina, beti egongo da aldamenekoaren pozarekin mingostuko den amargaturen bat, eta hori ere kudeatu beharko dugu, hori da bizitza. Bizitzaren amaiera hasten da, ordea, amargatuek arauak egiten dituztenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.