ainara arratibel gascon
TOKIO 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Pandemiatik harago

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Duela urte eta erditik, COVID-19ak markatzen du munduan gertatzen den edozer. Eta, nola ez, baita Tokioko Olinpiar Jokoak ere. Pandemiaren Jokoak izango dira. Baina pandemiak zapuztu ezin dezakeena olinpiar espiritua da, eta horren atzean dagoena. Lau urtean behin (kasu honetan, bost, aurreko urteko atzerapenarengatik) munduaren erakusleiho bihurtzen den kirol txapelketa hau bestelako gizarte borroken agertoki ere izan da, eta izaten segitu behar du: arrazakeriaren aurkakoa, berdintasunaren aldekoa... Eta zergatik ez, gehitu bestelako gai batzuk: klima aldaketaren kontrako borroka, adibidez.

Batzuek uste dutenaren kontra, kirola ez da emaitzetara edo lehiara mugatzen den zerbait. Askoz gehiago da. Gizartean batasuna eta ilusioa sortzeko erreminta bat ere bada. Indar handia du horretarako, eta Jokoak horren isla dira. Kirol eta herrialde guztiak jokaleku berean jartzen ditu, bereizketarik egin gabe. Horrek ematen duen indarra baliatu egin behar da.

Olinpiar lehia abian da futbolean, eta herenegun Britania Handiko, Txileko, AEBetako, Suediako eta Zeelanda Berriko futbolariek belaun bat jarri zuten lurrean, arrazakeriaren aurka eginez. Eurokopan ikusi dira UEFAk homofobiaren kontrako aldarriak egiteko jarritako trabak. Bada, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ezin du akats hori errepikatu. Olinpiar espirituaren oinarrien kontra doa zuzenean. Kirolariek, gainera, horretarako engaiamendua izan behar dute. Haiek ere gizarte ardura bat dute, eta zer esana izan behar dute. Jende askorengana iristeko gaitasuna dute, eta gizarte honen parte dira.

Joko hauek horren isla izan behar dute. Izan ere, pandemiak itzalean utzi ditu bestelako gizarte borroka batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.