Erandioko Befesa enpresaren isurketak ikertzen ari dira

Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiago darama Guardia Zibilak Erandioko (Bizkaia) Befesa aluminio enpresa ikertzen, baina aste honetan atera da argitara. «Kontrolik gabeko» isurketengatik salaketa jarri zuen Erandioko Auzokideok elkarteak fiskaltzan 2021ean, eta hark agindu zion Guardia Zibilari ikerketa abiatzeko. Urtarrilean lantegira joan ziren, baita herenegun ere. Efe berri agentziaren arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat enpresa ikertzen ari dira.

«Urteak daramatza Befesak pozoia isurtzen», salatu du Auzokideok elkarteko bozeramaileak. «Aluminioa urtzen dute; lehengai eta emisio horiek oso arriskutsuak eta toxikoak dira». Haren hitzetan, ke laino handiak ateratzen dira, eta, horren ondorioz, «ezinezkoa» da arnastea: «Are gehiago, aluminio hondakinak eta isurketak gaixotasun batzuen eragile gisa daude sailkatuta».

Airearen kalitatea aztertzeko, elkarteak aire partikulak neurtzeko gailuak erabiltzen ditu. Eta nahiz eta Guardia Zibila lanean ari den, taldeko kideek bere azterketarekin jarraitu dute. Urtarriletik hona isurketak gutxitu direla nabaritu dute: «Orain ez dira hain handiak; hori ona da, baina oraindik asko dago egiteko». Haren iritziz, jaitsierak erakutsi du lan egiteko beste modu bat posible dela: «Aluminioa urtzen jarraitzen dute, baina isurketak murriztu dituzte».

Erakundeen «ekintza falta»

Eusko Jaurlaritzak eta Erandioko Udalak herriko airearen kalitatea neurtzeko bi kanpaina egin dituzte: «Baina ez dituzte toki beroenetan egin». Hori dela eta, elkarteak erakundeen «ekintza falta» salatu du; eta exijitu du azterketa horiek gehien kaltetutako tokietan egitea. Besteak beste, Arriaga auzoa da kaltetuenetako bat, baita Erandiogoikoa ere, gertutasunagatik. «Erandiogoikoaren beheko partea da hurbilen dagoena, baina Eusko Jaurlaritzak neurketak beti goiko partean egiten ditu». Bozeramaileak dio erakundeek «benetako ikerketa bat» egitea saihestu dutela.

«Befesak ingurumen baimen bat dauka, eta bete behar du; baimenak dio kontrolatu gabeko isurketak eragotzi behar direla». Kritikatu duenez, baina, enpresak ez du ezer egin halakorik ez izateko. Hori dela eta, elkarteak ez du sinesten baimen hori betetzen ari denik. Oraintxe bertan, Guardia Zibilaren ikerketaren zain daude: «Ez dakigu noiz amaituko duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.