Olaizola-Urrutikoetxea 13-22 Ezkurdia-Martija

Eutsi, hautsi eta txapela jantzi

Ezkurdia-Martijak Binakako Txapelketa irabazi dute, finalean Olaizola II.a-Urrutikoetxeari nagusitasun osoz gailenduta. Zazpina zirela, Aspekoek bederatzi tanto egin dituzte jarraian, eta lehia erabat hautsi

Julen Martija eta Joseba Ezkurdia, txapela buruan eta garaikurra eskuan, atzo, Miribilla pilotalekuan, binakako finala irabazi berritan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 900.
Iraupena. 89 minutu.
Sakez. Olaizola II.ak batere ez; eta Ezkurdiak bi. Egindakoak. Olaizola II.ak bost; Urrutikoetxeak batere ez; Ezkurdiak 11; eta Martijak bat.
Galdutakoak. Olaizola II.ak bost; Urrutikoetxeak hiru; Ezkurdiak bi; eta Martijak sei.
Markagailua. 3-0, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 6-5,6-7, 7-7, 7-16, 8-16, 8-17, 9-17, 9-18, 11-18, 11-19,13-19 eta 13-22.
Bestelakoak. Osasun egoera dela eta, ez zen ikuslerik izan Miribillan. Apustuak Olaizola II.a-Urrutikoetxearen alde atera ziren, baina alde txikiagatik. Partida hasi aurretik, Alaia Martinek, Oihana Iguaranek eta Maddalen Arzallusek bertsoak kantatu zituzten EITBren maratoi solidarioaren harira.

Pilotaren historian toki berezia izango du gordea 2019ko azaroan hasi eta atzo amaitutako binakakoak. Ez da egon eskuzko pilotaren historian txapelketa ezohikoagorik. Ezohikoa izan da, inoizko luzeena izan baita: urtebete pasatxokoa; ezohikoa izan da, koronabirusaren pandemiak bete-betean harrapatu baitu: ezohikoa izan da, eskuzko pilota profesionalak bizi izan duen lan gatazkarik handienak eten baitu; eta ezohikoa izan da, osasun egoerak eraginda, banakakoan gertatu bezala, ikuslerik gabe jokatu baita finala.

Horrekin guztiarekin batera, bi izen ageriko dira letra larriz idatziak: Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Haiek irabazi dute inoizko txapelketarik ezohikoena. Atzo egin zuten, Bilbon, Miribilla frontoian, finalean Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea 22-13 mendean hartuta. Partida ederra egin zuen Aspeko bikoteak, eta nagusitasun eta merezimendu osoz jantzi zuen txapela.

Ezkurdiak bigarren txapela du binakakoan, duela bi urte txapeldun izan baitzen Jose Javier Zabaletarekin. Lepo bete zen orduan Miribilla. Atzo, ordea, ikusle gutxi batzuk baino ez ziren izan harmailetan. Baina txapelak berdin-berdin balio du, izugarri. Arbizuko (Nafarroa) aurrelariak bolada onari eutsiko dio, maila nagusian jokatu dituen lau finaletan nagusitu baita: binakako bi txapelez gain, lau eta erdikoa ere irabazi du azken bi urteetan. Atzo ere erakustaldia eman zuen. Harentzat berezia baldin bada txapela, zer esanik ez Martijarentzat. Etxeberriko (Nafarroa) atzelariak lehenbiziko txapela du maila nagusian. 23 urterekin, eta estreinako finalean lortu du. Oso ondo arituta, gainera. Meritu galanta du.

Ezkurdiaren erauntsia

Ezkurdia-Martijak berriz ere utzi zuten agerian ez daudela bi partida berdin; are gutxiago, horietako bat final bat baldin bada. Olaizola II.a-Urrutikoetxeak neurria hartua zieten azkenaldian: irabazi egin zizkieten azken bi norgehiagokak, erraz antzean, gainera. Atzo, ordea, Aspeko bikotea goitik behera nagusitu zitzaion Baikokoari, eta ez zion aukerarik txikiena eman.

Ez zen espero halako nagusitasunik neurketa nola hasi zen ikusita. Olaizola II.ak ziztu bizian egin zuen lehen tantoa. Bigarrena ere Baikokoen aldekoa izan zen, piloteo oso luzea jokatu ostean. Hirugarrena, berriz, Martijak eginiko huts baten ondorio izan zen. Ezin hobeto zihoakien dena Olaizola II.a-Urrutikoetxeari.

Baina Ezkurdia pilotari abiadura ematen hasi zen, eta aurkarien hutsak behartzen. Halaxe, arerioen okerrak aprobetxatuta berdindu zuten partida, hiruna. Orduan hasi zen benetako partida, espero zena, oso gogorra. Eta lehia horretan inor ez zen nagusitu hasieran. Nor baino nor gehiago aritu ziren zenbait minutuz: launa, bosna, sei eta zazpina berdindu zuten.

Baina neurketak aurrera egin ahala, Aspekoak nagusitzen hasi ziren. Olaizola II.a apenas sartzen zen jokoan, eta Urrutikoetxea larri zebilen aurkarien pilotakadei nola edo hala erantzuten. Orduan etorri zen Ezkurdia-Martijaren kolpe erabakigarria. Erauntsia izan zen Ezkurdia kantxan. Mota guztietako tantoak egiten hasi zen. Airean ibili zituen aurkariak. Konturatu orduko, bederatzi tanto kateatu zituzten Aspekoek, neurketa erabat hautsi, eta garaipena bideratuta utzi (16-7).

Olaizola II.a azaldu zen orduan, baina berandu zen jada. Hain zuzen, Goizuetakoak (Nafarroa) susto galanta izan zuen, 18-10 zirela Martijak pilotakada bat eman baitzion buruan. Zorionez, jokatzen jarraitu zuen. 19-13 gerturatu ziren Baikokoak, baina Ezkurdiak eten egin zuen susperraldi txiki hori. Olaizola II.ak egindako huts batekin amaitu zen partida.

Pozarren ziren irabazleak finala amaitu berritan. «Etxetik lanak eginda ekarri ditugu, eta gauzatu egin ditugu. Batetik bestera mugiarazi nahi genituen, eta lortu dugu. Laugarren finala eta laugarren txapela. Oso pozik nago. Oso gustura ari naiz finaletan. Hemen egon ezin izan diren pilotazaleei eskaini nahi diet txapela», Ezkurdiak. «Emaitzak dioena baino partida gogorragoa izan da. Baina Josebak asko jokatu du. Niri kostatu zait hasieran, baina gero, gustura aritu naiz. Oso zoriontsu naiz. Familiari eta neska-lagunari eskaini nahi diet txapela», Martijak.

Burumakur zen Urrutikoetxea partida amaieran. «Bagenekien partida gogorra izango zela, eta gogor borrokatu gara, baina gu baino gehiago izan dira, eta partida osoagoa jokatu dute. Merezimendu osoz irabazi dute. Olaizola II.ak, ordea, ez zuen adierazpenik egin. Neurketa amaitu bezain laster joan zen medikuarenera, jasotako kolpea azter ziezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.