Reala 0 - 1 Manchester United

Galdu arren, lehena da

Realak Manchester Uniteden aurka galdu du Anoetan, baina Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu da. Sendo aritu da, amaieran sufritu egin badu ere

Realeko jokalariak, elkar besarkatuta, zaleekin garaipena ospatzen, atzo, Anoeta estadioan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Gorosabel (Aritz, 57. min.),Le Normand, Pacheco, Rico; Zubimendi, Merino, Brais (Zubeldia, 81. min.); Marin (Navarro, 57. min.), Carlos Fernandez (Gebara, 71. min.) eta Sorloth (Magunazelaia, 81. min.).
Manchester United. De Gea; Dalot, Lindelof (McTominay, 57. min.), Lisandro Martinez, Shaw; Van de Beek (Rashford, 57. min.), Casemiro, Eriksen (Fred, 83. min.), Bruno Fernandes, Cristiano Ronaldo eta Garnacho (McGuire, 83. min.).
Golak. 0-1. Garnachok (17. min.).
Epailea. Georgi Kabakov (Bulgaria). Txartel horiak: Realeko Brais Mendezi eta Carlos Fernandezi; eta Manchester Unitedeko Lisandrori, Cristiano Ronaldori eta Daloti.
Bestelakoak. 36.744 ikusle Anoetan; tartean, Manchester Unitedeko 2.000 bat zale.

Realak Europa ligako final-zortzirenak jokatuko ditu. Txuri-urdinek galdu egin zuten atzo Manchester Uniteden aurka, Anoetan, baina lehen postuan amaitu dute ligaxka. Zapore oneko porrota izan zen; sari handia eskuratu zuen. Seitik bost partida irabazita, ezin izan zuen ligaxka biribildu, baina normala ere bada: Manchester United, Manchester United da beti.

Europako txapelketen xarma erabatekoa izan zuen Anoetako partidak. Estadioaren aldiriak bi taldeetako zalez bete ziren neurketa hasi baino dezentez lehenago, eta batzuen eta besteen oihuak ozen entzun ziren kanpoaldean.

Agian, bisitariei gehiago nabaritu zitzaien egun osoko jarduna, eta nabarmenago agertu ziren. Ordea, etxeko zaleena izan zen barrualdeko agintea. Txuri-urdinen aldeko aldarriek eta Huntza musika taldearen abestiek hauspotu zuten harmailetako jendetza.

Norgehiagoka garrantzitsua zen, eta realzaleek horren adinako erantzuna eman zuten. Guztira, 36.744 zale batu ziren Anoetara: sasoiko gehien izateaz gain, Europako partida batean sekula egondako kopururik handiena izan zen.

Taldeak ere ondo ekin zion lehiari. Realak partida irabazteko xedea erakutsi zuen neurketa hasi orduko. Hain justu, Donostiako taldea izan zen erasoan estreinatu zena, bigarren minutuan, Carlos Fernandezen bidez.

Manchesterrek ez zuen aparteko lanik egin lehendabiziko minutuetan. Hori bai, minutuek aurrera egin ahala, gero eta erosoago kokatu zen zelaian, eta gola sartu zuen lehendabiziko aukeretako bat eduki orduko. Gutxi iritsi zen ordura artean; De Gea atezainak luze jo zuen, Cristiano Ronaldoren bila, eta portugaldarrak bakar-bakarrik jaso zuen baloia. Hark Garnachorekin jokatu, eta aurrelariak bikain errematatu zuen ezkerrez. Hasi eta gutxira, maldan gora zuen partida, 17. minutuan.

Behin gola sartua, Manchesterrek patxada ezarri zuen. Deabru gorriek bazekiten, jakin, Realak lerro artean jokatu ohi duela; beraz, atzeko sendotasunari garrantzia eman zioten. Joko zuen erasora aukera zuenean; hala, 26. minutuan izan zuen bigarrena sartzeko aukera, Bruno Fernandesen eta Alejandro Garnachoren artean ondutako abagune batean. Donostiarrek atzean bigun jokatu zuten behin baino gehiagotan, eta Manchesterren ekinaldiek baino arrisku handiagoa sortu zuten.

Hori oso agerian geratu zen atsedenaldiaren atarian. Jon Pachecok akats handia egin zuen baloia urruntzean, eta Cristiano Ronaldori eskura utzi zion bigarren gola sartzeko aukera. Madeira uhartekoak kale egin zuen. Bestela, izugarri makurtuko zen egoera.

Atsedenaldiaren atarian jazo zen hori, 41. minutuan. Realak estu hartu zituen ingelesak hurrengo jokaldian. Carlos Fernandezek gertu izan zuen banako berdinketa, baina haren eta Pablo Marinen saialdiak De Geak geratu zituen. Bigarren aldian, buruz geratu zuen.

Aukera batzuk, eta sufritu

Nahiz eta atsedenaldira galtzen joan, orduko emaitza balekoa zen final-zortzirenetara zuzenean sailkatzeko. Horrek suspertuta edo, Reala bizi zelairatu zen bigarren zatian. Bizpahiru gol aukera izan zituen jokora itzuli orduko.

Minutuek aurrera egin ahala, ordea, bi taldeek kudeaketan jarri zuten indargunea. Presari aterik zabaldu gabe aritu ziren bai Reala, baita Manchester ere, akats txikiena garesti ordain zezaketela jakitun. Imanolek giharraren aldeko apustua egin zuen, Aritz Elustondo eta Ander Gebara zelairatuta.

Azken ordu laurdenean biziagotu egin zen jokoa. Realak imintzioren bat egin arren, Manchester Unitedek izugarri estutu zuen. Realak sufritu egin zuen, baina eutsi zion, eta jaia lehertu zen amaieran. Izan ere, sari handia lortu dute txuri-urdinek.

Pozarren zegoen Imanol partidaren amaieran: «Porrotik gozoena da. Irabaztera joan gara, baina hamar minuturen faltan emaitzari eustea hobetsi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.