Bayern Munich 3 - 1 Reala

Ametsetik esnatu da

Reala Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da, Bayern Munichen aurka 3-1 galdu ostean. Lehen zatian txuri-urdinek ezin izan diote eutsi alemaniarren jokoari

Cecilia Marcos Realeko jokalaria erdiraketa bat egin nahirik, Bayern Municheko Rall aurrean duela. REALA.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bayern Munich. Grohs; Rall, Viggosdottir, Tainara, Gwinn; Lohmann (Kumagai, 87. min), Zadrazil, Stanway; Buhl (Laurnet, 73. min), Schuller (Damnjanovic, 64. min) eta Dallmann (Kett, 86. min).

Reala. Lete; Allegra, Specht, Tejada, Bernabe (Cecilia, 73. min); Iris Arnaiz (Vanegas, 46. min), Gaby (Amaiur, 68. min) Gemma (Andreia, 46. min), Nerea Eizagirre, Franssi (Mirari, 84. min) eta Jensen.

Golak. 1-0. Dallmannek (18. min). 2-0. Dallmannek (22. min). 3-0. Schullerrek (43. min). 3-1. Jensenek (45. min).Epailea. Tess Olofsson. Txartel horiak Realeko Jenseni eta Spechti.

Amaitu da Realaren estreinako aldia Txapeldunen Ligan. Natalia Arroyoren taldea ez da multzo fasean izango. Txuri-urdinen gogoari eta ilusioari Bayernen nagusitasuna gailendu zitzaion atzo Munichen: 3-1 (kanporaketan 4-1). Realeko jokalariek eta Natalia Arroyo teknikariak esana zuten alemaniarrak estutzen ekingo ziotela partidari. Hala izan zen, eta Arroyorenek hamabost minutu baino ezin izan zioten eutsi etxekoen joko erauntsiari. Kontrakarrean, nahi eta ezin, aritu zen lehen zati osoan Reala. Bigarrenean, etxekoek urrats bat egin zuten atzera, eta Realak lehen zatian eduki ez zuena izan zuen: baloi jabetza. Baina ezin izan zuen irauli ia ezinezkoa zuen kanporaketa. Orain, ligan jarri beharko dute arreta bigarrenez Txapeldunen Liga jokatzeko ametsa betetzeko. Kluba izaten ari den hazkundearen isla izan da aurrenekoz Europan aritzea.

Asteburuan, ligako partidan,aulkian izan ziren jokalarietako batzuk Arroyok jarritako hamaikakoan izan ziren atzo: Specht, Gemma, Iris Arnaiz, Nerea Eizagirre eta Jensen. Bayernek taldeko jokalaririk garrantzitsuenetako bat falta zuen, Magull, COVID-19ak jota. Baina ezustea Alexander Straus teknikariak berdegunean jarritako marrazkia izan izan zen, bosteko atzealdearekin jokatu beharrean, laurekin jokatu baitzuen.

Espero bezala, Bayern estutzen hasi zen. Alemaniarrak joanekoan lortutako 0-1eko errenta handitu nahi zuen, partida patxada handiagoz kudeatu ahal izateko. Goian presio estua egin zion Realari, baloia lasaitasunez atera ez zezan. Jabetza lortu, eta Anoetan egin bezala, pase sakon eta luzeen bidez min egiten saiatu ziren alemaniarrak.

Oso nagusi izan zen lehen ordu laurden horretan etxeko taldea, eta bizpahiru aukera garbi izan zituen aurretik jartzeko. Lehena, Zadrazilek urrutiko jaurtiketa batean izan zen. Ondoren, epaileak balio gabe utzi zuen Schullerren gol bat, jokoz kanpo estu batengatik. Bestalde, langara ere bidali zuen erremate bat Dallmannek.

Realari baloia falta zitzaion bere jokoa egiteko. Zelai erdia galdua zuen. Kostata eusten zion alemaniarren lehen oldarraldiari. 17. minutuan, ordea, lehen gola sartuzuen Bayernek. Tejadak ez zuen nahi bezala urrundu baloia. Dallmanni iritsi zitzaion. Buhlekin jokaldia lotu, eta lehenak ez zuen barkatu.

Reala nahi eta ezin ari zen. Maldan gora zuen kanporaketa, eta are gehiago zaildu zitzaion, alemaniarrek bigarrena egin baitzuten 22. minutuan. Jokaldi arraro batean, baloiak Spechtengan jo zuen, eta Elene Lete ezustean harrapatu zuen Dallmannek. Alemaniarren bi jokalari jokoz kanpo zeuden, baina ez marrazainak, eta epaileak ere ez zuten ezer adierazi. 23. minutua zen. Bayern Munichek nahi zuen lekuan zuen kanporaketa. Anoetan tantaka erakutsitakoa, 30 minutuz gauzatu zuen Bayrnek, eta azken hiru urteetan txapelketako finalerdietara zergatik iritsi den erakutsi zuen.

Realak ezin zuen amore eman. Alemaniarrek berean jarraitu zuten, nahiz eta zertxobait gutxiago estutu zuten. Realak, ordea, apenas sortu zuen arriskurik. Atsedenaldia iristear zela ailegatu zen Bayernen hirugarrena. Schullerrek egin zuen. Erdiraketa on bat jaso, eta bigarren zutoinean baloia bultzatu besterik ez zuen egin behar izan.

Baloia zelai erditik atera, eta Realak, gutxienez, gola egin zuen taldean ondo lotutako jokaldi batean. Jensen izan zen taldearen historian lehen golegilea Txapeldunen Ligan.

Hobeto, baina arrisku gutxi

Bigarren zatiko lehen aukera Bayernentzat izan arren, hobeto aritu zen Reala. Arroyok Vanegas atera zuen, eta erdiko hiru atzelarirekin jokatu zuen. Baloi jabetza izanda konfiantza eta ausardia apur bat gehiagorekin jokatu zuen. Sanni Franssik gutxigatik ez zuen errematatu buruz Allegraren erdiraketa bat.

Alemaniarrek, hala ere, arriskuasortu zuten baloia lapurtu eta erasora bizkor ateratzen zirenean. Baina atzealdeak eta, batez ere, Elene Letek, ondo erantzun zuten. Atezainak berriz ere partida txukuna eta serioa jokatu zuen.

Realari sakontasun apur bat falta zitzaion erasoan arrisku apur bat gehiago sortzeko. Hori lortzeko asmoz, Gaby kendu, eta Amaiur Sarriegi zelairatu zuen Arroyok. Joanekoan pizgarri izan zen irten zenean. Gutxira atera zen Cecilia Marcos ere.

Minutuak aurrera joan ahala, eta kanporaketa erabakita egonda, partidak intentsitatea galdu zuen, eta azken 20 minutuetan apenas sortu zuten arriskurik bi taldeek, Nerea Eizagirrek egindako urrutiko jaurtiketa bat izan ezik. Hala amaitu zen partida. Burua jaso, eta igandean beste erronka bat dute txuri-urdinek, ligan, Sevillaren zelaian.

Arroyok onartu zuen atzoko partidan ez zirela ondo irten: «Zailtasunak izan ditugu, eta ikasgai bat izango da etorkizunerako». Egonkortu zirenean, «hobeto» aritu zirela nabarmendu zuen. «Honek balio behar digu ikasten jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.