Euskal taldeen arteko finala ia ikusezina izan da Sevillan. Hiria Aste Santuko giroan murgilduta egon da, prozesioak bertan behera gelditu izanaren minari eusten. Inor gutxik zekien hirian partida jokatzekoa zela. Atzo larunbat santua zen, eta, bezperako doluaren ondoren, bertakoek terrazak lepo bete zituzten. Eta finala? Esandakoa, «ia» ikusezina, Realak eta Athleticek Sevilla inguruan dituzten zaleek euren onena eman zutelako partida oharkabean pasa ez zedin. Jardun deigarriena athleticzaleek izan zuten. Oscar De Marcos zale taldeko kideek Triana auzoaren txoko bat bere egin zuten. Itsasontzi bat alokatu, eta zale taldeko kideak bertako antxerritik irten ziren, Athleticeko jokalariak zeuden hotelera joateko asmoz. Bertan, Aitor Elizegi presidenteak ongi etorria eman zien. Arratsaldean, trianara joan ziren, Dos Hermanas herriko egoitzara itzuli aurretik.
Realzaleak gutxiago ziren kopuruz, baina Nazarena eta Sur zale taldeetako kideek bat egin zuten La Esquinita del Puente tabernan. El Alamillo zubiaren alboan dago ostatua, Cartuja estadiora ematen duena. Egunean zehar hogei lagun inguru bildu ziren bertan, eta ez zen oihurik eta kanturik falta izan. Athleticeko elastikoekin jantzitako familia bat bertaratu egin zen arratsaldean, eta eguneko argazki politenetako bat utzi zuten. Sevillan bi taldeetako zaleak gurutzatu ziren une bakarretakoa izan zen, eta Tubacexeko langile bat batu zitzaien. Arrazoi pertsonalengatik Sevillara joana zen. Realzaleek, gero, taldearen hotelera jo zuten jokalariei azken animoak emateko. Behin estadioan, deigarriak ziren harmailak estaltzen zituzten pankartak.
Espainiako Kopako finala
Kolorezko pinportak santuen artean
Sevillan ia ez du oihartzunik izan Espainiako Kopako finalak. Baina Athleticen eta Realaren hango zaleek beren onena eman dute, eta giro polita jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu