Kontxi Larrañaga. Erietxe psikiatriko batean bizi den paziente baten senidea

«Abandonu sentimendua sortzen dit ahizpa ez ikusteak»

arantxa iraola
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Konfinamenduaren konfinamendua izenburuko gutun bat argitaratu zuen Kontxi Larrañagak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1957) BERRIAn urriaren 2an. Ahizpa bat buruko eritasun larri batekin du Arrasateko Aita Menni erietxe psikiatrikoan (Gipuzkoa), eta izurriak eragindako konfinamenduek hango pazienteei ekarri dizkieten arazoez ohartarazi nahi izan zuen. Gogoeta horiek berritu nahi izan ditu. Diagnostiko eta pronostiko larriak ditu ahizpak, gorabehera asko izan ditu, eta denbora asko darama erietxean: «Esan dezakegu han bizi dela». Harekiko harremana lantzeko eta zaintzeko ahalegina beti egin dute etxekoek, baina pandemiak eragozpen asko jarri dituela adierazi du, zaildu eta trabatu egin duela erlazioa: «Nik orain ezin dut lehen bezala nire ahizpa ikusi». Adibide bat jarri du: pandemiaren ondorioetako bat izan da bisiten iraupena murriztea, hiru ordu laurdenera. Zama da familientzat: «Nik, adibidez, ezin ditut 200 kilometro egin finean ordu erdian geratzen den bisita baterako. Gainera, nahasmen handia dugu; orain zentroa irekita dago bisitentzat, orain itxita...». Sentimendu minbera batekin bizi du aldaketa hori guztia: «Abandonu sentimendua sortzen dit ahizpa ez ikusteak. Haren falta sentitzen dut». Badute «telefono eta bideodeien bidezko» erlazioa, baina, Larrañagaren aburuz, ez da aski.

Izurriaren ondorioz, ahizpak etxera egiten dituen bisitak ere murriztu egin direla adierazi du, galdu egin dutela lehenagoko joritasuna, erraztasuna. Horren ondorioez jabetzeko eskatu du Larrañagak: «Guk, adibidez, ama 87 urterekin daukagu, alzheimerrarekin, eta nik nahi dut ahizpak hori ikustea orain, behera nola ari den: berak ikusi behar du egia zein den, nik beti esan izan baitiot egia, bai gauza onak, baita txarrak ere». Ahizparen psikiatrari aparteko eskea eginda lortu zuen, «salbuespen antzeko baten bidez», udazkenean ahizpak astebete egitea etxean: «Guretzat festa bat izan zen. Oso ondo egon ginen, oso goxo».

Zentro itxi batean bizi den norbaitekiko harremanak ehuntzea, beti hor egotea, pandemiaren itzalik gabe ere, lan gaitza dela gogorarazi du. Trabez jabetuta, zaintza sarea zabaltzea erabaki zuten orain dela urte batzuk Larrañagak eta etxekoek: «Laguntzaile bat hartu genuen». Haren bidez, bermatu dute ahizpak beti ondoan izango duela propio bere kontuez arduratuko den norbait. «Hark erosten dizkio behar dituen gauzak; medikuarengana-eta joan behar badu ere, nik ezin badut, hark laguntzen dio». Pandemia giro honetan, etxekoei lasaitua eman die laguntzaile hori hor dagoela jakiteak. «Izan ere, zentro barruan ere, moztu egin zaizkie eguneroko bizitza eta eginkizunak. Orain ezin dute, adibidez, kafetegira jaitsi nahi dutenean, eta berak esaten du oso gogorra dela. Haien orain arteko erritu asko ere bertan behera geratu dira. Oso era txarrean daude». Laguntzailea ezinbestekoa dute, baina beren poltsikotik ordaintzen dute, eta badaki halakorik gabe daudela paziente asko, halakorik izateko erarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.