Arrauna

Irekia dago, eta ez da topikoa

Hondarribia izan da azkarrena Zarauzko lehen jardunaldian, baina lau segundora ditu Santurtzi eta Orio, eta zortzira Zierbena eta 11ra Urdaibai. Haizea eta itsaso mugitua daude iragarrita gaurko

Hondarribiko trainerua, ziagoba ematear, atzo, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Zarauzko ikurrin preziatua zeruan dabil hegan, jolasean bezala, inoren eskuetara erori nahi ez duela. Bila joan ziren atzo arraunlariak, baina urruti geratu ziren. Lagundu zion horretan eguraldiak, bero handiegia egiten zuelako arraunean egiteko, eta batez ere itsasoa, Zarautz izateko, leun azaldu zelako; bagatxoa bai kanpoaldean, baina asko eskatzen ziena arraunlariei. Estropada fisikoa eta gogorra eskatu zien atzo banderak arraunlariei, jolasa gaurko luzatu nahi balu bezala.

Erori beharko du, bada, traineru baten barrura gaur eguerdian (12:15, ETB1). Nora joango den asmatzea dago zaila, atzo dena irekita geratu zelako. Atera kontuak: bost talde sartu ziren 11 segundoren barruan. Hondarribiak ukitu zuen banderaren makila, baina gainean eutsi zioten ondorengo talde hauek: Santurtzi 4,36 segundora du, Orio 4,70era, Zierbena 8,84ra, eta Urdaibai 11,91era. Irekita dagoela esatea, bistan da, ez da topiko edo betiko esaldi horietako bat.

Gaurko, haizearen gorakada nabarmena iragartzen da eguerdiak aurrera egin ahala, eta horrek esan nahi du bigarren txandako Urdaibaik aukera izan dezakeela Eusko Label ligako estropadarik preziatuena irabazteko. Atzokoa bezalako lan biribila egin beharko du lehendabizi, eta gero, ikusi zer egiten duten ohorezko txandakoek.

Bizkaitarrek bezalako lan ona egin zuen atzo Hondarribiak azkeneko txandan. Bigarren kaleanjoan zen, eta, hasierako txanpan izan ezik, buruan ibili zen estropada guztian zehar. Aurkariak gainean zituela, hori bai. Atzo inork nahi ez zuen lehen kalean ——aurreko bi txandetan, Isuntza eta Cabo azkena izan ziren kale horretan—, Oriok estropada latza egin zuen. Udan zehar estropada asko jokatzen ari diren Bersaitz Azkue, Jon Etxaniz eta Martxel Aldai, adibidez, lehorrean zirela. Ondo eutsi zion Hondarribiari—kuadrillarik onenarekin zen atzo—, barrura eta kanpora. Eta bigarren ez zuen egin hutsagatik, Santurtzik azken metroetan aurrea hartu ziolako laugarren kaletik.

Itsasoko estropadak ur bareetako jarduna zela eman zuen atzo arratsaldean, eta azken txandako lau taldeen artean izan zen lehia estuak handitu egin zuen uste hori. Laurak zortzi segundoan sartu izanak ondo azaltzen du hori. Zierbenak ere atzo berea eman zuelako, azkena izanagatik txandan.

Ederki azaldu zuen lanaren ondoren zer izan zan atzokoa Ioseba Amunarrizek, Hondarribiko patroiak: «Zaila zegoen aurkariak atzean uzteko». Eman eta eman aritu, estropada handia egin garaileak, baina, udan halakoetan gertatu ez den bezala, atzo denak gainean. Une batzuetan, ematenzuen Hondarribiak hautsi egingo zuela estropada, bospasei segundora eduki zituelako Orio eta Santurtzi. Azkeneko luzearen lehen partean gertatu zen hori, baina ezin alderik ireki, eta gaur erabakiko da Zarauzko ikurrina. Jaitsiko da bai bandera zerutik patroiren baten eskuetara, eta zeruan utziko ditu garaileak.

San Pedroren pauso ona

Beste bi txandetan ere antzeko baldintzak izan zituzten gainontzeko zortzi traineruek, aurrenekoek bakarrik jokatu bazuten ere ura gora zihoala. Kaiku izan zen azkarrena, baina San Pedroren lana ere nabarmendu egin behar da. Oso lan ona eginez bigarren kalean, buruan ere izan zen, eta hirugarren luzean hartu zion aurrea Kaikuk. Oso atzean utzi zituen Astillero eta Isuntza, eta kontuan izanda atzokoa azken-laugarren estropada zutela azkeneko laurek, pasaitarrentzat final kutsua zuen atzokoak: nahi etanahi ez bi punturen aldea murriztu beharra zeukan Astillerorekin, eta lortu zuen, egindako lan zoragarriak baino sari txikiagoa eskuratu bazuen ere, puntu bakarra kendu zielako espainiarrei. Batenatzerapena du orain azken sailkatuak, eta hiru estropada ditu Astillero atzean utzi eta espainiarrak KAE 1 ligara bidaltzeko. Isuntza izan zen zen atzo azken sailkatua.

Bigarrengoan, Urdaibaik hasi eta buka menderatu zuen txanda, eta bigarren estropada ona du segidan. Ondarroak ere lan aparta egin zuen, eta zazpi segundo baino ez zituen galdu bermeotarrekin. Donostiarra apal ibili zen atzo, baina Cabo utzi zuen atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.