Maddi Torre. Realeko jokalaria

«Txosnetan aurkitzen banau inork, bidal nazala etxera»

Aste Nagusiaren hasierako kanoikadan 'Artillero' kantatzeko gonbidapena jaso dute Realeko hockey eta futbol jokalariek, aurreko denboraldian lortu zituzten garaipenenengatik

Donostia
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Maddi Torre (Donostia, 1996) futbolaria aurreko denboraldian iritsi zen Realera: maiatzean, Espainiako Kopako finala irabazita itzuli ziren Donostiara Granadatik. Aste nagusi hasierako kanoikadan bertan egongo da bere taldekideekin eta Realeko hockey taldeko jokalariekin: haiek kantatuko dute Artillero.

Hasi al zarete ahotsa berotzen? Egin duzue entsegurik?

Egunean bertan jarri dugu hitzordua entsegurako. Egia esan, nahiko gaizki abesten dugu, eta, beharbada, komeni litzaiguke lehenago pixka bat praktikatzen hastea [barrez].

Kopa irabazita, beste etapa bat hasi du taldeak?

Bai, izan liteke, baina guk berdin-berdin jarraituko dugu, gogor lanean. Realak apustu handia egin zuen gurekin, eta lortutako garaipenarekin bide horretan jarraitzea espero dugu. Gipuzkoan, emakumeak sendo sartzen ari gara kirol munduan: belaunaldi berriei bidea pixka bat erraztu diegula pentsatu nahi dugu.

Datorren denboraldirako kontratua luzatu dizute, eta Realean jarraituko duzu; zein izango da zuen helburu nagusia?

Joan den denboraldiko erronka oso handia izan zen, eta zaila izango da lortutakoa hobetzea. Neuri Europara iristea gustatuko litzaidake, eta sailkapen nagusian postu hobea lortzea ere ez legoke gaizki.

Kopa irabazita jasotako babes eta ongietorrien jarraipena da Artillero kantatzeko gonbita?

Zaleengandik jaso dugun babesa izugarria izan da, eta herriko jaiei hasiera ematea ere ohorea da. Hala ere, egindakoa atzean utzi, eta aurrera begira jarri nahi dugu buru-belarri. Ezin gara irabazitakoari begira gelditu denbora luzez.

Donostiarra izanda, zer sentitu zenuen gonbidapenaren berri izatean?

Harrotasuna. Udaletxean, bertako jendez inguratuta, Aste Nagusiari hasiera emango dion kanoikadan egoteak izugarrizko ilusioa ematen dit.

Aurtengo kanoikadan emakumeak izango zarete protagonistak, ezta?

Bai; gurekin batera, Realeko hockey jokalariak ere egongo dira, guztiak kirolariak eta emakumeak. Kirol munduan pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira: gure presentzia erakustea eta gizartea kontzientziatzen segitzea garrantzitsua da.

Datorren denboraldirako entrenamenduekin hasiak zarete, baina izango duzue festarako tarterik?

Aste osoan entrenamenduak izango ditugu, eta uste dut ez dugula tarte handirik izango festa girora joateko. Txosnetan aurkitzen banau inork, seinale txarra: bidal nazala etxera! Hurrengo larunbatean libratuko dugu, Logroñoko [Errioxa, Espainia] partidua eta gero. Gauerdian iritsiko gara etxera, eta ez dakit ze gogo izango dudan.

Zer da Aste Nagusitik gehien gustatzen zaizuna?

Egia esan, ez dut inoiz oso gertu bizi izan Donostiako Aste Nagusia. Azken urteetan, kanpoko taldeetan aritu izan naiz jokatzen, eta ez nuen etortzeko aukerarik izaten. Oroitzapen gehienak txikitakoak ditut, amarekin Kontxako hondartzara su festak ikustera joan, eta ondoren izozkia jatera joaten nintzenekoa.

Zer mezu helarazi nahiko zenieke donostiarrei eta kanpotik etorriko den jende guztiari Aste Nagusi honetarako?

Disfruta dezatela eta disfrutatzen utz dezatela. Ondo pasa dezatela etortzen diren guztiek, eta errespeta ditzatela ondokoak eta ingurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.