Arnasa behar duten hiriak

Bero uharteei aurre egiteko, ingurumena zaintzeko neurriak hartzen ari dira hainbat hiri: material islatzaileak erabiltzea, zuhaitzak landatzea, garraioari lotutako moldaketak... Euskal Herrian halako efekturik ez dagoen arren, adituek ezinbestekotzat dute estrategiak globalki lantzea.

Kopenhage. Kaleak era jakin batean ordenatzeak bizikletaren erabilera errazten du, eta, era berean, kutsadura gutxitzea eragiten du. TONY WEBSTER.
Maite Alustiza.
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ohiko gomendioa da eguzkiak gogor jotzen duen egunetan kamiseta beltzik ez janztea; zuriak ez bezala, ilunak argi izpiak xurgatzen dituelako. Berdin gertatzen da hirietan: zoru beltzak, teilatu ilunek eta eraikinetako bestelako materialek beroa pilatzen dute egun osoan; gauean, ordea, beroa askatzeko orduan, inguruak hartzen du bero hori. Hala, hiriguneko tenperatura inguruko landa eremukoa baino handiagoa denean, bero uharte izeneko efektua sortzen da. Horri aurre egiteko, neurriak hartzen dabiltza zenbait hiri.

Los Angelesen (AEB), adibidez, hainbat kaletako zoru beltzak zuri-grisaxkaz margotzen ari dira, lurrak ez dezan halako berorik xurgatu. Material islatzaile berezi bat da Cool Seal, eta, probetan ari badira ere, udal zerbitzuek ziurtatu dute oraingoz freskoago dagoela zuriz margotutako inguruetan. Teknika berriarekin, hogei urtean batez besteko tenperatura bi gradu gutxitu nahi du Eric Garcetti alkateak. Dena den, hiri osoan jartzea ekonomikoki egingarria ote den aztertuko dute; izan ere, ia 34.000 euroko kostua dauka 1,6 kilometroko.

Bero uhartearen fenomenoa ez da berria, baina, neurririk hartu ezean, 2100. urtean hirietako tenperaturak 7-8 gradu beroagoak izan daitezke. Hala jaso berri dute Nature Climate Change aldizkarian: igoeraren bost gradu berotze globalaren ondorioz lirateke, eta, gainerakoak, bero uharte efektuarengatik. Euskal Herrira «zorionez» ez da halakorik iritsi, eta ez heltzea espero du Victoria Iglesiasek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzako Jasangarritasun Batzordeko kideak: «Hirietako diseinuan lorategi asko eta parke asko edukita, eta inguruan babestea lortzen dugun naturari esker, orokorrean nahiko nota ona daukagu».

Eraikuntza iraunkorra geroz eta gehiago hartzen da kontuan, baina ezinbestean, arauen arabera gauzatzen dira aldaketak. «Europak markatzen ditu joerak; 2007tik norabide aldaketa garrantzitsu bat eman da iraunkortasuna kontuan hartzen duen eraikuntzari dagokionez». Pausoak eman diren arren, «gu azken bagoian goaz», Fernando Mora eraikuntza iraunkorrean aditu eta EHUko arkitektura irakaslearen ustetan. Europako Ekonomia Erkidegoan «berandu» sartzeak horretan eragina izan dezakeela uste du: «Guk gero ia dena kopiatu egiten diegun arren, beste herrialde batzuek alde handia ateratzen digute; aurretik ari ziren energia kontsumoaz, aurrezteaz, erregaiez eta abarrez estrategiak egiten».

Hiriei arnasa emateko egitasmoen artean, zuhaitzak landatu dituzte hiri askotako erdiguneetan. Eta eraginak nabariak dira. New Yorkeko Estatuko Unibertsitateak munduko hamar megahiritan —hamar milioi biztanle baino gehiagoko hiriak— egin du azterketa, eta, ikerketaren arabera, arbolak edukitzeak urtean 425 milioi euro aurreztea eragin die osasun arreta, energia kostuak eta ingurumenarekiko babesa kontuan hartuz gero. Pekin, Buenos Aires, Kairo, Londres, Mexiko Hiria, Mosku, Tokio, Istanbul (Turkia), Los Angeles (AEB) eta Bombay (India) dira horren adibide.

Ildo beretik, Singapurren lorategi bertikalak erabiltzen dituzte eraikinetan, eta beste hiri askotan ohikoa da teilatuetan landareak izatea: udan, bero uhartea sortzea saihesten dute; eurite sasoietan, berriz, uholde arriskua gutxitzen da. Aitor Erkoreka ingeniaritza termikoan doktore eta irakasleak energia termikoaren ikuspuntutik aztertu ditu landare estaldurak. Ondorioztatu du udan «bero handia» egiten duen lekuetan aproposak direla. Bero handiegia egiten ez duen tokietan, ordea, ez luke mereziko, «merkeagoa eta eraginkorragoa» baita isolatzaile geruza lodiago bat jartzea. Ohiko teilatuekin alderatuta, landare estaldurekin aire girotuaren beharra murrizten da, eta, beraz, baita energia kontsumoa ere. «Eguzkiaren energia teilatutik etxe barrura sartu ordez, landareek aprobetxatzen dute, fotosintesia eta ebapotranspirazioa egiteko. Horri esker, teilatuaren kanpoko gainazaleko tenperatura ez igotzea lortzen da». Hori bai, ezinbestekotzat du teilatuak ureztatze sistema egoki bat izatea.

Etorkizuneko hiriak

Hiriak gero eta handiagoak egiten ari dira. Moraren arabera, 2050erako biztanleen %75 hirietan egongo dira. XIX. mendetik hiriek transformazioak jasan dituzten arren, uste du oraingoa «beste garai erabakigarri bat» dela, «industria garapenetik hona sortu ditugun gasen eta konbustioen eraginez delako». Iraunkortasun estrategiak ezarri nahi dituen edozein hirik esku hartzeko bi esparru ditu, Morarentzat: batetik, hiriaren plangintza iraunkorra, diseinatzea; eta bestetik, plan horren barruan egitekoa, eraikinak eta abar. Baina eraikitzea, kontsumo baxuko eraikinak izanda ere, ez du ideia ontzat: «Eraikin berri batek ez du inoiz energia aurreztuko, baizik eta energia behar berriak eragingo ditu».

Hiri batean iraunkorrak izateko, hiru bide daudela uste du: berritzea —dagoena hobetzea—, ordezkatzea —egoera txarrean daudenak ezin badira berritu— eta konpresioa —hiria trinkotzea, dentsitatea handitzea—. Azken ideia horrekin bat dator Iglesias, sakabanatuen dauden hirietarako baliabide gehiago erabili behar direlako errepideei eta azpiegiturei dagokienez: «Esaten da hiririk iraunkorrena trinkoa dela, eta birika modura funtzionatzen duten gune berdeak dituena».

Iraunkortasunerantz hartzen den neurri batek, dena den, beste baten eskutik joan behar du, Moraren iritziz: «Estrategiak globalak izan behar dira; gizarte zerbitzuak, energia, osasuna, garraioa... Bakoitzak aldamenekoaren beharra dauka». Garrantzitsutzat du energia berriztagarriak erabiltzea, baita garraioaren eraginkortasunari lotutako estrategiak garatzea ere. Donostia jarri du adibide: «Gero eta gehiago sartzen ari da IKTen munduan [Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak], aplikazioarekin kontsulta ditzakezu autobusak... Hori abantaila da». Morak garraio publikotik harago jarri du arreta: «Parisen egon berri naiz, eta auto elektrikoen sistema izugarria da, AutoLib. Autoak uzteko aparkalekuez josita dago hiria, sekulakoa da».

Geltokien sistemari lotuta dago bizikletena ere. «Hemen, geltokiak dauden sistemara egokitu behar zara. Zortea baduzu etajoan behar duzun tokiaren parean egokitzen bazaizu, ederki, baina bestela...». Florentzian (Italia) darabilten sistema hobetsi du: Mobike. «Bizikletak GPSa dauka, aplikazio batekin aktibatzen da, eta nahi duzun lekuan utz dezakezu, ez geltoki jakinetan; horrela, instalazioan aurrezten da».

Hiria ordenatzeko moduak ere badu zerikusia aurreztean: Kopenhagen, bizikleta erabiltzaileei esker, urtean 90.000 tona CO2ren isurketa aurrezten dituzte. Kaleen banaketan dago gakoetako bat, Moraren arabera: «Eraikinen aldamenean oinezkoentzako espaloia daukate, mantso joateko; aldamenean, bidegorria, pixka bat azkarragoa; eta jarraian, ez dago autoen bidea, baizik eta aparkalekuak. Horrela, bidegorria beti babestuta dago autoengandik».

Hiriko argiterian ere eragin daiteke: argitze adimenduna dute hainbat hirik. Donostian, Kontxako lur azpiko aparkalekuan jarrita dute. Argia mehe dago une oro, eta sentsoreek mugimendua antzematen dutenean, areagotu egiten da. «Energiaren aurrezte garrantzitsua dago, baina gai hori aztertzen ari dira desabantailak ere badituelako; inguru ilunak sortzen dira batzuetan».

Masdar, «hiri hotz bat»

Iraunkortasunaren arloan «egin behar denaren adibide» izateko asmatu dute Masdar, Abu Dhabin. Hiri berri bat da, proiektu pilotu bat, «diru askoko konpainien jabeek babestuta» eta Norman Foster arkitektoak egina. Morak azaldu duenez, milioika euro inbertitu dituzte, gehienbat klima oso lehorra delako, eta puntako aurrerapen teknologiko guztiak aplikatu dituzte. Baina «hiri hotz bat» da: «Gaur egun inork bisitatzen ez duen etorkizuneko hiria dela esaten dute. Hiri absurdo xamarra da. Hiri batean hazi eta bizi garenok badakigu hiri bat handi egiten duena parte hartzea dela, ateratzea, dendak izatea, dena eskura edukitzea...». Parte hartzeari lotuta, Detroit (AEB) aipatu du. 2007ko krisiaren ondoren, bi milioi biztanletik 700.000ra pasatu da: «Eraikin publiko ugari hutsik daude, kate handiek alde egiten dute... Parte hartzeak eragin du lagun asko hiriko nekazaritzara dedikatzea». Utzita zeuden parkeak eta gune berdeak landatzeko erabiltzen dituzte; modu horretan, elikagai freskoen gabezia estaltzeaz gain, nekazaritza hirian txertatu dute.

Politika publikoetatik harago,Iglesiasek uste du herritar bakoitzak arlo ugari dituela «bere hondar alea» jartzeko; hondakinak, esaterako: «Demagun arkitektoak araudiaren aldetik behartuta daudela sukaldeetan eta eraikinetan espazio jakin batzuk uztera birziklatzeari begira. Baina gero erabiltzaileak ez badu banaketarik egiten, ez du askorik balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.