Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Zertarako

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Qatarren 1952. urtean indargabetu zuten esklabotza, artean Erresuma Batuko protektoratua zenean. Britaniar Inperioak, berez, 1833an onartu zuen esklaboak izatea debekatzen zuen legea, baina kolonietan eta protektoratuetan patxadaz ezarri zen.

Egia da inperialismoaren ondare ilun horrek bazuela emirren dinastiaren erabateko konplizitatea. Al-Thanitarrena sustrai sendoko zuhaitza da, eta behinolatik erabiltzen zituzten esklaboak. Denborarekin, praktika zital hori beste sistema zital batekin ordezkatu zuten.

Kafala esklabismoaren eufemismo bat baino ez da. Hitzak, berez, babesa esan nahi du; izan ere, jurisprudentzia islamiarrean haur umezurtz musulmanen hazkuntzari egiten dio erreferentzia. Kafalaren jatorrizko legeak, baina, beste zentzu bat hartu zuen, eta ustez langile migratzaileak babesteko sistema izan behar zuena esklabotza berri bat bilakatu da.

Atzerriko edozein langilek kafi edo patroi bat behar du emirerrian lana aurkitzeko. Honek, ordainetan, soldataren zati bat bereganatzen du eta, bide batez, dokumentu ofizialak konfiskatzen ditu, tartean pasaportea. India, Pakistan, Nepal, Bangladesh eta Sri Lankako milaka langilek baldintza horietan egiten dute lan Qatarren.

Munduko Futbol Kopan polemika piztu duten auzi bakanetakoa da. The Guardian egunkariaren ikerketa baten arabera, 6.500 langile hil dira azken hamar urtetan estadioak bizkor eraikitzeko izan dituzten lan baldintza negargarriengatik. Lanaldi amaigabeak, oporrik gabe, tenperatura altuetan, segurtasunik gabe, pilatuta bizitzen eta sos gutxi batzuen truke.

Qatarrek mundialaren bezperan erreforma batzuk egin ditu sistema hau bertan behera uzteko, baina papera gauza bat da, eta errealitatea beste bat. Esklabotza garaikidea da. Ez dira nor eta ez dira zer, zertarako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.