Ada Hegerberg

Hitzetatik ekintzetara

Lehen Urrezko Baloia irabazi du norvegiarrak, baina ez da izango Munduko Kopan, gizonen soldatak askoz handiagoak direla salatzeko.

Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hordago handira jo du Ada Hegerbergek, emakumezkoen futbolari onenak: nola gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean egundoko koska dagoen, Olympique Lyoneko aurrelari norvegiarrak uko egin dio uda honetan Frantziak antolatutako Munduko Kopa jokatzeari. Ezberdintasun hori eta beste hainbat salatzeko hartu du erabakia, eta, oraingoz, ari da zeresana ematen. Beste kontu bat da txapelketa jokoan dela zenbateko oihartzuna izango duen erabakiak, eta hori baino garrantzitsuagoa dena: berdinduko al dituzte gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak futbol munduko soldatetan?

Ez da edonor Hegerberg, baina nork zuen haren berri oraintsu arte emakumezkoen futboletik kanpo? Beste aldagai hau ere oso kontuan hartzekoa da: haren salaketaren oihartzunak Munduko Kopari hedabideetan ematen zaion lekuaren araberako proportzioa izango du, eta, gauzak asko aldatu ezean, keinu huts bihurtzeko arriskua dauka aurrelari norvegiarraren erronkak.

Bost axola horrek guztiak berari: «Balio batzuk dauzkat, pentsatzeko modu bat, eta neure buruarekin zintzoa izan naiz erabakia hartuta. Ez da zaila izan. Kontrakoa esango nuke, nork bere buruarekin leial jokatzen duenean erraza delako erabakirik zailena ere hartzea». Horrela azaldu du bere jarrera. Badu eskarmentua lehendik ere halakoetan. Izan ere, duela bi urte Norvegiako Federazioari antzeko zerbait egin zion.

Honela eman zuen eskari haren berri, agiri batean: «Futbola da kirolik garrantzitsuena Norvegiako neskentzat, eta horrela izan da urteetan, baina neskek ez dauzkate mutilek dituzten aukera berberak». Ez zen ari soldatez soilik. Azpiegiturak, plangintzak, garapena eta abar ere bazituen gogoan berdintasuna eskatzen hasi zenean. Zerbait lortzeko balio izan zion, eta herrialdeko federazioak eta jokalarien sindikatuak ados jarri ziren gizonezkoen eta emakumezkoen soldatak parekatzeko. Gizonezkoek lortzen dituzten etekin komertzialen zati bat emakumezkoentzat izatea adostu zuten. Baina ez zitzaion nahikoa iruditu Hegerbergi, eta berdintasun osoaren bila, bere ametsetako bat sakrifikatzea erabaki du: Munduko Kopa jokatzea.

Soldaten arrakala izugarria delako gizonezkoen eta emakumezkoen artean. France Football aldizkariak zabaldu duenez, Leo Messik irabazten du gehien gizonezkoen artean: 130 milioi euro urteko. Soldata, publizitate sarrerak eta sarien diruak daude sartuta. Emakumezkoen artean, Hegerbergek irabazten du gehien: 400.000 euro. Bada zerbait, baina tokitan dago gizonezkoengandik. Beste datu hau ere oso argigarria da: Messik, Argentinarekin lagunarteko batera Guatemalara joateagatik, Hegerbergek urtean irabazten duena kobratu zuen, eta minutu bakar bat ere jokatu gabe.

Hainbat errekor dauzka

Hegerberg bada Messi hainbeste emakumezkoen futbolean. Palmares ederra du klubekin, hiru aldiz irabazi baitu Txapeldunen Liga. Betiko gordeta geratuko da hark irabazi duela lehen Urrezko Baloia emakumezkoetan. Beste marka batzuk ere badauzka: 16 urterekin, hiru gol sartu zituen zazpi minutuan, eta Norvegiako ligan partida berean hiru gol sartu dituen gazteena da. 2015eko Txapeldunen Ligan hamabost gol sartu zituen, urte berean Cristiano Ronaldok hainbeste. Baina ezagun, honengatik egin zen: Urrezko Baloiaren sari banaketan, aurkezleak matxismo kutsuko dantza bat egiteko eskatu zion. Irmo erantzun zion: «Ez eta ez!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.