Arrauna

Mugarri sendo bat uretan

Euskotren ligan zortzi traineru ariko dira 2023.urtetik aurrera, Traineru Kluben Elkarteak hala erabakita. Maila nagusiko eta ETE ligako arraunlariek «pozik» hartu dute albistea, eta berdintasuna lortzeko urrats garrantzitsua dela iritzi diote.

Donostiarra, Hondarribia, Donostia Arraun Lagunak eta Orio, azken denboraldiko Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, Euskotren ligan. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Emakumeen arraunaren munduan mugarria izan daitekeen urtea izango da 2023.a. Izan ere, Euskotren ligaren hamalaugarren alditik aurrera, parte-hartze kopurua lautik zortzira igoko da. Lehen hiru denboraldietan, gainera, Galiziako bi ontzi ariko dira maila nagusian, Traineru Kluben Elkarteak hala erabakita.

XUBANE URIBARRENA Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria
«Ezustekoa ez da izan; iritsi beharreko aldaketa baizik»

Azken hiru urteetan, Euskotren eta ETE ligetan lehiakortasunean jauzia egon dela kontuan hartuta, maila nagusiko traineru kopurua handitzea ez da ezustekoa izan Xubane Uribarrena Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlari eta azken ligako irabazlearentzat (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999): «Iritsi beharreko aldaketa izan da». Uste du Euskotren liga handitu behar zela, «betiere ETE ligako lehiakortasuna mantenduta; sekulako gorakada izan baitu».

Agintariek liga handitzeko erabakia zergatik hartu duten galdetuta, zalantzak ditu Uribarrenak: «Ez dakit, kirol emaitzengatik edo emakumeen kirola bermatzeko zurikeriagatik izan ote den. Kanpotik presio ekonomikoa dago. Lehen arrazoiagatik izan dela pentsatu nahi dut».

Lehen hiru sasoietan Galiziako bi ontzik plaza ziurtatua izango dutela eta, hona Uribarrenaren iritzia: «Iruditzen zait galiziarrek igoerako kanporaketa jokatu beharko luketela; bestela, ETE ligakoei igotzeko aukerak murrizten zaizkie». Baina bestaldetik begiratuta, azterketa hau egin du: «Maila nagusian bi galiziar egonda, sendotasuna emango dio hango ligari, eta horrek klubei trainerua uretan egoten lagundu».

Urrats horrek iragana eta geroa markatuko ditu, Uribarrenaren iritziz. «Zortzi traineru egonda, ezuste gehiago suertatuko dira, eta, gisa horretara, faboritoak diren ontziek erortzeko arrisku handiagoa izango dute».

IRATI GAZTELUMENDI Hondarribiako arraunlaria
«Bi txanda egoteak oreka eta saltsa emango dizkio Euskotren ligari»

«Euskotren liga sortu zenetik lehiakide kopurua handitzeko borrokan ibili gara, eta azkenean lortu dugu», atera zaio barrutik Irati Gaztelumendi Hondarribiako arraunlariari (Lezo, Gipuzkoa, 2002). Ama Guadalupekoa ontziak maila galdu zuen udan. «Nahiz eta ETE ligan egon, albiste horrek lanean jarraitzeko gogoa eta motibazioa ematen dizkigu», nabarmendu du.

Argi du lau ontziko liga batek ez zuela «jokorako» askorik ematen. «Normalean postuak nahiko finkatuak egoten ziren, batzuetan ezusteak suertatzen ziren arren». 2023tik aurrera bi txanda egoteak «oreka» emango dio ligari, eta beste «saltsa» bat: haizea, itsaslasterra, puntuen dantza handiagoa... «Uste dut Euskotren ligan txukun diharduten beste lau traineru ezar daitezkeela; azken denboraldiko igoerako kanporaketan agerian geratu baitzen».

Pausoz pauso, emakumezkoen arrauna sendotuz joan da. «Urte batzuk atzera eginda, Euskotren ligarik ere ez zegoen; urtebetera zortzi traineru egotea handia da». Urratsa garairik egokienean heldu den galdetuta, hausnarketa hau egin du Gaztelumendik: «Emaitzak berehala lortu nahi ditugu, baina azkartasun horrek ez ditu beti onurak ekartzen. Euskotren liga urte batzuk lehenago handiko bazen, agian, taldeen artean ez zen lehia handirik egongo; orain bai».

Gaztelumendik argi du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko oraindik bidea dagoela egiteko. «Agian, gure ondorengoko belaunaldiak emakumezkoen arrauna gizonezkoen pare ezagutuko du».

USUNE ELIZONDO Deustuko arraunlaria
«Igotzeko aukera gehiago izanda, ETE ligako maila handitu egingo da»

Euskotren liga lau trainerutik zortzira igarotzea berdintasunerako beste urrats bat dela ikusten du Usune Elizondo Deustuko arraunlariak (Bilbo, 1997). Horren «esperoan» zeuden, aitortu duenez. «Azken arraun denboraldia amaitu ondoren, Euskotren ligako parte-hartze kopurua handitzeko proposamenaren inguruko zurrumurrua bazegoen. Berandu baino lehenago, egin beharreko urratsa zela uste dut». Deustu bigarren zen ETE ligan, eta igoerako kanporaketan aritu zen, nahiz eta igoera ez lortu

Etorkizunera begira, ETE ligari mesede egingo liokeela uste du: «Maila gorenera igotzeko aukera gehiago izanda, seguruenik traineruen arteko maila handitu egingo da, eta desagertu diren ontziak berriz ere uretaratuko dira». Arlo ekonomikoari ere egin dio azpimarra: «Apalak diren taldeek diru kantitate handiagoa jasotzeko aukera izango dute. Denboraren poderioz, espero dugu emakumezkoen arrauna ekonomikoki hobetu egingo dela».

Orain, arraunlariek jakin nahi dutena zera da, lehiaketaren egitura nolakoa izango ote den, hala nola igoerako kanporaketa. Aurreneko hiru denboraldietan, bederen, Galiziako bi ontzi lehiatuko dira. Elizondoren iritziz, «goren mailan emakumeen traineru guztietatik zortzi onenak egon beharko lirateke, nongoak diren kontuan hartu gabe. Hori bai, Galiziako arrauna bultzatzeko erabakia izan bada, ados».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.