edurne elizondo
ANALISIA

Uholdeetako biktima ahaztuak

2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ebro inguruko nekazariek eta abeltzainek hartu dute hitza azken egunotan, uholdeen harira. Batetik, ibaia draga dezala eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari, adituen iritziaren kontra. Bertzetik, «ezohiko laguntzak» galdegin dizkiote Espainiako Gobernuari, izandako «galerei» aurre egiteko.

Abeltzainek «galera ekonomikotzat» jo dute beren etxaldeetan itxita zeuzkaten animaliak itota hil izana urak gainezka egin eta gero. Milaka zendu dira ibaia bere bidetik atera eta gero. Txerriak, behiak, ardiak, zaldiak. Hondeamakinekin mugitu dituzte haien gorpuak. «Hamaika txerriren gorpuak atera dituzte makina batekin; haietako hainbat bizirik zeuden oraindik ere. Baina ez dituzte salbatu. Hiltzen utzi dituzte», erran du Zaragozara (Espainia) animaliak erreskatatzera joandako aktibistetako batek. Animalien eskubideen aldeko aktibistentzat biktima dira abeltzainentzat baliabide direnak.

Ez da lehen aldia urak etxaldeetako edo lotuta dauden animaliak azpian hartzen dituela. 2013ko urtarrilean Nafarroan gertatutako uholdeetan, hainbat txakur hil ziren Etxauriko txakurtegian, Nafarroako Gobernuak ez zuelako garaiz hustu.

Biktimak askoz gehiago izan dira oraingoan, ordea. Egoeraren larritasunak hamaika talde eraman ditu Zaragozara. Han izan dira Askekintza Donostiako talde antiespezistako kideak ere, PACMA alderdi animalistako eta Zaragozako Vegan Hope animalientzako babeslekukoekin batera.

Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute taldeok. Milaka animalia hil, eta bertze anitz hainbat egunez bakartuta gelditu dira. «Ez dute zer jan, ezta edateko ur garbirik ere», azaldu dute Zaragozan egon direnek. Animalien gorpuen gainean, zauriturik eta ihes egin ezinik zeuden bertze hainbat animalia aurkitu dituzte. «Abandonatuta».

Hiri horretako eta Aragoiko agintarien laguntza eskatu dute PACMAkoek asteon, baina ez dute deus egin, alderdi animalistako ordezkariek salatu dutenez. «Poliziei, suhiltzaileei, administrazioetako arduradunei dei egin diegu, baina inor ez da etorri. Inork ez du albaitaririk bidali animaliak artatzera. Abeltzainek ez dute ahaleginik eginen, nahiago dutelako aseguru etxearen kalte-ordaina jaso», azaldu du alderdi horretako buru Silvia Barquerok.

Uholdeen gisako hondamendi egoeretarako protokoloa eskatu du PACMAko buruak, hain zuzen ere, animaliak salbatu ahal izateko, eta iragarri du alderdi horrek proposamen bat eginen duela. Zaragozan egunotan gertatu dena berriz ere gerta ez dadin. Eskaera hori bera egin du Gasteizko EH Bilduk ere. Udalari eskatu dio uholdeek hartzen ahal dituzten eremuetan dauden animaliak kontuan har ditzala larrialdi prookoloetan. Alerta egoera pizten denean animaliak tokiz aldatzea da gakoetako bat, arriskua eragotzi ahal izateko.

Zaragozan ere, Ebrok gainezka eginen zuela bazekiten uholdeak gertatu baino lehen, baina etxaldeetan itxita zeuden animaliak ez dituztela tokiz mugitu salatu dute animalien aldeko taldeek eta aktibistek.

ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak, Arabako Ekologistak Martxan taldeak eta animalien aldeko bertze hainbat elkartek ere babestu dute Gasteizko EH Bildukoen eskaera. Beharrezkotzat jo dute protokoloa prestatzea. Administrazioari dagokio orain erantzuna ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.