jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Kakaozko oroitzapenak

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoek badute garrantzia, neurria, dimentsioa, oihartzuna, zabalkundea... norberaren bizitzan arrastoak uzteko. Izan daitezke momentuak, kirolariak, istorioak, bitxikeriak, bizipenak... Egunotan ohikoa da galdetzea zein den norberaren lehen olinpiar oroitzapena. Memoriaren ganbaran atzera egiten hasiz gero, umetan telebistaz ikusitako irudiak agertzen dira. Klasikoak eta ez oso originalak. Alde batetik, Carl Lewis, kirolari on bezain mediatikoa, izarra. Bestetik, Ben Johnson, iruzurtia bai, baina gaiztoek duten erakargarritasunarekin, Carl Lewis zintzoari aurre egiten. Bi horietatik aparte, Li Ning gimnasta. Ez nuen Nadia Comaneci ikusi. Li Ningek liluratu ninduen. Eta nola ahaztu Zola Buddek eta Mary Deckerrek 3.000 metroko lasterketan estropezu egin zutenekoa. Maricica Puicak irabazi zuen. Korrikalari bikaina errumaniarra.

Telebistaz koloretan ikusten genituen haiek baino gehiago liluratzen ninduten, ordea, garai bateko zuri-beltzeko irudiek. Jesse Owensek, guztien gainetik. Gogoan dut haren hanken abiadura, benetakoa edo bideoak bizkortua. Paavo Nurmi. Eta Fanny Blankers-Koen.

Hala ere, Olinpiar Jokoetako nire lehen oroitzapen pertsonala ez da, ez kirolari bat, ez marka bat, ez istorio bat... maskota bat baizik. Maskota bat? Nor oroitzen da maskotez? Zein dira Tokioko maskotak?

Barruan sartuta daukat Mischa hartza. Mosku 1980ko maskota. 7 urteko umemoko bat, sukaldeko mahaian esnetan disolbatutako kakao hautsa gosaltzen. Eta kakao hauts potoarekin batera, album bat. Albumean, kromoak, gehienak gizon bibotedunenak, uste dut. Eta Mischa hartza. Hartz maitagarri bat. Nire lehen olinpiar oroitzapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.