mikel reina
HIRUKOTIK

Topikoak

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan hasi zen ACB liga. eta larunbatean hasiko da Espainiako Ohorezko Maila. Kutxabank Araskik Girona jasoko du Mendizorrotzan, Lointek Gernikak Kanaria Handia Malosten, eta IDK Euskotrenek Fontetan jokatuko du Espainiako Superkopa irabazi berri duen Valentziaren aurka. 2021-2022ko denboraldia inoizko parekatuena eta lehiatuena izanen da. Topikoa dirudien arren, hala da. Talde oso indartsuak daude, eta hiru euskal taldeek ez dute erraz izango Espainiako Kopan edo titulurako kanporaketetan sartzea. Euskal taldeek jada titulu bat izan dute jokoan, Euskal Kopa, eta Gernikak Araskiri irabazi zion finalean.

Mantentze-lanak. Ez ukitu ondo dabilena. Beste topiko entzutetsu eta gogaikarri horietako bat da. Gernika iaz Superkopako finalera heldu zen, Eurokopako hamasei talde onenen artean egon zen, eta lehendabizikoz ligako finalerdiak jokatu zituen. Zazpi jokalarik jarraitzen dute taldean: Belen Arrojok, Roso Buchek, Itziar Ariztimuñok, Paula Ginzok, Marta Alberdik, Margaret Roundtreek eta Angie Bjorklundek. Hots, taldeko bizkarrezurra baino gehiago mantentzen dute. Nadia Colhadok ez zuen Donostian edo Gironan eman zuen maila berdindu, eta, haren ordez, bizkaitarrek ligako beste pibot oso ezagun bat fitxatu dute: Tinara Moore, duela bi sasoi ligako jokalari onenaren saria jaso zuena. Roselis Silva joko antolatzailea ere iritsi da, Espainiako Ligako hainbat taldetan aritutakoa; Araskin, besteak beste. Klubeko filosofia mantenduz, Mario Lopezek Gabija Meskonite eta Melisa Brcaninovic gazteak ekarri ditu. Nahiz eta Eurokopako zozketan zerrendaburu izan, bizkaitarrek ez dute zortea lagun izan, eta multzorik zailenean daude Bolognarekin, La Roche Vendeerekin eta ziurrenik Flames Carolorekin batera. Bosgarren urtez jarraian bidaiatuko dute Europan zehar.

Egitasmo berri bat. Esperotako emaitzak heltzen ez direnean, aldaketak egin behar dira nahi eta nahi ez. IDK eta Araski ez ziren aurreko sasoian kanporaketetan sartu, eta, gasteiztarren kasuan, ezta Kopan ere. Donostiarrek goitik behera aldatu dute taldea. Soilik bi jokalarik jarraitzen dute: Ane Esnalek eta Mariam Coulibalyk. Ez daude ez Lara Gonzalez, ez Maria Eraunzetamurgil, ezta Toch Sar ere. Taldean urte asko zeramaten jokalariak dira guztiak. IDK-k egitasmo berri bat jarri du abian, eta, horretarako, gidaritza eta indarra da batez ere Azu Muguruzak bilatu nahi izan duena. Lehen lanerako, Laura Cornelius eta Yurena Diaz heldu dira. Jaurtitzaileak dira biak, baita Maria España ere. Ligako hiruko gutxien jaurti zituen taldea izan zen aurreko sasoian IDK. Indarra, berriz, Araskitik etorri den Joy Adamsek eta Alex Hardenek jarriko dute kanpoko lerroan. Barruan, berriz, Cristina Sorianok, Stephanie Maddenek eta Andrijana Cvitkovicek egingo dute lan hori. Entrenatzaileak mehatxu gehiago lortu du 6,75 metroko marratik haratago; beraz, espazio gehiago lortuko ditu zonako aldean. Hori da donostiarren jokoa: barrutik kanporakoa. Lehen jardunaldietan, hutsune garrantzitsua izango dute, Coulibaly Afrikako Txapelketa jokatzen ari baita Maliko selekzioarekin.

Arima. Araskik ere Tamara Sedaren falta sumatuko du liga hasieran, pibota Mozanbikeko selekzioarekin ari baita Afrikako Txapelketan. Made Urietak aldatu egin du bere lan egiteko era taldea osatzeko orduan; ez, ordea, arima. 2021-2022ko denboraldian erasokorragoak izango dira. Tenerifetik datorren Tanaya Atkinsonekin. Bembibretik iritsitako Julia Gladkovarekin, berriz, puntuak ziurtatuta daude. Ligako saskiratzaile onenetako bi eskuratu dituzte arabarrek. Giltzak, beste behin, Maria Asurmendiren eta Izaskun Garciaren eskuetan egongo dira. Katarina Zec jaurtitzailea ailegatu da, eta Gracia Alonso bilbotarrak ofizioa eta lana jarriko ditu taldearen mesedetan. Barruko alderako, berriz, Gernikan jokatutako Leia Dongue heldu da, Kristina Higginsen fitxaketa azken orduan bertan behera geratu ondoren. Azkenik, esperientzia Bea Sanchezek eta Laura Pardo kapitainak eskainiko dute. Urietaren aginduei jarraikiz, Araskik ligako zortzi talde onenen artean egotea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.