mikel reina
HIRUKOTIK

(Nora)bideak

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Nahieran. Heldu da gutxiago lo egiteko garaia, Aste Santuko oporrek kontrako ideia eman beharko luketen arren. Saskibaloia. Gau eta egun. Nahieran daude aukerak gainera. Atarikoek zehaztu dituzte NBAko kanporaketak. Liga erregularra alde batera utzita, orain da taldeek dena eman beharreko garaia. Baita saskibaloizaleok ere.

Munduko ligarik onenean proiektuak dira talde bat handi egiten dutenak. Gutxi dira urte batetik bestera arrakasta lortzen dutenak; Lebron James, akaso, baina ez aurten. Liga ziklikoa da, hori bilatzen du txapelketak, baina badaude horri aurre egiteko moduak eta moduak. Ideia hori berretsi besterik ez da egin denboraldi honetan. Los Angeles Lakersek bide erraza hartu nahi izan zuen, leku batetik bestera joateko zuzenena; askotan, ordea, errazena ez da onena. Porrot handiena izan da, zalantzarik gabe, eta agerian utzi du izenek ez dutela talde bat egiten. Staples Centerren gertatu dena baino adibide egokiagorik ez dago. Barclays Centerren ere ez dute bide zuzena izan, gorabeheratsua oso. James Hardenen irteerarekin eta Ben Simmonsen etorrerarekin zuzenbide ona hartu nahi du Brooklyn Netsek. Kevin Durantengan gidaritza ez dago gaizki horretarako.

Bide orria aurretik argi izan dutenak Miami Heat, Phoenix Suns eta Milwaukee Bucks izan dira. Lehen biek liga erregularreko lehen postua eskuratu dute Ekialdeko eta Mendebaldeko konferentzietan, hurrenez hurren. Hirugarrenek, berriz, talde handien jarrera hartu dute. Bidea egiteko abiaduran ikusten da hori. Horregatik dira hiru hautagai nagusiak eraztuna irabazteko; batez ere, iazko finala jokatu zuten bi taldeak. Bide bera hartu nahi dute beste frankizia batzuek ere, haien pausoen atzetik dabiltza Memphis Grizzlies, Chicago Bulls, Atlanta Hawks edo Cleveland Cavaliers. Bakoitzak bere denbora beharko du, baina batzuk ereindakoa jasotzen ari dira dagoeneko.

Gaueko ordu txikiak lo egiteko erabili behar badituzu, badaude bestelako aukerak ere. Behin liga erregularreko atzeratutako partidak amaituta, kanporaketen unea heldu da Euroligara. Txapeldunen unea da, eta orain ikusiko da bakoitzaren izaera. Bartzelonak txapelketako jardunaldi bakoitzean erakutsi duen nagusitasuna berretsi beharko du. Real Madrilek ospea mantendu nahiko du Pablo Lasoren unerik ezegonkorrenean. Anadolu Efesek zalantzak uxatu nahiko ditu, Milanek bezala; baina bakarrak lortuko du, ordea. Monako lehen aldiz sailkatu da, eta Olympiakosek partida bakarra galdu du liga erregularrean Atenasen. Europako beste zortzi hirik ez dute jakingo haien taldeen beste partidarik ikusteko aukera izango duten ala ez; Eurokopakoek alegia. Hil ala biziko partidek beti dute xarma berezia. Alde horretatik, NBAri kanporaketen atarikoek eman diote beharrezko bizitasun hori.

Abiadura. Emakumezkoetan bestelako sistema baten aldeko apustua dago; arinagoa da. Txapelketa ahalik eta arinen amaitu nahi duten sentsazio hori dago. Bi lehia, joan eta etorri, futbolean bezala. Txapelketarik desorekatuenean ezusteko gutxien eskaintzen dituen formatua da. Oraindik atzeratutako bi partida daude jokatzeko Espainiako Ohorezko Mailako liga erregularreko azken jardunaldia igandean amaitu zenean. Hori bai, Gabonetan ez zuten atseden hartu. Gainetik kendu nahi duzun arazoa dirudi. Lointek Gernika Bizkaiak Girona hartuko du gaur Malosten, 20:00etan, eta, irabaziz gero, zazpigarren postua eskuratuko luke; beste modu batera esanda, Perfumerias Avenida saihestuko luke final-laurdenetan. Ez da gutxi. Estudiantesi puntu aldea irabazia diete bizkaitarrek. Katalanek, gainera, ez dute ezer jokoan: Valentziaren aurkako puntu aldea galdua dute, eta IDK Euskotrenen aurkariak izango dira. Aurten, lurtarren arteko talderik onena La Seu izan da, eta hiru talderik indartsuenak saihesteko saria lortu du. Laugarren izanda, Zaragozarekin neurtuko dituzte indarrak. Perfumerias Avenidak, Gironak eta Valentziak finalerdietan egon beharko lukete, liga erregularreko nagusitasuna kanporaketetan areagotu egiten baita. Ezin dute hutsik egin. Hori bilatzen dute antolatzaileek formatu honekin; haien bidea da. Ahalik eta estutasun handienetan jartzea dute helburu IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.