mikel reina
HIRUKOTIK

Ez dago lagunik

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
2022aren amaierarekin eta 2023aren hasierarekin zenbait txapelketa lanerdietara heldu dira. Gizonezkoetan, Euroligaren lehen itzulia amaitu berri da; emakumezkoetan, berriz, Espainiako Ohorezko Mailako ligarena. Bi txapelketak inoizko orekatuenak eta berdinduenak izan dira orain arte; talde asko daude garaipen tarte txikian. Hain zuzen ere horregatik, emakumezkoetan, maila nagusian ari diren hiru taldeetatik bik jokatuko dute Espainiako Kopa: Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik. IDK Euskotren azken jardunaldian geratu zen kanpoan, gasteiztarren aurkako derbia galdu ostean. Ez dago lagunik kantxan.

Borobila. Nork esango lioke Cazoo Baskoniari, esate baterako, Euroligako hamazazpi jardunaldi jokatu eta gero lider egongo zela. Inor gutxik espero zuen halakorik; ausartenak eta fededunenak ere ez. Beste lau talderekin berdinduta dago sailkapenaren buruan: Olympiakos, Real Madril, Bartzelona eta Monakorekin. Bost axola horrek. Liderra da. Joan Peñarroyak bere aurkezpenean agindutakoa bete du: zaleak Buesa Arenara erakartzea. Euroligako Real Madrilen aurkako partida izan zen adibiderik onena: lepo bete zen pabiloia. Bigarren aldiz gertatuta da hori denboraldi honetan; Unicajaren aurkako estreinako partida izan zen lehena. Real Madrilen aurkako partidak egutegian gorriz borobilduta dauden horietakoak dira. Horren erakusgarri, Buesa Arenan sarrerarik gabe geratu diren sei aldietatik bost Espainiako taldearen aurkako lehiak izan dira.

Abendu borobila osatu zuten arabarrek; ez zuten partida bakar bat ere galdu. Baina, askotan gertatzen den bezala, gutxien espero den aurkariaren kontra galdu zuen: Alba Berlinen aurka, Euroligako azken sailkatuaren aurka, hain zuzen. arabarrek 40 egun egin dituzte galdu gabe, eta hamabi partida irabazi dituzte jarraian, Euroligakoak eta ACB ligakoak kontuan hartuta; taldearen inoizko markarik onenetan seigarrena. 2012-2013ko denboraldian hamazazpi lortu zituzten gasteiztarrek. Orduan, azaroaren 15etik urtarrilaren 20ra arte egon ziren galdu barik Zan Tabakek entrenatutakoak. Hala ere, Euroligan denek denen aurka jokatzen dutenetik lehen itzulirik onena egin du; inoiz ez zen lehen itzuliaren amaierara hamar garaipen baino gehiagorekin heldu. Are, 2016-2017ko sasoi horretatik ez zituen partida gehiago irabazi galdu baino lanerdietan.

Kaltetuak. Denboraldi honetako Euroligaren ezaugarri nagusia berdintasuna da. Ez bakarrik lidergoa partekatzen duten bost talderen artean, baita kanporaketetan sartzeko ere. Beste lau talde daude berdinduta bederatzi garaipenekin. Gorabehera handiko lehen itzulia izan da, bolada asko izan dituzte taldeek, onak zein txarrak. Hortik dator oreka: edozeinek irabazi diezaioke edozeini. Baskoniak, adibidez, gotorleku bilakatu du Buesa Arena: partida bakarra galdu du bertan, Olympiakosen aurka. Baina goialdean jarraitzeko, kanpoan ere irabazi beharra dago, gaurko Bayernen aurka partidatik hasita —20:30ean ariko da, Munichen (Alemania)—. Maccabi da etxean partida bakarra galdu duen beste taldea. Hiruko marran aurkitu dute gasteiztarrek haien lagunik onena: hiruko gehien jaurtitzen duen taldea da, baita gehien sartzen dituena ere.

Oso estu egongo da zortzi talde onenen artean sartzeko lehia; denek egon nahi dute Kaunasko Lauko Finalean (Lituania). Ez dago denbora galtzerik, eta taldeak indartzen hasiak dira dagoeneko. Lituaniarrak izan dira merkatura jo duten talde nagusietako bat: Achille Polonara eta Isaiah Taylor fitxatu dituzte maiatzaren 19tik 21era Zalgiris Arenan jokatzeko esperantzarekin. Izar Gorriak, berriz, Facundo Campazzo fitxatu berri du, baina, printzipioz, argentinarrak ezingo du jokatu martxora arte. Belgradeko taldeak ezin izango ditu jokalari berriak fitxatu otsailaren 28ra arte, zorrak baititu. Serbiako klubak helegitea jarriko du, eta kanpotik ere presio kanpaina bat jarri du martxan. Beraz, ikusteko dago isuna beteko duen ala ez. Euroligako Jokalarien Elkartearen arabera, «kaltetu nagusia» Campazzo da; azken bederatzi jardunaldiak bakarrik jokatuko lituzke. Hori gutxi ez, eta Luca Vildozak min hartu du, eta ez du jokatuko hurrengo asteetan. Izar Gorriak oraindik Baskoniarekin hitz egin beharra du Vildozaren egoeraz. Ostera ere, ez dago lagunik Euroligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.