mikel reina
HIRUKOTIK

Lurraldetasuna

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Saskibaloi denboraldia eta, oro har, kirol askotakoa garai erabakigarri batean murgiltzen ari da. Oraindik ez daude garaikurrak jokoan, ez da askorik falta horretarako, baina gauza are garrantzitsuagoa dago jokoan: txapelketak. Eta denborak, nola ez, bakoitza bere lekuan jarriko du. Sailkapeneko lurralde batean, hain zuzen ere, borroka batean, zein baino zein desberdinagoa. Txapelketa denetan gertatzen den zerbait da. Bakoitzak bere borroka izaten du, eta borrokarik ez izatea, normalean, ez da seinale ona izaten; beti dago zerbait jokoan.

Dinamikak. Emakumezkoen ligan, esate baterako, hurrengo bi jardunaldiak erabakigarriak izan daitezke sailkapenari begira. Asko falta da, bai, baina garai garrantzitsuak datoz laster. Hurrengo bi asteburuetan jardunaldiak daude, eta gero FIBA leihoen geldialdia etorriko da. Ia bi aste ligako partidarik jokatu gabe, eta azken urteetan ondo baino hobeto ikusi den bezala, horrelako geldialdiak onerako edo txarrerako izaten dira. Argi dago dinamikak aldatzeko egunak direla. Horregatik, komenigarria da ahalik eta hobekien heltzea.

Adibidez, euskal taldeetako bat porrotarekin helduko da ustezko atseden egun horietara. Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek euskal derbia jokatuko dute azken jardunaldian. Biek ala biek lesioak izan dituzte hizpide denboraldi osoan. Azu Muruguzak zein Anna MontaƱanak sentsazio bera izango dute, ezin izan dutela orain arte taldearen benetako maila ikusi. Min hartutako jokalariek ez diete utzi. Gainera, udan ere ez zuten guztiz asmatu, eta joan-etorri ugari izan dituzte. Donostiarrek, esate baterako, Kaela Davis fitxatu zuten, eta elastiko berriarekin bi partida bakarrik jokatu ditu; orpazurda hautsi zuen entrenamendu batean. Bizkaitarren bi jokalaririk onenek, Sandra Ygueravidek eta Julie Wojtak, ligako lehendabiziko bost partidetan soilik jokatu dute elkarrekin. Antolatzaileak atzamarra apurtu zuen azaroan, eta hegalekoak abenduaz geroztik darama jokatu gabe.

Kutxabank Araskik lesio gutxiago izan ditu, baina, beste bi euskal taldeek bezala, ez du jarraitutasunik izan. Onenen aurka lehiatzeko gaitasuna erakutsi dute gasteiztarrek Valentzia Basketi eta Gironari etxetik kanpo irabazita, baina, gero, Mendizorrotzan garaipen garrantzitsuek alde egin diete. Horiek dira azken batean lehen aipatutako sailkapenaren postuak ezartzen dutenak. Talde handien aurkako horiek ez dituzte denboraldi hasierako zenbakietan kontuan hartzen, eta beste batzuk, etxekoak batez ere, bai. Hori bai, hiru euskal taldeak gaur egun borroka berean daude buru-belarri sartuta: hirurak kanporaketako azken hiru postuetan daude.

Errepikaezina. Bilbo Basketek agian faltan sumatu du Miribillan Obradoiroren aurka ihes egin zien partida hori koparako bidean. Bilbotarrek ezin izan dute 2020an lortutakoa errepikatu, eta Palau Blaugranan Bartzelonaren aurka galdu ostean ez dira Espainiako Kopan izango. Gironaren aurka denboraldiko partidarik eskasenetako bat jokatuta oso zail jarri zitzaien Badalonan jokatu ahal izateko eskubidea. Hala ere, bihar Europako abenturari ekingo diote berriro ere. Txapeldunen Ligan Darussafakaren aurka neurtuko dituzte indarrak bigarren faseko lehen jardunaldian. Txapelketak ez du aztoratu behar bilbotarren helburu nagusia, ia bakarra, hain ondo bideratua duten hori. Alde horretatik, zortea alde izan dute aurkariekin, Turkiara arteko bidaia luzea den arren, Murtziara eta Tenerifera artekoak eramangarriagoak izango baitira. Asko eskertzen da kilometroak kendu ahal izatea hainbeste partidaren artean. Hori bai, Sito Alonso, Bilbo Basketeko entrenatzaile ohia, Bilbo Arenara itzuli beharko da azken lehiako iskanbilaren ostean. Denborak ere horrelakoak egiten ditu.

Denbora kontua ere izan beharko da Baskoniaren azken partidetako norabidea, luze egiten ari zaio urtarrileko aldatsa. Obradoiroren aurka ACB ligan jarraian lortutako zortzi garaipenen etena etorri zen, eta horri Euroligakan jarraian galdutako lau partidak gehitu behar zaizkio. Garrantzitsua litzateke sentsazio onak berreskuratzea Badalonako Kopara begira. Denbora nahikoa dago konfiantza eta jokoa berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.