mikel reina
HIRUKOTIK

Kontuak egiteko garaia da

2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Erregaia. Hilabete bat. Hilabete bat egon da Bilbo Basket irabazi gabe. Garai erabakigarrian, gainera. Hemen behin baino gehiagotan azaldu dugun moduan, nahiz eta orain titulurako lehiarik ez egon, asko dago jokoan; ikaragarri. Ez da kasualitatea Jaume Ponsarnauk Darussaffakaren aurkako joan den asteko partida denboraldiko orain arteko neurketarik garrantzitsuena izendatu izana. Erregaia falta izan zitzaion Bizkaiko taldeari turkiarrei aurre egiteko azken laurdenean. Indar barik geratu ziren. Baina erregaia ez da bakarrik fisikoa, psikologikoa ere izan daiteke: motibazioa.

Badaki zer duen esku artean entrenatzaile kataluniarrak. Ez du taldea noraezean utzi nahi. Ez du nahi atzoko Murtziaren aurkakoa bezalakoak izatea geratzen diren norgehiagokak; hau da, jokoan ezer ez daudenak —67-71 galdu zuen atzo—. Hain zuzen, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ostean, Bilbo Basketek ACB ligan jarriko ditu indar guztiak. Taldeak sasoiko helburua lortu du jada: beste urtebetez lehiatuko da onenekin. Titulua irabazteko kanporaketetara begira jartzeko garaia ote da? Beharko luke; gainera, Gironaren aurkako garaipenak bide hori zabaldu dio. Jokalariei zerbait saldu behar zaie, dena emateko arrazoi bat eman behar zaie: motibazio bat. Data hauen inguruan ere zabaltzen da datorren sasoirako fitxaketak egiteko epea, eta Kopa erabakigarria izan ohi da. Jokalariek badakite, eta euren burua saltzeko, estatistika onak lortzen saiatuko dira; kontratu igoera eskatzeko argudioak dira. Berdin dio zein postutan geratu den taldea, are gutxiago sailkapenaren erdialdean badago; berdin da hamabigarren edo hamalaugarren izatea.

Valentzia dago gaur egun sailkapeneko zortzigarren postuan; txapeldun izateko kanporaketak jokatzeko aukera emango duen azken tokian; bizkaitarrek baino hiru garaipen gehiago ditu. Bilbo Basketek sei punturen aldearekin irabazi zion Miribillan lehen itzulian. Hilabete honetako emaitzak garrantzitsuak dira oso, bidea ezartzen baitute. Baina, aurretik, ematen dira pauso asko, puntu aldea sartzen baita jokoan. Alde horretatik, Bilbo Basketek ez du bide erraza. Aurretik, Breogan eta Obradoiro ditu, eta bien aurka galdu zuen lehen itzulian, hamasei eta hiru punturen aldearekin, hurrenez hurren. Zaila izango da, baina, behintzat, motibazio bat badu.

Fruituak. Baskoniarentzat, berriz, funtsezkoak izan daitezke matematika kontuak. Buesa Arenan Maccabiri nagusitasun handiz irabazi izanak urrearen balioa izan zuen; beste edozein taldek Arabarrek Valentzia, Virtus, Zalgiris, Efes eta Maccabi baino puntu alde hobea dute. Denboraldi hasiera bikainak ere etorkizuneko onurak ekartzen ditu. Baina zortzi talde onenen artean sartzeko saria Buesa Arenatik pasatuko da; zehazki esanda, hilabete honetako azken asteko partidetatik, jardunaldi bikoitzeko Gasteizko bi norgehiagoketatik: Alba Berlin eta Fenerbahceren aurkakoetatik. Ezin daiteke berriro Monakoren aurkakoa errepikatu. Baskoniak erakutsi behar du Europako kantxarik zailenetako bat dela Buesa Arena.

Gainera, Real Madrili berriro irabazi ostean, ate berri bat ireki zaie gasteiztarrei: berdinduta daude ACB ligako lidergoan. Marka da Real Madrili sasoi honetako lau partidatan nagusitu izana. Orain, Joan Peñarroyaren jokalariek bi erronka dituzte esku artean: Euroliga eta ACB liga. Beraz, ez dute lasaitzeko denborarik. Jokalari guztienganako konfiantzak orain emango ditu fruituak, Madrilen ikusi zen bezala.

Beraz, Baskoniak eta Bilbo Basketek asko dute jokoan igandean Gasteizen jokatuko duten derbian. Bilbo Basketek irabaziz gero, kanporaketetarako borrokan sar daiteke buru-belarri. Aukeraren bat izateko, Baskoniak burua non daukan ikusi beharko da: ACB ligan edo Euroligako bi partida garrantzitsuetan. Gasteiztarrek, behintzat, etxean jokatuko dituzte biharko Izar Gorriaren aurkakoaren osteko hiru partidak. Bilbotarrak ere fresko hel daitezke, atzo ohi baino txandakatze gehiago egin eta gero. Pentsa daitekeen baino derbi garrantzitsuagoa izan daiteke. Kontuak egitea da kontua; egun, aldagai denak izan behar dira kontuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.