mikel reina
HIRUKOTIK

Zantzuak

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aldaketa. Ez LeBron James, ezta Stephen Curry ere. 2010etik NBAko lehenengo kanporaketak izango dira azken hamarkadako bi izar nagusiak gabe. Azken hamar edizioetan heldu da finalera bietako bat, edo biak ere bai. Garai aldaketa baten lehen zantzuak izango ote dira? Gazteak indartsu datoz atzetik. Trae Young, Luka Doncic, Devin Booker eta Ja Morant, esate baterako. Zalantzak zeuden ea haien onena emateko gai izango ziren dena jokoan zegoen partidetan. Kanporaketak ere haien uneak dira. Ez dute hutsik egin. Young eta Bookerren kasuan haien lehen agerpena zen, eta taldeko liderrak izan dira. Adina zenbaki huts bat da.

Hala ere, badirudi zenbaiti beste batzuei baino gehiago axola diela. LeBron Jamesek NBAn daramatzan hemezortzi urteetan lehen aldiz hartu behar izan ditu oporrak lehen kanporaketan. Los Angeleseko bere egonaldia gorabeheratsua izaten ari da oso. Lehen denboraldian zortzi talde onenetatik kanpo, bigarrenean eraztuna eta hirugarrenean aurretiazko play-in txapelketa, eta kalera lehen kanporaketan. Lesioek eragin handiegia izan dute aurten Hollywooden, fokuetatik kanpo ibili behar izan dute. Ez daude ohituta. Lehenengo Anthony Davis eta gero Akroneko hegalekoa. «Orkatileko lesio honen ondoren, ez dut uste gehiago nire onena emateko gai izango naizenik», aitortu zuen Jamesek. Sei aste egon zen kantxetatik kanpo, hau da, hogei partida aulkitik ikusi behar izan zituen. Bere kirol ibilbidean ez da inoiz hainbeste denbora jokatu gabe egon.

Bideak. Beste batzuek bete dute bere hutsunea. Bakoitzak bere modura. Phoenix Sunsek, adibidez, joko sistema klasikorako bidea hartu du. Antolatzaile beterano bat, saskiratzaile peto bat eta blokeo eta jarraipenetarako pibot handi bat. Chris Paul, Devin Booker eta Deandre Ayton. Ez dute, momentuz, gehiagorik behar. Dallas Mavericksek, ordea, izar bakarrerako bidea hartu du. Luka Doncicen bertsiorik onenarekin ez da nahikoa, Los Angeles Clippersen aurkako partidetan. Kanporaketa zinez arraroa. NBAko historian lehen aldiz, kanporaketa bateko lehen sei partidak kanpoko taldeak irabazi ditu. Azkena, eta garrantzitsuena, aldiz, Kawhi Leonard eta Paul Georgenak irabazi zuen Staples Centerren, kanporaketetako azken lau urteetako etxeko lehen garaipena izan zen. Agian nahiago kantxa faktorea aurka edukitzea. Dallasen bide berdina hartu du Portland Trail Blazersek. Beste behin Damian Lillardek bere onena eman du. Bosgarren partidan 55 puntu sartu zituen Denver Nuggetsen aurka. Frankiziako kanporaketetako markarik onena. Tartean, hamabi hiruko sartu zituen, liga erregularraren osteko errekorra. Brooklyn Netsek azken urteetan hainbeste arrakasta lortu dituen big three-aren aldeko apustu sendoa egin zuten Kevin Durant, James Harden eta Kyrie Irvingen batuketarekin. Ikusi beharko da Larry O`Brien garaikurra altxatzeko formula egokia den oraindik.

Argi dagoen bakarra da txapeldun berri bat izateko aukera asko daudela. Bizirik geratzen diren frankizien erdiak ez du inoiz eraztuna irabazi: Utah Jazz, Los Angeles Clippers, Denver Nuggets eta Phoenix Suns. Beste laurek bai, baina duela asko, gehiegi: Philadelphia 76 Sixersek 1983an, Brooklyn Netsek 1976an ABAko azken txapelduna izendatu zenean, Milwaukee Bucksek 1971n eta Atlanta Hawksek 1958an. Gainera, momentuz liga erregularreko joera mantentzen ari da, faboritismoak indarrean jarraitzen du. Upset bakarra egon da, Atlanta Hawks eta New York Knicksen artekoa, alegia. Gainontzekoetan sailkapenean gorago zegoenak egin du aurrera. Konferentzietako finalerdietan berdintasunak izan behar du nagusi. Ea lesioek uzten duten. Zenbait izarrek arazo fisikoak eduki dituzte dagoeneko. James Hardenek, esate baterako, Milwaukee Bucksen aurkako lehen partidan 43 segundo bakarrik jokatu ahal izan zuen. Hankako minez joan zen aldageletara, apirila eta maiatza artean kantxetatik kanpo hilabete bat utzi zuen min berdinarekin. Chris Paulek sorbaldako minarekin darama Lakersen aurkako lehen norgehiagokatik. Laugarren partidan erretiratu behar izan zen Joel Embiid, belaunarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.