mikel reina
HIRUKOTIK

Lehen ebaluazioa

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Washington Wizards eta Golden State Warriors dira NBAko talderik onenak hamalau jardunaldi jokatuta. Denbora nahikoa da 2021-2022 sasoiko lehen ebaluazioa egiteko. Hasi aurretik, gutxik jarriko zituzten sailkapeneko lehen postuan Wizards eta Warriors, baina jakintsuenek ere ez dute asmatzen munduko ligarik onenean. AEBetako hiriburukoei mesede egin die Russel Westbrook Los Angeles Lakersera joan izanak. Haren truke jasotako Kyle Kuzma eta Montrezl Harrell ez ziren orain bezala aritu Lakersen. Harrellek 2019-2020 denboraldiko seigarren jokalari onenaren saria jaso zuen Los Angeles Clippersen ari zenean. Hein handi batean, horregatik joan zen hiriko beste taldera. Orain, berriro garaikur horren borrokan dago, batez beste 18,3 puntu eta bederatzi errebote lortuta. Kuzma ere hamabost puntu baino gehiago ari da sartzen partidako. Beste jokalari bat dirudi. LeBron Jamesen itzala oso handia da. Wes Unseld Jr entrenatzaile hasiberriak magia egin du Wizardsen.

Magia. Magorik onena, ordea, Stephen Curry da. Haren trukoek ez dute etenik. Azken egunetan sare sozialetan zabaldu den haren argazki batek ezin hobeto irudikatzen du gaur egun duen konfiantza eta magia. Hiruko bat jaurtitzen ageri da, Chicago Bullsen aurka, eta baloiari uztaira heltzeko metro bat baino gehiago falta zaionean, harmailetara begira jartzen da Curry, saskiratzea ospatuz. Esan gabe doa hirukoa uztaia ukitu gabe eta sarea besarkatuz sartu zela. 28,1 puntu, 6,2 errebote eta 6,7 asistentzia eskuratzen ditu partidako Curryk. Hamahiru partida bakarrik behar izan ditu hirukoen zerrendan Ray Alleni aurrea hartzeko. Hori gutxi balitz bezala, haren NBAko ibilbidean jada 36 aldiz sartu ditu gutxienez bederatzi hiruko. James Harden eta Damian Lillard dira hurrengoak, bederatzirekin. Eta oraindik ez du ondoan Klay Thompson taldekidea.

Arloak. Ekialdeko Konferentziako lider jarri eta bertan egonkortu nahi du Brooklyn Netsek. Ikusteko dago noiz jokatuko duen berriro Kyrie Irvingek, baina Kevin Durant eta James Harden nahikoa dira taldea sailkapeneko goiko aldean jartzeko. Durant sasoiko saskiratzailerik onena da: 29,2 puntu partidako; haren ibilbide luzeko portzentajerik onenak ari da lortzen. Gainera, Milwaukee Bucks txapeldunak eta, ustez, Netsen aurkari nagusiak ez du denboraldi hasiera ona egin. Konferentziako11. postuan dago; hots, titulurako kanporaketak jokatzeko postuetatik kanpo dago. Ospakizunen ajea izango ote du? Giannis Antetokounmpo da haren argudio bakarra oraingoz, taldeko onena baita hiru alorretan:puntuak, erreboteak eta asistentziak.

Trae Youngen Atlanta Hawks ere ohorezko postuetatik kanpo dago. Izen propioak baino gehiago, taldeak ari dira irabazten. Chicago Bulls da adibiderik onena. Itxaropen handia zuten taldean DeMar DeRozan, Zach LaVine, Nikola Vucevic eta Lonzo Ballengan, eta ez dute hutsik egin. Bucksen ez bezala, bakoitza estatistikako arlo baten nagusitzen da. Horrez gain, Billy Donovanen eskutik, ligako defentsarik sendoenetako bat dira. Alex Caruso dute buru lan horretan.

Ordena. Mendebaldeko Konferentzian, berriz, gehiago mantentzen ari da aurreikusitako ordena: aurreko sasoian kanporaketetan sartu ziren zortzi taldeetako zazpi daude ohorezko postuetan. Warriors da salbuespena. Hala ere, ordena ez da guztiz esperotakoa. Hasieran talde bat zegoen denen ahotan: Los Angeles Lakers. Oraindik, baina, ez da «talde txapelduna», Anthony Davisen arabera. Hura ari da eusten Lakers: batez beste, 24 puntu sartu ditu, eta 11 errebote hartu. LeBron Jamesen lesioari Westbrooken egokitzapen falta gehitu zaio. Clippers auzokideak ez ziren askoz hobeto hasi, baina zazpi garaipen lortu dituzte Paul George onenarekin. Izan ere, Kawhi Leonard min hartuta dago oraindik.

Bestalde, Europako zenbait jokalari liderrak dira euren taldeetan: Luka Doncic esloveniarra, Dallas Mavericksen; Nikola Jokic serbiarra, Denver Nuggetsen; eta Rudy Gobert frantziarra, Utah Jazzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.