mikel reina
HIRUKOTIK

Zeresana

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Nazioarteko Federazioak (FIBA) zeresana ematen du leihoak zabaltzen dituen bakoitzean. Zeresana emateko moduak eta moduak daude. Ikusgarritasun eskaseko partidak izaten dira selekzioen artekoak. Jokalarien maila ez da txarra, baina asko nabaritzen da Euroliga eta NBAko izarren falta. Gaur egun, izenen bila doaz ikusleak pabiloira. Dario Brizuelaren eta Xabier Lopez-Arostegiren Espainiako selekzioak, esate baterako, ostiralean jokatu zuen Mazedoniaren aurka, eta erraz nagusitu zen: 65-94. Ordu berean, Euroligako hiru partida zeuden jokoan. FIBA ezin da harekin lehiatu. Bestalde, leiho horiek zeresan handia ematen dute taldeen barruan, eztabaidarako gaia da hainbat arrazoirengatik.

Pasaporteak. Bartzelonak bi arazo izan ditu bere bi pibotekin; batetik, Brandon Davies Ugandako selekzioarekin aritu da 2023ko Munduko Txapelketarako sailkatzeko aukeraren bila. Baina zelatan aritu da Ugandarekin Davies AEBetan jaiotakoa bada? Pasaporte faltsuen eztabaida amaigabeko hamaikagarren kapitulua da. Era berean, Baskoniak ez zuen Matt Costello izan denboraldi hasieran, Afrobasketean aritu zelako Boli Kostarekin. Estatubatuarrak cotonou paperak izateko pasatu beharreko zerbait da. Saras Jasikevicius Bartzelonako entrenatzaileak Zalgirisen aurkako lehiaren osteko prentsaurrekoan —kataluniarrek 96-73 irabazi zuten— aitortu zuen denboraldia hasi aurretik adostuta zegoela. Zer erremedio. Daviesek hiru partida jokatu zituen hiru egunean, eta, batez beste, 34 minutuan 24,3 puntu eta 10,7 errebote lortu ditu. Haren lekua betetzeko; bestetik, Bartzelonak Sertac Sanliri ez zion Turkiako selekzioarekin joateko baimena eman, federazioaren kexa formala tarteko. Pibota min hartuta dagoela eta, dagoeneko bost neurketa galdu ditu, eta klubak ez zuen gehiago arriskatu nahi. Gainera, esperotako errendimendutik oso urrun dago.

Menderaezina. Azkenean, jokalariaren eta taldearen arteko negoziazioa da. Esan diezaiotela bestela Tornike Xengeliari. Baskoniako kapitain ohiak Moskuko CSKArekin sinatu zuenean, bere kontratuko puntuetako batean adostu zuen Georgiako selekzioarekin jokatzeko askatasuna izango zuela. Errusiaren eta Georgiaren arteko erlazio diplomatikoak ez dira onenak, eta ez da ahaztu behar hegal-pibotak oinez zeharkatu behar izan zuela bi herrialdeen arteko muga duela urte eta erdi Moskuko taldeak fitxatu zuenean. Bere herrialdeko politikarien kritika zorrotzak jaso zituen, eta, halere, ez dago hitzik Xengeliak egin duenagatik. Ostegunean, 18:00etan, CSKArekin Euroligako partida izan zuen Moskun Municheko Bayern-en kontra, eta 32 minutuz jokatu zuen. Hurrengo egunean, 16:00etan, Tbilisin, Errusiako hiriburutik 2.000 kilometrora, Georgiako selekzioarekin 2023ko Munduko Txapelketarako lehen garaipena eskuratu zuen Ukraina 88-83 mendean hartuta. Beste 33 minutuz jokatu zuen. Bukatzeko, atzo, Espainiaren aurka jokatu ez zuen arren, Jaenen izan zen, Moskura itzuli aurretik. Etzi, Euroligako 13. jardunaldian Panathinaikos izango du aurkari Xengelia menderaezinak.

Hurrena. Batzuetan, ordea, ez da bakarrik jokalariaren eta taldearen arteko elkar ulermena; Euroligarekin ere adostu beharra dago. Euroligako azken jardunaldian, Monakok eta Asvelek Frantziako derbia jokatu zuten, ostiralean, 20:00etan. Ordu erdi geroago hasi zen Frantziaren eta Montenegroren arteko lehia, Pauen. Monakok eta Asvelek Euroligari eguna aldatzeko eskatu zioten, bi taldeetako jokalari frantziarrek beren herrialdearekin jokatu ahal izateko. Jordi Bartomeuren erantzuna, baina, ezezko biribila izan zen. Guztira, lau jokalari zeuden deituak: Monakoko Leo Westermann eta Asveleko Elie Okobo, William Howard eta Paul Lecombe. Azken horrek taldearen baimena izan zuen Monakon jokatu ordez Pauen jokatzeko. Zer den saskibaloia. Howardek azken segundoan 9 metrotik sartutako hirukoak eman zion garaipena bere taldeari. Agian, batek daki, Marc Gasol izanen da FIBAko leihoetan parte har dezakeen hurrena. Kataluniarrak presidente den Gironan jokatuko du aurten; hau da, Urrezko LEB ligan. Zoritxarrez, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Donostian jokatua dute dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.