mikel reina
HIRUKOTIK

Bidaiak

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Asko dira egunotan alde batetik bestera bidaiatzen ari direnak. Batzuk joaneko txartelarekin bidaiatzen dute soilik, luze gabe itzultzeko esperantza gutxirekin. Horietako gero eta gehiago dira Europako jokalari gazteak. Helmuga ez da edozein. Estatu Batuak dira, ametsak egia bihurtzen omen dituen herrialdea. Errealitatea, ordea, oso ezberdina da.

Salbuespenak. Gazte asko dira maletak egin eta NBAko ametsa bizitzeko esperantzarekin Ozeano Atlantikoa zeharkatzen dutenak. Orain dela ez asko, Europa txiki geratzen zitzaien horiek bakarrik hartzen zuten alde egiteko erabakia. Arrisku asko ikusten zituzten, onurak baino gehiago. Nahiz eta azken urteotan estatubatuarren pentsaera asko aldatu den, oraindik badago europarrekiko edo bertakoak ez direnekiko gutxiespen puntu bat. Egungo izarretako asko Europan jaiotakoak dira. Azken hiru denboraldietako jokalarik onenak, adibidez, europarrak dira. Nikola Jokic serbiarra edo Giannis Antetokoumnpo greziarra, besteak beste, munduko saskibaloi ligarik oneneko irudi nagusietako bi dira. Atzetik dator Luka Doncic ere. Esloveniarra izan zen oso gazte Ameriketako abenturan murgildu ziren horietako bat. Baina Doncic bakarra dago munduan. Ezin da konparaziorik egin.

Doncic bezala, Real Madrileko harrobitik irtendako Usman Garuba Houston Rocketsera batu zen udan, draft-aren23. postuan aukeratua izan ostean. Euroligan aritu zen denboraldi bakarrean aurrerapauso nabarmenak eman zituen Pablo Lasoren aginduetara, defentsako lanean batik bat. Zazpi partida jokatu ditu orain arte NBAn; 34 minutu eskas. Texaseko taldearen bigarren taldean ari da jokatzen G Ligan. Euroligan hamabi minutu jokatzen zuen batez beste, eta ACB ligan, ia hemezortzi. Orduan zergatik joan da Estatu Batuetara? Diruagatik. Garubak iritsi berri baten kontratua dauka hurrengo bi urteetarako, eta bost milioi dolar inguru kobratuko ditu. Diruak mugitzen du mundua. Hori horrela da. Bidaiak egiteko ere derrigorrezkoa da. Gakoa da zenbat irauten duten gutxi jokatzen, eta noiz dituzten poltsikoak nahikoa dirurekin. Bizpahiru denboralditan jokatu gabe egonda nahikoa duzu kontu korrontean urte askoan arazorik ez edukitzeko. Luca Vildoza Baskoniako jokalari ohiak, adibidez, lau urterako ia hamalau milioiko kontratua sinatu zuen New York Knicksekin. Lehen sasoia bakarrik zuen ziurtatua, baina lesioak direla eta, ez zuen debutatu.

Itzulera. Hala ere, oraindik badaude kontrako bidaia egiten dutenak, beteranoak batik bat. Azken sasoietan NBAn ibilbidea egin duten jokalari ugari heldu dira Euroligara emaitza eta errendimendu oso ezberdinekin. Sonarik handienetako bat Nikola Mirotic izan da. Hegaleko pibotak munduko ligarik onenean eskaintzen zioten dirua baino zerbait gehiago behar zuen: protagonismoa. Horregatik fitxatu zuen Bartzelonarekin. Greg Monroe eta OJ Mayo, berriz, euren kirol ibilbideko azken kontratuen bila heldu ziren: 550 neurketatik gora jokatu dituzte NBAn. Azkenean, lehentasun kontu bat da, eta, horretarako, adina oinarrizko aldagaia da. Berez, logikak kontrakoa badio ere, gaztetan minutuak behar izaten dira ikasteko, eta nahikoa denbora izango dute dirua eskuratzeko. Justu beste bidaiatzeko era hartzen dute askok.

Etxera itzultzeko bidaia mingarria izaten da askotan, oporretan batez ere. Kirolean, aldiz, behin baino gehiagotan onuragarria da. Gasol anaiek etxean bukatu nahi izan dute beren ibilbidea: Pauk, Bartzelonan, han hazi eta hezi zelako jokalari gisa; Marcek, berriz, Gironan eman zen aditzera taldea ACB ligan ari zenean, eta hori da haren helburua orain: duela hamabost urte heldu zen maila berdinean uztea bera presidentea den kluba. Estreinakoan hemeretzi puntu sartu zituen eta hamasei errebote jaso; 36ko balorazioa. Onena izan zen Urrezko LEB ligan.

Egunotako bidaiak gozatzekoak dira. Xede horrekin joan ziren Breoganeko ia 500 zale Miribillara igandean. Etsita itzuli ziren lehia bertan behera geratu baitzen, jabetzaren ordularia ez baitzebilen. Ez dago justifikaziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.