mikel reina
HIRUKOTIK

Azken jardunaldia

2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Zalantzak. Asteburua saskibaloiz beterikoa izan da beste behin ere. Euroligako lauko finalak ez du hutsik egin, ezta gutxiagorako ere. Bi finalerdiak ezin berdinduagoak izan ziren, eta finalak ere antzera jo zuen. Azkenean, Anadolu Efes berriro txapeldun, bigarren denboraldiz jarraian. Lorpen hori lortzen duen hirugarren taldea da: lehendabizikoa Tel Aviveko Maccabi izan zen 2004 eta 2005 denboraldietan, eta Olympiakos 2012 eta 2013an. Turkiako taldeaz gain, irabazle nagusietako bat Pablo Laso izan da, zalantzarik gabe. Duda asko egon dira Gasteizko entrenatzailearen inguruan azkenaldian, baina arabarrak beti ematen du mailarik onena garairik garrantzitsuenean.

Orain, ACB ligako kanporaketen txanda da. Bitci Baskoniak zabalduko ditu, hain zuzen ere, gaur gauean Valentzia Basketen aurka. Valentziarren aurkakoak lehia zuzenen parekoak bilakatu dira azkenaldian, iazko kanporaketa bera baita honako hau ere.

Azken egunetan, ordea, gehiago hitz egin da datorren sasoiaz aurtengoaz baino. Horrelakoak gara. Ez dugu zerbait amaitu, eta dagoeneko hurrengoan daukagu burua. Kasu honetan, datorren sasoian Baskoniako balizko entrenatzailearengan. Baliteke datorren denboraldiko entrenatzailea izatea aurrean kanporaketa honetan: Joan Peñarroya. Zurrumurruek hori diote, eta Buesa Arenako prentsa aretoraino heldu dira, Neven Spahijaren agerraldira. Hasi da dantza, kantxatik kanpo bada ere.

Arabarren egoera zalantzaz beterikoa da, batek dakielako nondik irtengo diren gaur. Liga erregularreko azken jardunaldietan seguru aritu ziren Spahijarenak, baina kale egin zuten Joventuten aurka; etxean, Buesa Arenan, gainera. Lau garaipenekin jarraian zerrendaburu izateko aukera eskuan izan zuten, baina ez ziren ondo aritu.

Era berean, fase erregularrean ez Baskoniak eta ez Valentzia Basketek ere ez dute elkarren aurkako lehietan etxean irabazi. Zenbakiak oso antzekoak dituzte. Azkenean Valentzia Basketen helburua da Baskonia moduko talde bat bilakatzea; hau da, Euroligako A lizentzia lortzea. Jordi Bertomeu Euroligako zuzendariak argi utzi zuen, «kirol merituak eta emaitzak antzinako kontuak dira». Hala ere, kantxan segituko dugu fokua jartzen, hor dagoelako xarma. Alde horretatik, gasteiztarrek barne jokoa ondo baino hobeto zaindu beharko dute.

Esku artean. Bilbo Basketek ere bere aulkiaren jabea argitu behar du lehendabizi. ACBko bi euskal taldeek liga erregularreko azken partida gazi-gozoa izan zuten. Bizkaitarrek esku-eskuan izan zuten kanporaketetarako sailkatzeko aukera. Behar zituzten emaitza denak aldekoak izan ziren, baina hauek ere kale egin zuten etxean. Aldarte arraroa sortu zen Bilbo Arenan. Asebetetzea eta etsipena, aldi berean. Arraroa oso. Horrelako sari potolo bat eskuan izatea baina ihes egitea mingarria da. Era berean, bilbotarrentzat hori zen, sari bat, helburua betea baitzuten: ACB ligan beste urte batez segitzea. Hori da benetako saria. Ez dute hori ahaztu behar, are gutxiago lehen bost jardunaldiak galdu ondoren. Lehen garaipena eskuratzen azken taldea izan zen.

Jaisteko postuetan borrokan dagoen talde guztien betebeharra da etxean sendo mantentzea, eta hori izan da Bilbo Basketen gakoa: zortzi garaipen erdietsi zituen jarraian Miribillan. Horrek bideratu zuen beheko postuetako azken partidetako sufrikariorik ez izatera. Nahikoa izan zuten aurreko sasoian. Damien Inglisen etorrerak goitik behera aldatu zuen taldea, jokalari fisiko bat edukitzea zelako gakoa, zalantzarik gabe.

Udan jokatzen da Bilbo Basketen moduko taldeentzako partidarik garrantzitsuena, kantxatik kanpo, bulegoan. Rafa Pueyok lana du beste behin, eta aulkitik hasita, begia zorrotz izan beharko du kirol zuzendariak.

Azken jardunaldian lortu zuen ere Iraurgik bere helburua, beste denboraldi batez Espainiako bigarren mailan aritzea—UrrezkoLEB liga—. Azpeitiko kiroldegia txiki geratu zen bertaratu ziren 1.300 zaleentzat. Zilarrezko LEBeko finala jokatu zenean ere antzekoa giroa zegoen, finala baitzen ere, baina zeharo desberdina oraingo honetan. Horiek horrela, Azpeitiak eta Azkoitiak gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak dituzte bigarren mailan. Elitetik gertu-gertu. Talde gutxik esan dezakete hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.