mikel reina
HIRUKOTIK

Foku mediatikoa

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euroligako lehen jardunaldiak argi utzi zuen 2022-2023ko denboraldia oso gogorra izango dela. Inoizko gogorrena? Ezin daiteke urtero esaldi bera erabili, azkenerako sinesgarritasuna galtzen baitu. Txapelketa irekia izango dela esango nuke, lehiatua. Hala ere, faborito argiak daude.

Merkatua. Adibidez, Anadolu Efes. Txapelduna da, ez du pieza garrantzitsurik galdu, eta izarrak erakarri ditu. Azken batean, Errusiako taldeek ez jokatzeak bestelako jokalarientzako ateak zabaltzen ditu. Asko ordaindu behar zaio jokalari bati bakarrik VTB ligan aritzeko, Europako lehiaketetan parte hartu gabe. Horrela indartu da Turkiako taldea Will Clyburnekin; Europako hegalekorik onenetakoa da estatubatuarra. Kontuan izan behar diren aldagaiak dira.

Beste horrenbeste esan daiteke Real Madrilez eta Mario Hezonjaz. NBAn minutuak nahi baina gutxi jokatzen dutenek arreta bereganatzeaz gain, haien buruari erakutsi nahi diote onenen artean tokia dutela. Eta hori ez da lortzen Errusiako Ligan jokatzen. Gainera, jokalari horiek ez dute diru arazorik.

Baskoniaren eta Valentziaren arteko partidan agerian geratu zen jokalari askorentzako, eta entrenatzaileentzako ere, lehen partida zela Euroligan. Handia da jauzia, zentzu denetan, ez bakarrik joko mailagatik, baita fisikoki edo mediatikoki ere. Ezin daiteke esan partida ona izan zenik: akats asko egon ziren, urduritasunagatik batzuk, eta lanketa faltagatik beste batzuk. Bi taldeek huts asko egin zituzten 4,60 metroko marratik: jaurtiketa libreen erdiak sartu zituzten, eta beste erdiak huts egin.

Bi egitasmo berri dira Gasteizkoa eta Valentziakoa, eta ziur nago aste batzuk geroago jokatuko balute askoz neurketa hobea izango litzatekeela. Azkenean, ikusgarritasuna ziurtatuta egongo litzateke, bi taldeek erasorako joera nabarmena baitute. Hain zuzen, gaur-gaurkoz, hori da arazoetako bat Baskonian: jabetzaren lehen segundoetan abantaila baliatu ezean, gehiago kostatzen da sistemen bidez jaurtiketa onak egiteko aukera topatzea. Elkarrekin entrenatu eta jokatu behar dute hobera egiteko.

Normala da hori, denboraldia hasi besterik ez baita egin. Arabarrentzat pozgarria izan zen Darius Thompsonen eta Maik Kotsarren estreinakoa. Estatubatuarrak gora egin du urtetik urtera, eta argi utzi du prest dagoela maila gorenean aritzeko. Pase bikainak eman zizkion estoniarrari. Horri esker, lehen jardunaldiko jokalari onena izan zen Kotsar. Hala ere, Valentziak ez du barneko jokorik indartsuena, eta ikusteko dago parean kilo eta zentimetro gehiago dituenean halako zenbakiak lortuko dituen.

Bestelakoan, Partizanen eta Virtusen proiektu handiek lehen muturrekoa jaso zuten. Horiek ere bide luzea dute aurretik, baina helduko dira. Galdera da noiz egingo duten, eta beranduegi egingo duten edo ez. Partizan izango da gasteiztarren hurrengo aurkaria, ostiralean, Buesa Arenan. Azterketa ona izango da.

Estrategia aldaketa. Hala ere, badaude fokutik kanpo distira egin nahi dutenak; interesengatik betiere. Victor Wembanyama saskibaloi munduko izenik sonatuena izan da aurreko astean. Frantziarra 2023ko draft-ean lehen postuan aukeratua izateko hautagai nagusia da. Udan, Asvel utzi zuen, Levalloiseko Metropolitans 92 taldera joateko. Mugimendu arraroa da Euroligan estreinakoa egin ostean, are gehiago kontuan hartuta haren taldeak ez duela Europan jokatzen. Lan kargak kontrolatu nahi zituen frantziarrak, eta aldi berean taldeko izar bakarra izan. Euroligako egutegia gogorra da oso, eta zalantzarik badago Wembanyamarekin, haren fisikoagatik daude. Ez erratu, dohain denak ditu, baina hain gorputz bereziak, 2,20 metro da luze, lesionatu gabe zenbat iraungo duen ez da erraza jakiten.

Gainera, haren merkatua AEBetan dago: bertan jokatu ditu bi partida, eta ESPN kanalak eskaini ditu; gainera, erakustaldiak eman ditu. Bere All Star-a ere antolatu du; aste barruan ez jokatzearen beste abantaila bat da. LeBron Jamesek ere hartaz hitz egin du. Zeresan handia eman du Scoot Henderson aurkariarekin izan duen lehiak. Beste estrategia bat da Wembanyamarena, ezohikoa. Luka Doncic Euroligako jokalaririk onena izanda aurkeztu zen draft-era, eta bosgarren izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.