mikel reina
HIRUKOTIK

Barne kodeak

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez da seinale ona izaten entrenatzaileak protagonistak izatea. Taldea esperotako mailatik behera dagoenean, lehen begirada beti doa aulkira. Aldaezina da. Izan daiteke erruduna, baina inoiz ez da bakarra, eta are gutxiago errudun nagusia. Baina kateko piezarik hauskorrena da, apurtzen errazena. Oraingoan, ordea, ez da albiste izan kargugabetu dituztelako.

Eskubideak dituzte. Euskal entrenatzaile bat denen ahotan egon zen joan den astean: Roberto Iñiguez de Heredia Perfumerias Avenida taldeko teknikari gasteiztarra. Iskanbila handia sortu du, baina, agian, emakumezkoen saskibaloia izateak eragin du oharkabean pasatzea. Horretan ere, onerako eta txarrerako, bide luzea dago egiteko oraindik.

Ospe handiko entrenatzailea da Iñiguez de Heredia; Europako onenetakoa. Lortutako tituluek ospe hori berretsi besterik ez dute egiten: Euroligako azken hamar Lauko Finaletatik zortzitan egon da, eta Espainiako, Hungariako eta Turkiako ligak irabazi ditu.

Baina jenioek eromen puntua izaten dutela diote. Eta hura oso lehiakorra da, mugaraino. Maiatzean, 2025era arte luzatu zuen kontratua Perfumerias Avenidarekin: proiektu handia sortu nahi zuen Salamancako taldean (Espainia). Denak egin du eztanda egun batetik bestera. Zelan, gainera. Denak Euroligako lehen jardunaldiko Cukurovaren aurkako partidan egin zuen eztanda, era publikoan betiere. Bide batez, aipu txiki bat: bai, Turkiako taldea da, aurreko sasoian Lointek Gernika Bizkaiari gorriak eta bi pasarazi zizkiona. Eta bai, Salamancan (Espainia) ere iskanbila sortu zuen: intoxikazioa salatu zuten, eta, gero, ezerezean geratu zen. Baina berriro ohar ofizialak tarteko. Beti berdin. Erraz nagusitu zen Perfumerias Avenida, baina, hala ere, epaileekin haserre amaitu zuten taldeko kideek, eta azken minutuan Iñiguez de Herediak klubeko presidentea eta jabea zeuden palkora begiratu, eta zerbait esan zuen.

Zergatik? Bertsio ofizialaren arabera, taldeko fisioterapeuta zen arazo nagusia. Sasoi honetan aldatu dute, eta jokalariak, antza, ez daude gustura. Baina askoz haratago joan zen dena. Presidenteak eta jabeak entrenatzaile gasteiztarrarekin bildu nahi zuten, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Prentsaurreko bat antolatu behar izan zuten haiekin «hitz egitera ateratzeko». Adierazpen entzutetsuak atera ziren mikrofonoetatik: «Entrenatzaileak entrenatu egin behar du, besterik ez»; eta «ilusioa galtzen hasi gara, kostatzen zaigu partidak ikustera etortzea. Lehen, pentsaezina zen».

ACBko kluben sarrerak emakumezkoen saskibaloian berregituraketa handiak ekarri ditu. Betidanik hiri edo herri txikietako taldeek parte hartu izan dute. Orain, Valentzia, Zaragoza edota Estudiantes sartu dira. Egoera erabat aldatu da; ez bakarrik diru kontuengatik, instalazioengatik batez ere. Horrekin kexu dago Iñiguez de Heredia. Kontratu berrian baldintza batzuk zehaztuko zituen, eta ikusten ari da ez direla betetzen ari. Bere eskubidea da, entrenatzaileek ere bai baitituzte, kontrakoa dirudien arren.

%5. Aldagela barruko gaiak bertan geratzen dira, gutxitan irteten dira. Iñiguez de Herediak berak aitortu zuen aldagelan gertatzen direnen «%5 bakarrik» ateratzen direla, eta «%95» barruan geratzen direla. Ime Udokaren kasua dago NBAn. Lankide batekin izandako harremanengatik 2022-2023ko sasoirako kargugabetu zuen Boston Celticsek. Aldagelako barne arauak apurtu zituela izan zen bertsio ofiziala. Horrelako lehen kasua da munduko ligarik onenean. Auskalo zer pasatu ote zen. Entrenatzaile zen lehen aukeran Udokak NBAko finaletarako sailkatu zuen Boston Celtics. 2012tik ez zegoen azken kanporaketan.

Beste aukera bat emango diotela dirudi. Azkenean, aldagela bakoitzak bere arauak ditu, eta Brooklyn Netsekoek onartu egiten dute. Steve Nash kaleratu eta gero, hautagai nagusia da. Kyrie Irving dagoen aldagela batean arauek ikustekoak izan behar dute. Behintzat mezu antisemitak ez dituzte onartzen. Antolatzaileak ez ditu zuzendu iragan asteko adierazpenak. Bost partidako zigorra ezarri dio taldeak jokatu gabe eta soldata barik. Horrez gain, Adam Silverrek Irvingekin hitz egin duela esan du. Zuzendarien bulegora jotzen duen umea bezala. Hori baita azken batean Irving: heldu baten gorputzean bizi den haurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.