mikel reina
HIRUKOTIK

Hautaketak

2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Pierria Henryren egoeraren inguruko iritziren edo hausnarketaren baten zain dagoenak jai du zutabe honetan. Baskoniaren adierazpen ofizialak ezer gutxi argitu zuen, eta horrenbestez, ez jakintasunaren aurrean, hobe da isilik egotea. Zalantza gehiegi daude, eta ziurtasun gutxi. Agerikoa den gauza bakarra dago: Buesa Arenaren babesa antolatzaileari, taldeko maila guztietatik. Zerbait ondo egin duen seinale. Ezin da gehiago esan.

Primitiboak. Azkenean, Baskoniak berak ere indartu egin behar izan du. Euroligako talde gutxienetako bat izan da orain arte fitxaketak egin ez dituena. Bestelako egoera batean izan da, baina gasteiztarrek ere merkatura joan behar izan dute. Txapelketak denboraldiko une erabakigarri batean murgiltzen ari dira kirol guztietan. Denek indartu nahi dituzte taldeak, horrek taldea bai edo bai indartuko balu bezala. Ez da horrela, ezta gutxiagorako ere. Kontrako emaitza ere izan dezake. Ez da erraza sasoi erdian talde baten sartzea, rolak banatuta daudenean, baita minutuak ere. Bakoitzak, azken batean, bere interesak defendatzen ditu. Gizakion sentipen primitibo bat da.

Azken batean, denok nahi dugu onena, baina gutxi batzuek lortzen dute. Denek egon nahi dute, esate baterako, sailkapeneko lehen postuetan, baina gutxi batzuentzako bakarrik dago lekua. Emakumezkoen Euroligan hiru jardunaldi bakarrik falta dira ligaxkako lehendabiziko fasea amaitzeko, eta gizonezkoetan bezala, hemen ere berdintasuna da nagusi. Batez ere B multzoan, Girona eta Avenida dauden horretan. Bi garaipeneko tartea dago bakarrik lehen sailkatuaren eta seigarrenaren artean. Espainiako ligan, bi taldeak berdinduta daude, laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren, kataluniarrak final laurdenetarako sailkatuta daude gaur egun, Salamancakoak kaleratuta. Hain zuzen ere, lehen lau sailkatuek bakarrik egiten baitute aurrera final-laurdenetara. Aurten, gainera, gainontzeko taldeek ez dute beste sasoi batzuetan bezala Eurokopan jokatuko.

Klin-Klin

Horregatik, hor ere, mugimenduak etengabeak dira. Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarrak eragin ditu horietako asko. Iñiguez Europako entrenatzailerik famatuenetako bat da, prestigio handikoa, merezita irabazitakoa. Iaz 2025era arte luzatu zuen kontratua Perfumerias Avenidarekin. Baina denboraldi bete-betean taldea utzi du, Cukurova taldera joateko. Turkiako taldea Lointek Gernika Bizkaiaren amesgaizto izan zen duela urtebete pasatxo. Entrenatzaile aldaketak bestelako mugimenduak ere eragin ditu, dominoko piezak bezala jausi dira. Iñiguezek Aleksandra Crevendakic eraman du, baita Gernikan eta IDK-n jokatu zuen Laura Cornelius ere.

Errusiako taldeen hutsunea asko nabaritzen ari da Euroligan, Ekaterinburgena batik bat. Izan ere, urtero-urtero munduko jokalaririk onenak elkartzen zituen. Norbaitek hartu behar zuen haren tokia, ezin daiteke leku hori hutsik geratu, eta Fenerbahcek hartu du. Bi porrotekin hasi zuten denboraldia, baina fitxaketak heldu ahala gora egin dute turkiarrek. Kasu honetan, ia ezinezkoa da txarrera joatea: hurrengo bederatzi partidak irabazi dituzte. Urtarrilean Breanna Stewart eta Satou Sabally heldu ziren, eta otsailaren 15etik aurrera helduko da Courtney Vandersloot. Hungariako pasaportea duen estatubatuarrak, Sopron talde hungariarrerako zuen hitzartua kontratua, baina azken unean erabakia aldatu du. Diruaren hotsa akaso. Valencia Basketek ere merkatura jo beharko du Rebecca Allenen lesioaren ondoren.

Pertsonalki, horrelako izar metaketak ez ditut gustuko. Sentsazio hori are gehiago areagotzen da NBAko izarren gauarekin. Ez da loa kentzeko arrazoi bat. Aurten, berritasun moduan, ez dituzte taldeak jakinaraziko partida hasi baino aurrera arte. Hurrengokoak dira hasierako boskoteak, Ekialdean Giannis Antetokounmpo kapitaina, Kevin Durant, Kyrie Irving, Donovan Mitchell eta Jayson Tatum eta Mendebaldean LeBron James kapitaina, Stephen Curry, Luka Doncic, Nikola Jokic eta Zion Williamson. Kapitainek egingo dute jokalarien hautaketa. Otsailaren 18ko asteburuan izango da. Baina nik nahiago dut Espainiako Kopa ikusi asteburu horretan. Baskonia bertan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.