mikel reina
HIRUKOTIK

Erregulartasuna

2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Amaiezina. Amaitu da urtarrila, askorentzat urteko hilabeterik gogorrena, bere aldats famatuarekin. 31 egun dira, baino askoz gehiago dirudite. Esan diezaiotela bestela Bilbo Basketi. Luze egin zaie urtarrila bizkaitarrei; badirudi oraindik bertan daudela murgilduta. Ezinezkoa da denboraldiak irauten duen ia bederatzi hilabeteetan erregulartasuna mantentzea; aldagai asko sartzen dira jokoan; kontrolatu ezin diren asko, gainera.

Goi mailako kirolean edozerk aldatu dezake errendimendua. Orain behealdetik hurbil daude, baina Jaume Ponsarnauk bera ohartarazi zuen moduan, «inork ez dezala zalantzarik izan, jaikiko gara». Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea. Txarrena izan daiteke behea jotzeko momentua. Azkenaldian esan bezala, talde bakoitzak sailkapenean bere borroka aurkitzen du. Bilbotarrak, behintzat, borroka estuenetik eta gogorrenetik urrun daude, beheko postuetako hori. Hain zuzen ere, ez dugu ahaztu behar hori zela Bilbo Basketen helburu nagusia denboraldi hasieran. Eta ondo baino hobeto bideratuta dauka hori. Matematikoa izateko oraindik asko falta da. Baina lehen itzulian Manresak, Betisek eta Fuenlabradak hiru garaipen eskuratu zituzten. Zaila izango da hiru talde horiek askoz gehiago lortzea.

Zortzi garaipenekin tarte handia dute bizkaitarrek jaitsierako postuekiko, gora begira jartzeko moduko tokian daude. Kopan sartzeko borrokan egon ziren azken unera arte; zail, ia ezinezko izan zuten, baina aukerekin heldu ziren Palau Blaugranara. Horrek agian taldearen ikuspuntua aldatu ahal izan du. Espektatibak handitu ditu, eta batzuetan arazo bat izaten da. Hankak lurrean izan behar dira beti. Putzutik aterako dira bilbotarrak.

Baskoniak egin duen bezala, azken batean. Urtarrila ere ez da erraza izan Gasteizen. Bertan egiten du inon baino hotz handiagoa,eta akaso Buesa Arenan aurkitu daiteke berotasuna. Pierria Henryren kasuak hotz utzi zituen denak, baina pixkanaka taldea bere onera etortzen hasi da. Baita Max Heidegger azken fitxaketa ere. 13 puntu sartu zituen Zaragozaren aurka. Etxetik kanpo erakutsitako erregulartasun faltaren aurrean, etxean sendo aritu behar dute gasteiztarrek. Euroligako talderik onena da zaleen aurrean jokatzen duenean: bi partida bakarrik galdu ditu. Baina, era berean, sailkapeneko ohorezko postuetan mantentzeko ez da normalean nahikoa izaten; etxetik kanpokoek ezartzen dute aldea. Horregatik, Berlingo edo Milango porrotak gogorrak izan ziren. Izan ere, kanporaketetan sartzeko borroka urrunagotik ikusteko aukera izango zuten. Ostiraleko Zalgiris Kaunasen aurkakoa garrantzitsua izango da.

Gora eta behera. Gaur egun jokalarigutxi daude, talde gutxi batzuekiko fideltasuna mantentzen dutenak. Erregularra izatea, eta horri eustea zaila izaten da, Kyrie Irvingentzat batez ere. Dallas Mavericksen amaituko du denboraldia antolatzaileak, Luka Doncicekin batera. Daily News egunkariak azalean idatzi bezala, «He is your headache now»(Orain hura da zure buruko mina). Kontratua udan amaitzen zaio Irvingi. Hain zuzen ere, negoziatzen ari zen Brooklyn Netsekin. Antolatzaileak ahalik eta diru gehien lortu nahi zuen, beste edozein jokalariren moduan. Negoziazioak ez zihoazen bide onetik; ez, behintzat hark nahi zituenetik behintzat. Azkenerako, kale edo baleko erabakia hartu zuen: lekualdaketa eskatu zuen. Ukaezina da Irvingek duen talentua, bainadoan lekuan arazoak sortzen dituen jokalari horietakoa da. Dena hartzen da kontuan munduko saskibaloi ligarik onenean, ez bakarrik saskibaloi kontuak; asko dago jokoan, zentzu denetan.

Badirudi Irving bere taldean nahi zuen bakarrenetariko bat LeBron James zela. Clevelanden lorturiko eraztuna errepikatu nahiko luke. Etsigarritzat hartu zuen Los Angeles Lakersek antolatzaileagatik egindako apustu txikia. «Talentu handiko jokalaria da; gainera, kantxan oso ondo ulertzen dugu elkar. Asko lagunduko luke eraztuna lortzeko helburua lortzeko», adierazi zuen Akroneko hegalekoak. Ikusteko dago Doncicek ideia bera partekatzen duen ala ez. Batek daki, gorabeheratsua da Irving, denboraldia bezala. Denborak esango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.