mikel reina
HIRUKOTIK

Estralurtarrak

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ez da askotan gertatzen emakumezkoen ligan Avenidak eta Gironak jardunaldi berean partida galtzea; are gutxiago, Valentziaren aurkako neurketarik ez badago. Horrela egon ziren Salamancakoak 1.068 egun partidarik galdu gabe ligan. Errudunak Lointek Gernika eta Kutxabank Araski izan dira, lehendabizikoa Malosten, eta besteak Fontajaun. Hori gutxi ez, eta arabarrek Zaragoza liderra hartu zuten mendean Mendizorrotzan igandean. Asteburu biribila osatu dute. Ez dago gehiago eskatzerik. Made Urietarenak inoiz baino lehiakorragoak dira, eta edozein talderi irabazteko gaitasuna daukatela erakutsi dute.

Pausoak. Asko hitz egin da ligak izan duen garapenaz; maila asko igo da azken urteetan. ACB ligako taldeak sartu direnetik, bestelako taldeek tokia aurkitu dute maila gorenean, eta, bide batez, albo batera utzi herri txikiagoetako talde klasikoak. Orain, adibidez, Zaragoza sartu da. Aragoiko taldea da gaur egun liderra. XXI. mendean, bakarrik sei talde egon dira sailkapenaren lehen postuan 9. jardunaldiaren ostean: Avenida, Girona, Rivas, Ros Casares eta Barça UB. Lehengo eta egungo super taldeak.

Aurten, esate baterako, berdintasun handiagoa dago, talde denek dituzte porrot bat eta garaipen bat gutxienez. Hiru garaipenen aldea dago bakarrik azken aurreko sailkatuaren eta seigarrenaren artean, gaur egun Kutxabank Araski. Horrek pentsarazi dezake batez besteko mailak gora egin duela beste behin, baina ez dut uste hori denik kasua. Argi dagoena da hiru talde gainontzekoen gainetik daudela aurrekontu aldetik, lehen aipatutako hirurak: Avenida, Girona eta Valentzia. Hiru horien eta besteen arteko tartea laburtu da? Bai. Gainontzeko taldeek aurrerapausoa eman dutelako? Nire ustez, ez. Esango nuke hiru talde handiek jaitsi dutela beren maila.

Aurten lehen aldiz, WNBAn jokatzen duten jokalariak derrigortuta daude beren taldeak deitzen dituztenean entrenatzailearen esanetara jartzera. Orain arte Europako txapelketak amaitzen zituztenean bidaiatzen zuten Estatu Batuetara. Talde handiek jokatzen duten txapelketa denetan dute helburu azken fasea jokatzea, baina orain ezingo zuten beren izarrekin jokatu. Horrek bestelako merkatu bat zabaldu du, eta maila, nola ez, jaitsi egin da. Hori da aurtengo desberdintasuna. Gainera, ez dute asmatu amerikarren fitxaketekin. Aldaketak egin behar izan dituzte. Hori da oraindik mantentzen den aldagaia, gaitasuna dute merkatura joateko. Salamancako taldeak azken Munduko Txapelketako boskote onenean sartu zen Bridget Carleton fitxatu du. Katalanek, berriz, Britney Sykes, Sopronekoa. Euroligako txapeldunorde izan da, eta denboraldi hasierako izarretako bat. Biek ala biek ez zuten euskal taldeen aurka jokatu. Valentzia da orain arte mugimendu handirik egin ez duen talde bakarra, Elleana Christinaki Lointek Gernikako eta Kutxabank Araskiko jokalari ohia fitxatu zuten.

Gabonak? Orain denboraldiko garairik gogorrenetariko eta garrantzitsuenetariko batean daude. Geldialdiaren ostean, partidak bata bestearen atzetik pilatuko dituzte: IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak bederatzi jokatuko dituzte, eta Kutxabank Araskik, berriz, zazpi. Hirurek dute Zaragozan jokatuko den Kopan sartzeko helburua, baina zazpi talde bakarrik arituko dira bertan. Hain zuzen ere, abenduaren 27an erabakiko da, eta bati baino gehiagori berandu helduko zaio Olentzeroren oparia. Garrantzitsuena, ordea, heltzea da. Bost partida geratzen dira bakarrik lehen itzulia amaitzeko, eta Lugoren bost garaipenek zehazten dute muga. Gabonak ospatzeko bestelako modu bat izango da.

Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, gainera, Eurokopako azken bi jardunaldietan jakingo dute hurrengo fasera aurrera egingo duten edo ez. Bi taldeek etzi jokatuko dute. Azu Muguruzaren taldea derrigortuta dago Zabiny Brnori irabaztera, aurrera egiteko aukera izaten jarraitu nahi badute. Hirugarren postuan sailkatzea ez dute erraza izango, 12 punturen aldea baitaukate kontra. Anna Montañanarenek, berriz, Estudiantesen aurkako azken partidan jarri dute begia. Malosten lortutako 12 punturen aldea defendatu beharko duteespainiarrek aurrea ez hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.