Arraun Lagunak-ek indarra hartu du Euskotren ligako aurrenekoa irabaziz

Erlojuaren aurkako estropadan azkarrena izan da, Bilbon. Oriori bost segundo atera dizkio

Andrea Astudillo patroia eta Xubane Uribarrena arraunlaria zutik atzo Bilbon, Arraun Lagunaken garaipena ospatzen hasita taldekideekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskotren ligak atzo osatu zuen denboraldi honetako estreinako bidaia, eta Arraun Lagunak izan zen bandera astintzen aurrenekoa. Bilbon egin zuen hori, erlojuaren aurkako estropadan. Oriori bost segundo sartu zizkion, 11 Donostiarrari, eta 20 Tolosaldeari. Iaz liga irabazi eta gero, goi-goiko koskan segitzen du Donostiako taldeak.

Aurreko urteko sailkapen nagusiaren atzekoz aurrerako hurrenkeran egin zituzten lanak. Iaz ez zegoen baina igotzea lortu zuen Tolosaldea izan zen aurrena ateratzen. Donostiarra joan zen gero, eta Arraun atera zen azken. Ura gora zihoala, marea erdia pasatua zela egin zuten arraun. Haizea, dezentekoa: joateko, kontra, eta etortzeko, alde.

Oriok ekin zion indartsuen lanari. Arrauni segundoa sartu ziola ere eman zuten denborek. Donostiarra ez zen urruti, segundo bat gehiago eginez. Hasieratik batere aukerarik gabe Tolosaldea geratu zen. Aurreikuspenak betez zihoazen: bi faboritoak lehen bi postuetan. Donostiarra ere dotore, itxura onena emanez. Ziabogara bidean, ordea, Salveko zubitik haraino, gauzak aldatu egin ziren. Arraunek hartu zuen burua, Oriori lehen lekua kenduz, eta Donostiarra atzerago geratu zen. Tolosaldea ere bai, lehen baino beherago. Arraunek hiru segundo sartu zizkion Oriori ziaboga bakarrean, lau Donostiarrari, eta hamabi Tolosaldeari.

Bueltako luzea eremuaren erditik egin beharra zegoen, itsaslasterraren aldeko indarra baliatzeko. Traineru guztiek hartu zuten norabide hori. Horretan ez zen alderik egon. Traineru bakoitzaren barruan egindako lanean, bai. Haizea etsai izan zuten arraunean ondo egiteko. Arriskua handia izan zen arraunketa galtzeko haizearen eraginez, eta Arraun, behintzat, ondo moldatu zen horretan ere. Oriok eutsi egin zion gutxi-asko lehen zatiko denboretan Arraunekiko, baina ez zuen eman hari bandera kentzeko moduan zenik. Bost segundoko galera ez da handia, baina ezin moztu oriotarrek. Gehiago izan zirela eman zuen.

Donostiarrak 11 galtzeak esan nahi du bigarren luzea luze egin zitzaiela, hainbat arrazoi tarteko. Edo beste biak baino gutxiago ibili zen zati horretan, edo beste biak hauek baino gehiago. Taldearentzat albiste ona izan zen Tolosaldeari atera zion koska: bederatzi segundo.

Gaur bigarrena, Donostian

Atseden hartzeko denbora asko izan gabe, gaur bertan ikusiko dute elkar lau traineruek eta arraunlariek. Donostian izango da (11:40, ETB1), ligako bigarren jardunaldiaren barruan. Gaurkoaren aldean, baldintzak oso ezberdinak izango dira: itsasoan eta lerrokatuta. Kontxako eremuan jokatuko dute, eta horrek ere emango dio berea lehiari, ohi duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.