mikel reina
HIRUKOTIK

Ateak

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Onena. Zalantzarik gabe, esan daiteke Euroligako ediziorik onena dela sasoi honetakoa. Duela lau denboraldi formatua irauli zuten. Partaide gutxiago daude orain: hemezortzi, 24 beharrean. Baina partida gehiago jokatzen dira. 34 jardunaldi ditu ligaxkak, eta denek denen aurka neurtzen dituzte indarrak. Ikusgarritasuna bilatzen zuten, baita lortu ere. Liga erregularra bereziki berdindua izan da. Bartzelona liderraren eta Zenit zortzigarrenaren artean lau garaipeneko aldea besterik ez da egon. Parekotasun hori kanporaketetan islatu da. Txapelketaren historian lehendabizikoz, hiru kanporaketa bosgarren eta azken lehian erabakiko dira. Kanporaketa guztiak izaten ari dira xarma, CSKAren eta Fenerbahceren artekoak izan ezik. Hasi baino astebete lehenengo koronabiruseko zenbait kasu antzeman zituzten talde turkiarrean, eta hainbat kidek, Igor Kokoskov entrenatzaileak barne, ezin izan zuten parte hartu. Hala, bosgarren urtez jarraian errusiarrak Lauko Finalerako sailkatu dira.

Gaur. Beste sailkatuak zeintzuk diren gaur argituko da. Bartzelona oso faborito zen hasiera batean, ligaxkako 34 jardunaldietatik 20tan izan baitzen sailkapeneko liderra. Zenit, berriz, azken partidan sartu zen zortzi talde onenen artean. Jokalariena baino, entrenatzaileen kanporaketa ari da izaten. Xavi Pascual kataluniarrak arbeltxoaren bidez jarri du bere talde ohia presiopean. Duela zazpi urte sartu zen Bartzelona azkenekoz Lauko Finalean, eta Pascual zegoen aulkian.

Kanporaketetan erakusten da entrenatzaileen jarduna. Pablo Laso gasteiztarrak ezinezkoa zirudiena lortu du: Anadolu Efesen kontrako lehen bi lehiak 27 eta 23 puntuz galdu ostean, kanporaketa berdintzea. 50 puntuko aldea lehen bi partidetako historiako alderik handiena izan da. Modu ikusgarrian berdindu du. Real Madrilek etxean jokatutako hurrengo bietan azken bost minutuetara hamar puntu edo gehiagorengatik galtzen heldu zen. Txapeldun izaera zer den. Madrildarren meritua eta Ergin Atamanen meritu eza.

Milanek eta Bayernek ere historia idatzi nahi dute. Lehen norgehiagokan alemaniarrek esperientzia falta sumatu zuten, irabazteko beldurra, eta bazirudien inflexio puntua izango zela. Azken segundoan galdu zuten. Munichen beren onena eman dute, eta Milanera bueltatzeko aukera merezimendu osoz eskuratu dute. Porrot handia litzateke Kolonian ez egotea italiarrentzat, udan eginiko apustuaren ondoren. Kolonian ziur egongo ez direnak zaleak izango dira. Euroligak esperotako albistea eman zuen: Lauko Finala ateak itxita jokatuko da.

Ezohikoa. Kanpotik baino, barrutik ateak itxita dituztenak Bilbo Basketeko kideak dira. Regimantas Miniotasen positiboari beste bi gehitu zaizkio. Hau da, ACBko protokoloaren arabera, hiru kasutik aurrera koronabirus agerraldia da, eta hamar eguneko konfinamendua ezartzen da automatikoki. Baskoniak ondo daki zer den hori, duela astebete bost kasu izan baitzituen. Egoera hau bizi duen beste gasteiztar batek hartu zuen hitza. Ibon Navarrok prentsaurrekoa antolatu zuen ligako egutegia salatzeko. Andorrakoek bederatzi partida dituzte hemeretzi egunetan. Berez, fase erregularra maiatzaren 16an bukatu beharko litzateke, baina baliteke gaur bertan amaiera atzeratzea. Beste aldean Ettore Messina Milaneko entrenatzaileak ez zuen «bidezkoa» ikusten Euroligako kanporaketetan ligako partida jokatzea tartean. Anadolu Efesek berea atzeratu zuen, Bartzelonak atsedena zeukan, baina gainontzekoek jardunaldia izan dute asteburuan. Gurera itzuliz, adibidez, eman daiteke Bilbo Basket kantxara itzultzen denerako ia jaitsita egotea. Aurkarien emaitzen araberakoa da, batez ere Estudiantesenak, Baina gutxienez bost partidetatik hiru irabazi beharko ditu, eta baliteke denak irabazi beharrean egotea.

Ezohiko egoerek ezohiko uneak dakartzate. Apirilaren 29ko 21:45 zen Salamancan Avenida eta Valentziaren arteko Ligako finaleko lehen partida luzapenera joan zenean. Segundo gutxitan Wurzburg pabiloia hutsik geratu zen. Bertan 22:00etan dago ezarrita etxeratze agindua, eta zeuden 700 ikusleek ezin izan zuten partida amaiera zuzenean ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.