mikel reina
HIRUKOTIK

Joker

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gutariko bat. Kirola oso ezberdina da bizitzen duzun ikuspuntuaren arabera. Kirolaria izan zaitezke, entrenatzailea, zalea edo ikusle soil bat. Azken horiek talde edo jokalari baten alde jartzeko joera izan ohi dute. Bizigarri pixka bat ematearren. Emozioa azken finean. Talde edo jokalari batekin identifikatuta izateko joera ere badago. Askotarikoak izan daitezke arrazoiak. Ideologikotik geografikora, baita fisikoa ere, zergatik ez. Azken horiek normaltasunetik ateratzen direnak dira, lurtarrak diruditenak. Horietako bat Denver Nuggetseko Nikola Jokic da. Gutariko bat da. NBAko 2020/2021 denboraldiko jokalari onenaren saria irabazi berri du. Super kirolarien gorputz idilikotik urrun dago, eta normaltasunetik irteten den hori da justu erakargarri bihurtzen duena. Txikitan egunero hiru litro freskagarri edaten zituela aitortu du behin baino gehiagotan. Tripatxoa izan duen horietakoa da serbiarra, nahiz eta orain inoiz baino finago dagoen. Fisikoki edozeinen modukoa da, baina 2,11 metroko altuerarekin hori bai. Ez ditu tatuajeak, ez da bizkorra, ez ditu etengabe giharrak erakusten. Ezberdina da. Burua gorputza baino azkarrago doakio pibotari.

Hirugarren urtez jarraian europar batek irabazi du NBAko jokalari onenaren saria. Azken biak Giannis Antetokounmpok eta orain Nikola Jokicek. Beste erlazio bat ere badago bi jokalari hauen artean. Orain arte greziarra izan da Drafteko posturik altuenean MVP saria lortu duen jokalaria, Steve Nashekin batera. 2013ko Drafteko 15. postuan irten zen greziarraren izena eta 1996an kanadarrarena. Nikola Jokic, aldiz, 2014an 41. postuan aukeratu zuten Denver Nuggetsek. Hau da, beste biak baino 26 postu gorago .

Onenak. Aldagai hori ez da serbiarraren sari hau berezia egiten duen arrazoi bakarra. Atleten saskibaloia da gaur egungoa; jokalari txikiena alegia. Pibotaren figura ia desagertuta dagoenean, jokalari onenaren garaikurra zeini eta pibot bati eman diote. Liga erregularreko MVPa jaso zuen azken pibota Shaquille O´Neal izan zen 1999/2000 denboraldian. Orduz geroztik denak jokalari txikientzako. Akaso salbuespenak Tim Duncan, Kevin Garnett eta Dirk Nowitzki izan daitezke, baina hegal-pibotak ziren batik bat. Horrez gain, Jokic piboten gorputzean eta posizioan jokatzen duen antolatzaile bat da, bai bere buruarengatik, baita bere estiloarengatik ere. Ez da adibidez, O´Nealen estilo indartsukoa. Nahi zuena egiten zuen estatubatuarrak zona barruan, geldiezina zen. Jokic bere pasei esker da ezberdina, inork baino arinago eta hobeto ikusten ditu zuloak eta taldekideak. Denver Nuggetsen joko estiloa berari moldatuta dago, baloi gabeko etengabeko mugimenduekin. 26,4 puntu, 10,8 errebote eta 8,3 asistentzia eskuratu ditu batez beste denboraldi honetan. Partida guztietan. Hau baita beste arrazoi bereizgarri bat: den-denak jokatu ditu. Harrigarria badirudi ere, MVP saria irabazi dituzten azken hamabi jokalariek liga erregularreko lehiaren bat galdu zuten. Denak jokatu zituen azkena Kobe Bryant izan zen 2007/2008 denboraldian.

Nikola Jokicek eta Giannis Antetokounmpok azken aldagai bat dute berdintsua: Liga erregularreko onenak dira, ez kanporaketakoak. Serbiarra dagoeneko oporretan dago igandean Phoenix Sunsen aurka laugarren partidan galdu ondoren mendebaldeko konferentziako finalaurrekoetan. Egiari zor, Jamal Murrayen hutsunea asko nabaritu dute Nuggetsek. Hala ere, jokalari onena edukitzeak ez du talde bat onenean bilakatzen. Agian sari hau kanporaketak amaitu ondoren banatu beharko zen. Euroligan eta EuroCupen NBAn bezala egiten da. MVP denak serbiarrentzako izan dira. NBAan Nikola Jokic, Euroligan Vasilje Micic eta EuroCupen Milos Teodosic.

Hirurak daude Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aurretiazko txapelketako Igor Kokoskov hautatzailearen zerrendan. Haiekin batera, besteak beste, Bogdan Bogdanovic, Nemanja Bjelica edota Boban Marjanovic. Ekainaren 29tik eta uztailaren 9ra bitartean banatuko dira Jokoetarako azken lau txartelak. 24 herrialde arituko dira. Jokalari bikainak beren selekzioekin: Luka Doncicen Eslovenia, Giannis Antetokounmporen Grezia edota Andrew Wigginsen Kanada daude tartean, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.