mikel reina
HIRUKOTIK

Udako lanak

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Igandean Santurtzin Bilbo Basketek 93-68 irabazi zion Baskoniari Euskal Kopan. Bizkaitarrek larunbatean ekingo diote ACB ligari, Joventuten kantxan. Arabarrak, berriz, gaur Sibiu Errumaniako taldearen kontra Diputazio txapelketan aritu ostean, Valentziako Fontetan ariko dira larunbatean. Bi helburu oso ezberdin dituzte, baina biek ala biek asko eskertuko dute zaleen itzulera pabiloietara.

Oreka. Udak lasaitzeko izan ohi dira. Ez, ordea, Buesa Arenan. Urtero legez, zurrumurruak ez dira falta izan bulegoetan, NBAko deiak, besteak beste. Azkenean pozik dago Dusko Ivanovic, berak nahi zuen taldea lortu baitu. Aurreko sasoikoa baino gehiago egokitzen da bere jokamoldera. Antolatzaileak eta pibotak funtsezkoak dira Montenegrokoaren filosofian, blokeo zuzenaren maitale sutsua baita. Entrenatzaileak barruko eta kanpoko jokoaren arteko oreka aurkitu beharko du. Denak dira fitxaketak: Jayson Granger eta Wade Baldwin, Pierria Henryren eta Luca Vildozaren ordez, eta Matt Costello, Steven Enoch eta Landry Nnoko, Tonye Jekiriren, Youssoupha Fallen eta Achille Pollonaren lekuan.

Bi antolatzaileak Alemaniako Ligan aritutakoak dira, biak ala biak oso fisikoak. Grangerren bigarren aldia da Buesa Arenan, eta behin lesioak ahaztuta taldeko burmuina izan beharko du. Baldwinen lana, berriz, jokoa sortzarena izango da, bere abiadurari esker defentsak bere inguruan itxi beharko dira. Ertzetan egongo dira prest Baskoniaren jaurtitzaileak, asko eta bikainak. Batzuetan, fitxaketarik onena jokalari baten jarraitzea da. Rokas Giedraitisek NBAra joateko eskaintzak izan ditu, baina Gasteizen geratu da. Aurrerapausoa eman beharko du. Arabarrek maila oso altuko kanpoko lerroa osatu dute Vanja Marinkovicen eta Simone Fontecchioren etorrerarekin. Serbiarra Valentzian izan ez zuen garrantziaren eta minutuen bila heldu da. Italiarra, berriz, epe laburrean Euroligako hegalekorik onenetariko bat izango da. Buesa Arena da bere erakusleihoa. Barneko jokoan Ivanovicek hainbeste maite dituen pibot mugikor eta gihartsuak eskuratu ditu. Landry Nnoko uztaiaren gainetik bizi den horietakoa da. Steven Enochek Baskoniaren zonakaldeko enegarren harri bitxian bilakatu nahi du. Azkenik, Matt Costellok hegal-pibot zein pibot postuetan joka dezake, Pollonarak egiten zuen bezala. Ivanovicek ere topatu du edozein gerrara eramango duen jokalaria: Tadas Sedekerkis.

Uzta. Eraberritu edo hil. Hori dio betiko leloaren betiko leloak. Bilbo Basketen beharrezkoa zen. Bizkaitarrek udan jokatzen dituzte beste urtebetez ACB ligan mantentzeko aukeretako asko. Iaz Rafa Pueyo kirol zuzendaria ez zen fin ibili fitxaketak egiten. Igoera lortu zutenetik, lehen denboraldian uzta ona izan zen, eta bigarrenean eskasa. Ikusi beharko da nolakoa den hirugarrena. Hiru saskiratzaile eta zutabe nagusiak galdu ditu Alex Mumbruk: Ondrej Balvin, Jaylon Brown eta John Jenkins. Entrenatzaile katalanak galdu ezin duena borrokatzeko sena da. Euskal Kopan erakutsi zuten lehiakortasunari eustea dela helburu nagusia, edonoiz eta edozeinen kontra. Iaz ez zuten zorterik izan hainbeste lesio eta konfinamendurekin. Ea aurten zorte hobeagoa duten.

Bilbo Basketek bere fitxaketa eremuak ustiatzen jarraitu du. Alde batetik, Frantziako Ligatik Valentin Bigote ekarri dute Jonathan Roussellek emandako emaitza onak ikusita. Bestetik, Urrezko LEB liga ondo miatzen dute bilbotarrek, eta aurten Alex Galan fitxatu dute, Alejandro Reyesek edo Sergio Rodriguezek utzitako zapore gozoaren ostean. Azkenik, Lituaniako Ligatik Gitis Masiulisek eta iaz denboraldi erdian heldutako Regimantas Miniotasek NBAra joandako Arnoldas Kulbokak utzitako lekua bete beharko dute. Aldea egin behar dutenak, ordea, atzerritarrak dira. 2020-2021 sasoian bilbotarrek saskiratzaile baten beharra izan zuten Jenkins heldu zen arte, eta haren ordez Andrew Goudelock ekarri dute. Mini mamba ezizenarekin ezaguna dela esatearekin nahikoa da eman dezakeenaren berri izateko. Pibot postuan, berriz, bi jokalari oso ezberdin daude: Jeff Withey, garaia eta motela; eta Angel Delgado, gihartsua eta bizkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.